Udazkenerako dokumentala, Hernaniko naturari buruzko ahozko ondarea biltzen duena

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 5a, 02:00

Datorren udazkenetik aurrera kalean izango da Hernaniko naturari buruzko ahozko ondarea biltzen duen dokumentala. Bertan biltzen dira, animalia eta landareen Hernaniko izenak, eta hernaniarrek horiei buruz daukaten jakintza. Her­naniarrek arrantza eta ehizarekin izan duten lotura, galtzear edo galduak dauden espezieak, naturari loturiko kondaira eta istorioak, ukenduak eta erremedioak egiteko landareak... Berrehun espezie baino gehiagori buruz ariko dira, hogeita bost protagonista. Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi zientzia elkarteak bi urte daramazkite elkarlanean, dokumental hori egiten, eta Truk HD enpresa aritu da irudiak hartzen. Horrez gain, ezin konta ahala laguntzaile izan dituzte, espezieei buruzko in­for­mazioa eskuratzen eta natura irudiak hartzen. Ereñotzuko Auzo Udalak eta Hernaniko Udalak diruz lagundu dute proiektua.

Hernaniko hizkera entzuteko aukera paregabea, hitz zaharrak, kondairak, euskera batuan izenik ez duten espezieen aipamenak... Adibidez, Enara-loria, Lychnis flos-cuculi.

Sei belarrekin egiten den ukendua...
Hernanin bizi bizirik segitzen du oraindik naturari buruzko jakintzak. Adibidez, zaurietarako ukendua egitea ez da oraingoxe kontua. Hernanin badira sei belarrekin egiten dutenak, dokumentalean ikusi ahal izango denez: intsusa, berbena, plantiña-belarra, xaingorriya, ebaki-belarra eta pasmo-belarra erabiltzen omen dira. Lan­darezaleek badaukate goza­tze­ko aukera dokumental horrekin, eta zer esanik ez animalia zaleak direnek: Urumean galtzear dauden espezieak (ur-arratoya, Galemys pyrenaicus) edo galdu direnak (ur-zakurra edo iyaraba, Lutra lutra), kabirik politena egiten duten txoriak eta kabia egiten kaskarrenak direnak... Horrez gain, ahozko ondarea gustuko duten guztientzat da dokumental interesgarria. Her­na­niko hizkera entzuteko aukera paregabea, hitz zaharrak, kondairak, euskera batuan izenik ez duten espezieen aipamenak... adibidez, Enara-loria, Lychnis flos-cuculi; edo nola ez, dokumentalari izena ematen dion zomorroaren bi izenak: burbuna edo etsaya (horrela ezagutzen dute hernaniarrek, Cerambix cerdo, euskera batuan izenik ez daukan espeziea).

‘Burbunak eta Etsayak’ egitasmoa
Dokumental hori egitasmo haundiago baten barruko zati txiki bat besterik ez da. Bur­bunak eta Etsayak izeneko egitasmoan liburu bat ere kaleratuko du aurrerago, Hernaniko espezieei buruzko informazio gehiagorekin. Horrez gain, Fa­ce­booken informazio hau eta gehiago eskuratu liteke, Burbu­nak eta Etsayak egitasmoaren orrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!