ATZO aurkeztu zen Udaletxeko areto nagusian Hernaniko txotx denboraldi berria eta bertan izan ziren Hernaniko Txotx Mahaia osatzen duten eragile guztien ordezkariak: Luix Intxauspe alkatea, Koro Etxeberria zinegotzia eta Gurutze Amigorena teknikaria, Hernaniko Udaletik; Kaxko Elkartearen izenean, Alberto Blanco; Berriak Elkarteko Mertxe Jimenez; eta Ibon Alkorta eta Jon Peña sagardogileak.
Haiek iragarri zuten giltzapean gordeta zuten sekretua, alegia, nor izango den aurtengo irekierako omendua: Oskorri taldea.
1971ean sortu zenetik, Euskal Herriko talde garrantzitsuenetakoa izan da Oskorri, eta 2015ean albiste izan da, azaroan eman zutelako haien azken kontzertua.
Irekiera, datorren larunbatean
Duela zenbait aste aurreratu zuten, aldiz, Hernaniko txotx irekiera ekitaldi ofiziala urtarrilaren 16an egingo dela, eguerdiko 13:00etatik aurrera. Ekitaldia egiten hasi zirenetik, larunbatean egiten den aurreneko aldia da. Urtero bezala, aurten ere, Astigarragakoaren ondoren izango da (bertan, urtarrilaren 13an egingo baita).
Sentsibilizazio-kanpaina, «gertaerak saihesteko»
Irekiera egunaren aldaketa ez da aurtengo txotx denboraldiak izango duen berrikuntza bakarra. Hernaniko Udalak, Txotx mahaiko beste eragileekin batera, sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko du abian denboraldiaren hasierarekin batera. Hernanin gozatu, eta arduraz jokatu lelopean, jarriko dira kartelak komertziotan, flyerrak banatuko dira sagardotegietan, lonak jarriko dituzte Hernaniko kaleetan zehar... Luix Intxauspe alkateak azaldu duenez kanpainaren arrazoia «kanpotik jasotzen ditugun bisitariak modu onenean jasotzea, eta hernaniarren bizi kalitatea bermatzea» izango da. Intxauspek azaldu duenez, Udaltzaingoarekin eta beste eragileekin lan egiten dute, eta ondorioztatu dute «indar berezia jarri behar dela kalean gertatzen diren gauzak saihesteko, eta eskatzen dugun errespetu hori adierazteko».
Ildo beretik, Kaxko Elkarteko Alberto Blancok adierazi du sentsibilizazio-kanpainaren alde egiten duela, baina, «hori gutxi bada, Legearen ezarpenean Udalak irmo jokatzeko» eskatu duela.
Horrez gain, urteroko neurriak hartu dira Udaletik, hala nola: Udaltzaingoaren antolaketa aldatu eta errefortzatu da kaleko presentzia areagotzeko asmoz; komun publikoen zerbitzu berezia jarriko da; aparkalekuak gehitu edota egokituko dira; eta autobus zerbitzu berezia antolatu da.
Hernanin gozatu, eta arduraz jokatu lelopean, sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko da abian.
Pintxotx, beste nobedadea
Hernaniko eta Astigarragako Udalak, Berriak Elkartearekin elkarlanean, Pintxotx Lehiaketa antolatu dute, Astigarragako irekierarekin hasi eta Hernanikoarekin bukatuko den pintxo lehiaketa. Hernaniko eta Astigarragako taberna batzuetan egingo da, eta sariduna Hernaniko irekiera-ekitaldian jakinaraziko da.
Berriak Elkarteko ordezkari Mertxe Jimenezek azaldu zuenez, «Hernani eta Astigarraga herriak eta bi txotx irekierak lotzeko aurrerapauso bat da Pintxotx lehiaketa».
Biharko Kronikan emango da Pintxotx lehiaketa izango denari buruzko informazio zabalagoa.
«Hernani eta Astigarraga herriak eta bi txotx irekierak lotzeko aurrerapauso bat da Pintxotx».
Kronikak, ale berezia datorren larunbatean
Datorren larunbatean, urtarrilak 16, Urumeako Kronikak ale berezia argitaratuko du Hernani eta Astigarragako aurtengo txotx denboraldiaren zehaztasunekin.