Burbunak eta etsayak dokumentala aurkeztuko dute datorren larunbatean, Ereñotzun. Izena bera dezifratu nahian, dokumentalaren funtsa zein den jakin nahiko du batek baino gehiagok; eta ez dabil oso urruti. Izan ere, izenak berak ondo erakusten du dokumental honen balioa: hizkuntza eta natura uztartzen ditu, balio erantsia emanez. Landare eta animaliei buruzko corpusa osatzeko helburuarekin hasi zuten proiektua Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadik, eta 70 elkarrizketa inguru egin dituzte, guztiak, Hernanin eta hernaniarrei. Dokumental honetan, 25 protagonista bildu dituzte, adin eta auzo edo bailara ezberdinetakoak, baina guztiak oinarri eta lotura berdina dutenak: naturarekin harreman haundia mantentzen dute, oraindik.
Bi urte, grabazioekin hasi zirela
Bi urte dira, proiektua martxan jarri, eta aurreneko grabazioekin hasi zirela. Proiektuaren berri izateko, Eñaut Agirrerekin bildu da Kronika; Doberako kidea eta dokumentalaren egileetako bat da Agirre. Kronikari azaldu dionez, herriko bailara ezberdinetan, naturarekin kontaktuan zeuden herritarrak elkarrizketatu zituzten, landare eta animaliei buruzko Corpusa egiteko bidea ekinez: «garai batean normalagoa zen naturarekin bizitzea, eta gaur egun badira, oraindik ere, hala bizi direnak; hauengana jo genuen. Natura ezagutzen dute, guk gure herriko kaleak ezagutzen ditugun bezala. Eta hor, sekulako aberastasuna dago. Patrimonio edo ondare bat da herritar hauek naturarekiko duten jakintza; eta horrek utzi duen hizkuntza. Hizkuntza hori erabiltzen dute, eta arrunta da beraientzat, egunerokoa, etxekoa».
«’Burbunak’ esaten diote Ereñotzun, eta ‘etsaya’ Jauregin, zomorro berari. Animalia honek euskera batuan ez du izenik eta Hernanin bi ditu»
«Naturaren inguruko jakintza bildu nahi izan da»
Agirrek dioen moduan, natura eta gizartearen arteko harremana eten egin da, geroz eta gutxiago baitira naturan eta naturarekin bizi diren herritarrak: «naturarekin mozteak, gizartearen aldaketa horrek ekarri du jakintza bat bukatzen hastea. Bai naturari buruz dakiguna, eta baita horren atzean dagoen hizkuntza oso bat. Hori da hain zuzen, guk bildu nahi izan duguna».
Bailarek aberastasun propioa
Dokumentalerako elkarrizketatuak izan diren 25 herritarrak adin ezberdinetakoak dira, emakumeak zein gizonak: «egia da, gehienak adin jakin batetik gorakoak direla, baina badaude gazteagoak ere; eta baita Ereñotzuko umeak ere». Bailara ezberdinetako herritarrak elkarrizketatu izanak ere, badu bere garrantzia: «konturatu gara hizkuntza pixka bat aldatu egiten dela bailara batean edo bestean. Hernanin, segun eta non bizi, harremana izaten da alde bateko edo besteko euskaldunekin; eta horrek eragina du hizkuntzan. Ereñotzun esaterako, harremana dute Nafarroarekin, mugan baitaude. Jauregiko bizilagunek ordea, Oria bailara aldera joateko joera gehiago dute, Lasarte eta inguru horretara. Martindegikoek berriz, Astigarraga aldera jotzen dute».
Aberastasun hori ikusi zedin bailara ezberdinetako protagonisten bila jo dutela azaldu du Agirrek: «Martindegi, Akarregi, Portu, Jauregi, Osiñaga, Ereñotzu... Aberastasun hori biltzen duen adibide bat da Ziraba. Hernanin gehientsuenek esaten dute ziraba, salbu Santa Barbara eta Jauregiko bizilagunek; hauek zirauna esaten diote. Zergatik? Haiek daudelako beste bailara bati begira. Beste adibideetako bat da, Euskal Herri ia osoan garoa dena, Hernanin iñistorra dela; kasu honetan ere, salbu Jauregin».
Hizkuntzarekin jarraituz, ia Hernani guztian sumatu daitekeen beste ezaugarrietako bat da ‘ua’ bukatzen diren hitzetan, ‘b’ jartzen dela: «xaguari xaguba esaten zaio; eta trikuari trikuba... kasu honetan ere, joera hori ia Hernani osoan sumatu daiteke. Izan ere, Osiñaga eta Ereñetzun ez dute hala esaten. ‘Uba’ Gipuzkoan galtzen ari den joera da. Donostia eta Oria aldean asko erabili da, eta horrek erakusten du, Hernaniko bailara gehienak hara begira bizitu izan direla. Osiñaga eta ereñotzuarrek ordea, beste aldera gehiago jo dutela esan daiteke» azaldu du Agirrek.
«Naturaren ikuspuntutik, halako lan batek erakusten du, bertan biltzen diren animaliak Hernanin badaudela edo egon direla»
«‘Burbunak eta Etsayak’, balioaren adierazle»
Hasieran esan bezala, egitasmoari Burbunak eta Etsayak izena jarri izana ez da kasualitatea: «Burbuna esaten diote Ereñotzun, eta etsaya Jauregin, zomorro berari. Oso zomorro karakteristikoa da, akerramendia edo kakalardoaren tankerakoa, baina hauek baino luzeagoa; adarrak izan beharrean antena haundi batzuk ditu, eta haritz zaharren enborrean egoten da. Animalia honek euskera batuan ez du izenik, eta Hernanin bi izen eman dizkiote. Hortik dokumentalaren izena; halako izenek erakusten baitute dokumental honek adierazten duen balioa».
Agirreren esanetan, proiektu honek balio dezake, baita ere, euskera batuan izenik ez duten animali eta landareei izena emateko: «lasai asko, animalia honi burbuna deituko zaio, bildu delako lekukotasun bat, ez asmatua, oinarri bat duena, norbaitek hala deitzen diolako. Berdin berdin, landare batzuekin».
«Natura aldetik, garrantzia»
Naturaren ikuspuntutik duen garrantzia ere, azpimarratu nahi izan du Agirrek: «halako lan batek erakusten du, besteak beste, bertan biltzen diren animaliak Hernanin badaudela edo egon direla, eta naturaren aldetik, hori oso garrantzitsua da. Ez genekien animalia batzuk Hernanin egon diren edo ez, eta horietako bat da igaraba, iyaraba edo urtxakurra bezala ezaguna. Uretan ibiltzen den animalia da, eta suposatzen zen, Hernanin noizbait egona zela, nahiz eta gaur egun ez dagoen. Elkarrizketa hauetan ikusi da zaharrek ikusi zutela, eta gero bukatu egin zela, galdu egin zela. Naturan interes biologikoa izan dezakeen norbaitek hortxe dauka informazio hori.
Beste adibide bat da bisoi europearra esaten zaiona. Hori ia seguru gaude Hernanin ez dela egon, ez dutelako ezagutzen. Eta Aiako Harriko animali esanguratsuena, muturluze pirinearra deitzen diotena ere badakigu Hernanin ez dagoela, baina noizbait izan zela, eta ur-arrotoya deitzen ziotela; ezaguna zela. Eta noski, euskeraz ere bazuela izena».
«Leku bakoitzeko aberastasuna da euskalkia, eta gure ustez garrantzia haundia du hernaniarrek hori bere sentitzea eta barneratzea»
«Euskalkiak mantentzeak duen garrantzia, azpimarratzekoa»
Hizkuntzari helduz gero, euskalkiak mantentzeak eduki dezakeen garrantzia behar adina ikertu gabe dagoela dio Agirrek: «leku bakoitzeko aberastasuna da euskalkia, eta gure ustez garrantzia haundia du hernaniarrek hori bere sentitzea eta barneratzea. Nolabait, kaleko erabileraren esku utzi izan da, eta galtzeko arriskuan egon daitekeela uste dugu. Euskalkian dago euskeraren grazia, milaka urteko aberastasuna... eta hori mantentzeari beste irakurketa bat eman behar zaiola uste dugu».
Bultzatzaile, egile eta laguntzaileak
Bideo dokumentalaren egile eta bultzatzaileak dira: Dobera Euskara Elkartea, hizkuntza aldetik izan dezakeen balioagatik; Eta Aranzadi Zientzia Elkartea, natura aldetik izan dezakeenagatik. Egileak dira Eñaut Agirre (filologoa), Iñaki Sanz-Azkue (biologoa), Joxean Ruiz (kamara profesionala) eta Jon Mari Beasain (editatzailea). Laguntza haundia eman dute, baita ere, animali eta landareen irudiak hartzen lagundu duten bi gaztek: Egoitz Alkorta hernaniarrak eta Ander Izagirre elgoibartarrak. Beste askoren laguntza ere izan da. Azkenik, proiektua diruz lagundu dute Ereñotzuko Auzo Udalak eta Hernaniko Udalak.
Artropodoak: Burbuna edo etsaya harizti zaharretako hegalaria
Ingurua aldatzen joan den bezala, Cerambyx cerdo izeneko zomorroa asko urritu da gurean. Harizti zaharrak maite ditu, eta haien barruan urteak pasa eta gero aterako da zomorro itxuran, hegan, beroak hasten dituenean. Animalia bera babestua dago, eta Urumea bailaran bi etxetan bakarrik identifikatu dute izen eta guzti. Ereñotzun burbuna deitu diote, eta Jauregin etsaya. Ezaugarri horiengatik, egitasmoari izena eman dio.
Doberak eta Aranzadik larunbatean aurkeztuko dute Hernaniko natura eta hizkuntzari buruzko dokumentala
Ereñotzuko San Antonio Elizan izango da, 18:00etan.
BURBUNAK eta etsayak dokumentalaren estreinaldia datorren larunbatean izango da. Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Ereñotzuko San Antonio Elizan aurkeztuko dute, 18:00etan, Hernaniko natura eta hizkuntzari buruzko dokumentala. Hernanin abenduaren 4ean ikusteko aukera izango da, 19:00etan, Biterin. Eta Durango Azokan ere aurkeztuko dute: abenduaren 7an, 13:00etan.
MAIALEN LUJANBIO BERTSOLARIA
«Gauza ederra da euren bizi-ingurua lupa txikiagoz eta zehaztasun haundiagoz ezagutzen eta izendatzen dutenen jakinduria jasotzea»
Gaur egun, txori guztiei txori, arbola guztiei arbola eta zomorro guztiei zomorro deitzen diegun garaian, gauza ederra da euren bizi-ingurua lupa txikiagoz eta zehaztasun haundiagoz ezagutzen eta izendatzen zutenen jakinduria jasotzea. Hitzetan mundu bat, oso eremu jakin batekoa -Urumea erreka ingurukoa- eta nonahikoa dena aldi berean.
Zorionak eta eskerrik asko ondare hori gorde dutenei, eta orain gordetakoa erakutsi digutenei.
IMANOL LIZEAGA EREÑOTZUKO AUZO ALKATEA
«Ordubetean eramaten gaitu hain gertu eta hain urruti daukagun ondare bat aurkitzera»
«Nire ustez, dokumental hau harribitxi bat da. Ordu betean eramaten gaitu, alde batetik hain gertu, baina bestetik, hain urruti daukagun ondare bat aurkitzera.
Urtetan aurrera doan belaunaldi baten ezagutza eta jakinduria agertzen dizkigu. Belaunaldi gazteekiko eten bat dagoela esango nuke ezagutza horretan eta dokumental honek lotura berrezartzen laguntzen du. Dokumental honek, bertan agertzen diren pertsonen jakinduria gerturatzen digu. Eta beraiek ere dokumental honen bidez ikus dezakete haien jakinduriak eta ezagutzak badutela balio bat, ez direla alferrik galduko. Neretzat behintzat, balio izugarria du. Gure natur ondarea erakusteaz gain, denbora laburrean galduko ziratekeen izenak jasotzen dira tokiko euskerak dituen berezitasun eta aberastasunarekin. Esan behar da, gainera, hemen agertzen direnetako batzuk dagoeneko ez daudela gure artean eta horrek are eta gehiago hunkitzen gaitu. Lan zoragarria. Iruditzen zait beste leku batzuetan ere jarraituko dela eredu hau».
KORO ETXEBERRIA KULTURA ZINEGOTZIA
«Garrantzia haundia du horrelako altxorrak biltzeak, gordetzeak eta herritarren eskura jartzeak»
«Oso gustura ikusten den dokumentala da. Lan txukuna, polita eta gertukoa da. Oso ondo jasotzen du gizakiok, bereziki hernaniarrok, lurrarekin eta naturarekin dugun eta izan dugun harreman estua eta zuzena. Eta are aberatsago suertatzen da hizkuntzaren (euskararen) aldetik egiten den ekarpena.
Ondorea den heinean, izugarrizko balioa du. Horrelako altxorrek txikiak ematen dute, baina garrantzia haundia du biltzeak, gordetzeak, herritar ororen eskura jartzeak... Beste balio erantsi bat ere baduela uste dut; gaurdaino jakinduria horri eutsi diotenei errekonozimendua eta eskertza ematea. ZORIONAK egile zein parte hartu duzuen guztioi».
EMANALDIAK
EREÑOTZUN Azaroaren 14an, larunbata, 18:00etan, San Antonio Elizan.
HERNANIN Abenduaren 4ean, ostirala, 19:00etan, Biterin. Euskararen Egunak astearen barruan.
DURANGOKO AZOKAN Abenduaren 7an, astelehena, eguerdiko 13:00ean, Irudienea atalean.
DOKUMENTALA
Aurrerapena ikusteko: ‘www.kronika.eus’.
Hizkuntza: euskera.
Azpitituluak: Hernaniko euskera, euskera batua, gaztelania eta ingelesa.
Erosteko: Dobera Euskara Elkartean, Larramendi 11.