Futbol Eskola indartu nahian zabiltzate. Bide horretan, ze aldaketa egin dituzue aurreko urteetatik hona? Ze hutsune zeuden eta zertan ikusi duzue hobetu beharra?
Klub osoa bezala, Futbol Eskola ere indarberritu behar genuela uste genuen. Futbol Eskolak beti eduki dituen irizpide nagusiak mantendu (jokatua eta dibertigarria izatea; hezkuntza parametroak; e.a.) baina teknifikazio maila altuago bat eskaini nahi genuen. Honetarako, metodologiari buelta bat eman diogu eta, nire ustez, balore berdinetan oinarritutako eskola hobe bat eskaini ahal izango dugu aurten.
Ze garrantzia du Futbol Eskola indartsu bat izateak CD Hernanirentzat eta herriarentzat?
Klubarentzat baino gehiago, parte hartzen duten 200 familientzako esango nuke nik dela garrantzitsua. Batzuetan, futbola izateagatik batzuk gaizki begiratzen gaituzte, baina zein kirol den alde batera utzita, Hernaniko 200 haurrek aukeratutako kirol jarduerak errespetu haundia behar duela uste dut nik. Futbola izan edo beste edozein kirol izan, hainbeste haur kirolean murgiltzeak du benetako garrantzia.
«Edozein kiroletan hasteak, bizitza guztirako pertsona sanoagoa eta osoago bihurtzen zaitu»
Zer da futbol eskolan lantzen duzuena? Zein da filosofia?
Futbol Eskolerako eta klub osorako ideia eta balore nagusi batzuk lantzen eta ezartzen ari gara. Alde batetik; Gazteria, Kirola, Hernani, Euskera eta Berdintasuna izendatu ditugu gure idealak bezala. Horretarako; Grina, Konpromisoa, Esfortzua, Elkartasuna, Errespetua eta Lehiakortasuna (ondo ulertua) azpimarratu nahi ditugu klubaren izaeraren balore nagusi bezala. Lehiakortasuna adibidez positiboki erabili nahi dugu haurrei benetako heziketa orekatu bat eskaintzeko, ausardia eta norberaren hobekuntzaren bitartez, irabazten eta galtzen ikasiaz; baina, haurrei lehiakortasuna ukatu edo eta ezkutatu gabe, positiboki eta modu zintzoan lehiatzen ikasiaz baizik.
Izen ematea zabalik dago. Noiz arte eta noiz hasiko dira saioak?
Gaur bertan (irailak 28) eta datorren ostiralean (urriak 2) lehenengo saio bereziak izango dira; haurrekin jolas bereziak egingo dira, eta gurasoekin informazio bilerak izango ditugu. Hortik aurrera, hurrengo astetik alegia, saio normalekin hasiko gara, astelehen eta ostiraletan. Irailak 8 eta urriak 2ko saio berezi horietan taldeak osatuko ditugu; Hobe da lehenago apuntatzea, baina geroago bakarren batek apuntatu nahiko balu, ahal dugun guztia egingo dugu inor kanpoan geratu ez dadin.
Zergatik animatuko zenituzkete herriko umeak Futbol Eskola egitera?
Jokatzeko eta ondo pasatzeko modu ezin hobea delako; edozein kiroletan hasteak bizitza guztirako pertsona sano eta osoago bihurtzen zaituelako; eta futbola gustatzen bazaizu, ezarri nahi dugun teknifikazio metodologiarekin, bakoitzak bere gaitasunak asko hobetu ditzakeelako.