«Euskera beste modu batera ikasten duzu; lasaiago»

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 3a, 02:00

Elkartu orduko jakinaren gainean jarriz, halaxe azaldu du: «Udan ez dut askorik praktikatu…». Baina elkarrizketa hastearekin batera primeran moldatzen dela erakutsi du. Marian Garcia Muñoz Gure Artean Euskaraz ekimeneko kideetako bat da. Euskera praktikatzeko asmoz apuntatu zen orain dela 5-6 urte eta oso gustora dagoela nabarmendu du: «Euskaltegian ari nintzen euskera ikasten eta irakasleak esan zigun Dobera elkarteak ekimen hau zuela eta oso baliagarria zela. Animatu egin nintzen eta Rosa ere bai. Ordutik, oso gustora gabiltza».

Bospasei laguneko taldea
Hasieran, euskera praktikatzeko asmoz hasi baziren ere, gaur egun, lagun talde bat osatu dutela dio Garciak: «Oso talde polita osatu dugu eta lagunak gara. Hasieran hiru ginen, eta pixkanaka beste ba­tzuk ere animatu ziren eta gaur egun, bospasei elkartzen gara. Eli da gure laguntzailea».
Edozein gairen inguruan hitz egiten dutela dio: «Hasie­ran agian zalantza gehiago izaten genituen eta gramatika ere ikusten genuen, gaur egun ordea, gure gauzei buruz hitz egiten dugu. Edozein gai. Txutxu-mutxuak ere bai!».

«Nabaritzen da aldea»
Ekimena oso baliagarria zaiola azaldu du Garciak: «Nabari­tzen duzu aldea. Erritmo gehia­go hartzen zoaz pixkanaka. Horrez gain, kalean erabiltzen den euskera ikasten duzu eta laguntzailea euskaldun zaharra izanda, esaerak ere ikasten ditugu. Gainera, Eli Oñatikoa da eta hori ere aberasgarria da. Hizkera diferenteak ere lantzen ditugu. Egia esan, oso ondo pasatzen dugu».
Gure Artean Euskerazekin aurrerapausoak eman ditu Garciak eta badu aldeko beste ezaugarri bat ere: ez da lotsa­tzen. «Taldetik  kanpo ere ni saiatzen naiz hitz egiten. Dendetan, adibidez. Hasieran kostatzen da pixka bat, baina behin askatzean, ez diozu buelta gehiago ematen».

Euskera ikasi eta lagunak egin
Garciak alde onak besterik ez dizkio ikusten ekimenari: «Euskaltegian beste metodologia bat erabiltzen da euskera ikasteko. Hemen, euskera hitz egin eta ikasten duzu beste modu batera; lasaiago, erlajatuago. Eta gainera, jende berria ezagutzen duzu eta lagunak egiten dituzu».

Euskaltegia utzi eta ekimenarekin jarraitu
Zazpi urte inguru daramazki Garciak euskaltegian: «Beti gustatu izan zait euskera jakitea. Berez, ikasi, ikasi nuen nere garaian, baina irakasgai bezala eta nahiko ondo moldatzen nintzen. Familian, nere osaba-izebek ere badakite. Baina hitz egiten ez bada, galdu egiten da: hiztegia, erraztasuna…». Zazpi urte hauetan, bigarren perfila ateratzea ere lortu du: «Ez zen helburua, baina tituluak ondo datoz ateraz gero». Aurten, euskaltegia uztea erabaki du, «beste gauza ba­tzuk egiteko», baina taldearekin jarraituko duela argi du: «Euskerarekin harreman hori mantendu nahi dut».

Taldeko laguntzaile
Denboraldi batean Elik ezingo du taldeko laguntzaile izan eta ardura hori Garciak berak hartuko du. Elik berak proposatu ziola eta aurrera egitea erabaki zuen: «Norbaitek izan behar zuen eta neri esan zidanean, baiezkoa eman nion. Hala ere, denon artean gidatuko dugu taldea».
Urrian zehar hasiko dira elkartzen. Astelehenetan elkar­tu ohi dira arratsaldeko 18:30etan, kafetegi batean. Bi ordu inguruko saioa egitean dute.

«Animatu daitezela, oso esperientzia polita da»
Bai euskera hobetu nahi dutenei, bai laguntzaile izateko aukera dutenei animatzeko dei egiten die Garciak: «Oso esperientzia polita da. Esan bezala, jende berria ezagutzeko aukera ere ematen dizu eta oso ondo pasatzen da. Gainera, aukera ona izan daiteke euskaltegira joan ezin dutenentzat eta besterik gabe, ondo pasa nahi dutenentzat».

 

«Laguntzaile eskuzabalak behar ditugu»

Gure Artean Euskaraz ekimena laguntzaile beharrean dabil. Hori horrela dei berezia egin du Nagore Zubitur Dobera Euskara Elkarteko arduradunak: «La­gun­tzaile eskuzabalak behar ditugu». Eta noski, euskera praktikatu nahi dutenak ere animatu nahi ditu. Ekimenean parte hartzen dutenak talde txikitan biltzen dira, hiruzpalau kidez osatutakoak. Mintzapraktika hauek dohainik dira, jendeak borondatez hartzen du parte, eta edozein momentutan eman daiteke izena. ­ Dena dela, ikasturtea orain­txe hasiko da eta komeni da lehenbailehen apuntatzea. Ize­na emateko eta informazio gehiagorako: Doberako bulegoa (Larra­mendi 11, behea), 943 33 27 99 edo dobera@dobera.eus.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!