Bere indarra erakutsi zuen Hernaniko Pelota Elkarteak, Euskal Herriko Torneo Nazionalaren estreinakoan, aurreko larunbatean. Iruñako Oberena taldearen kontra tokatu zaie aurreneko kanporaketa, eta joanekoan, Iruñan, hiru partiduak irabazi zituzten hernaniarrek. Gaur dute bueltakoa, 16:30etan Hernaniko frontoian, eta nahikoa dute partidu bakarra irabaztea, aurrera egiteko.
Taldeka jokatzen den torneo pribatu bakarretakoa da, eta 21 talde lehiatuko dira aurten, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroakoak. Senior mailako pelotariek soilik jokatzen dute, eta hiru modalitatetara jokatzen da kanporaketa bakoitza: buruz buru, lau t’erdian eta binaka.
Lau pelotari, lehian
Lau pelotari izango ditu Hernanik, txapelketako jardunaldi bakoitza lehiatzeko. Aurrenekoan, Paul Ojuel, Markel Lizeaga, Ioritz Arrieta eta Eneko Aizpitarte izan ziren protagonistak, eta ezin hobeto moldatu ziren. Ojuel aritu zen lau t’erdian, Ansaren kontra, eta partidu oso serio jokatu zuen, pelotari abiadura haundia emanez eta bikain errematatuz. 18-6 nagusitu zen hernaniarra.
Buruz burukoan, berriz, lehiatuagoa izan zen partidua. 2-8 hasi zen galtzen Lizeaga, Garciaren kontra, baina pelota aldatu eta dominatzen hasi zen, ondo sakatuz eta dejada ederrekin bukatuz. Azkenean, 18-14 irabazi zuen. Eta binaka, aukerarik ere ez zieten eman Arrietak eta Aizpitartek, Garcia eta Etxegoien nafarrei. Erraz nagusitu ziren (22-9).
Marjina, aldaketak egiteko
Hiru garaipen horiekin, eta 31 tantoren aldearekin, aukera izango du Hernanik, aldaketak egiteko, gaurko partiduei begira. Horrela, Ojuel bera ariko da lau t’erdian berriro, baina Ander Lopezek edo Ekaitz Cisnerosek jokatuko du buruz burukoa; eta Oier Apezetxea ariko da Aizpitarterekin, binaka.
Elkarteak zale guztiei eskatu die frontoira gerturatzeko, pelotariak animatzera: «esperantza haundia daukagu, txapelketa berri honetan lan polita egiteko».