Turismo aktiboa eta kulturala, Urumeako eskaintza

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 5a, 02:00

Askotan, oporretan kanpora joan eta etxean dugun altxo­rraz jabetzen gara. Izan ere, aisialdirako aukera ederra eskaintzen du Urumea baila­rak. Bertako herriak mendi, baso, ibai, erreka eta paraje zoragarriz inguratuta daude. Bailara sakon eta malkartsua da, aberastasun haundiko natur ingurunea. Bertan, Aiako Harria Parke Naturale­rako edo Artikutzara­ko sarre­rak daude. Landare eta animalia espezie ugari ere bizi da, asko zonalde honetan bakarrik aurkitu daitezkee­nak. Hori horrela, aisialdi aktiboarekin erlazionatutako ekintza ugari egiteko aukera dago Astigarraga, Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizue­tan: mendi ibilaldiak, bizikle­ta zeharkaldiak, piraguismoa, eskalada, arrantza, ibaian bainatzeko aukera... 
Horrez gain, turismo kul­tu­rala ere eskaintzen du bertako herrietako jaiak, mo­nu­mentuak, industria onda­rea, gastronomia, bertsola­ritza eta kirola kontuan hartuta. Bertakoentzako eta turistentzako leku ederra beraz, udan ez aspertzeko.  

Bisitak, dastaketak eta jolasak, Sagardoetxean
Sagarra eta sagardoaren inguruan landu dute batez ere turismo eskaintza Astigarra­gan, Sagardoaren Lurraldea proiek­tua­ren bidez (Hernani ere parte da). Sagardoetxea museoa ere Astigarragan da eta hainbat ekintza antolatu dituzte abuztua eta irailerako, ohiko bisita gidatu eta dastaketaz gain:
- Udajolas Sagardoetxean: Aisialdi taldeentzako bisita, joko eta tailer bereziak sagardoaren kultura gaitzat hartuta; 2 euro haurrak.
- Sagardoa eta itsasoa: Museoetara bisita, itsason­tzian ibilaldia eta sagardo­tegian otordua; 55 euro helduak.
- Sagardoa eta gazta: Museo gastronomikoak, gaztan­de­giak eta sagardotegiak; 34 eurotik aurrera.
- Sagar muztioaren elabo­ra­zioa: Sagarrak kizkiarekin bil­du, pi­soe­kin jo, prentsatu eta egindako muztioa dastatu (irailetik aurrera); 50 euro taldeak.
- Sagardogile egun batez!: Familientzako jarduerak; 4 euro helduak.
- Txotx! euskeraz: Euskal­tegientzako sagardogintzako euskerazko hiztegia lantzeko bisita berezia (bisita+kata); 3,50 euro pertsonako. 
Beste hainbat ekintza Asti­ga­rragatik kanpo izango dira. Informaziorako eta erreser­bak egiteko: 943 55 05 75 edo www.sagardoarenlurraldea.com.
Horrez gain, ibilbideak ere badira: Santiomendiko Sagar­do Bidea, besteak beste. Eta Santiago bidea ere bertatik pasatzen dela nabarmen­tzekoa da. Astigarragatik Her­na­nira, eta handik Urnietara jarraitzen du.

Informazioa: sagardoarenlurraldea.com; hernaniturismoa.com; urumeaarnastu.com

Erdi Aroko Hernani ezagutu nahi?
Abuztuan zehar, Hernaniko herrigune historikoa ezagu­tze­ko bisita gidatua eskain­tzen du Udalak. Hernaniko kaxkoa Euskal Herriko interes historiko-artistikodun gu­neeta­ko bat da. Bisita gidatu honen bidez, Erdi Aroko Hernani ezagu­tzeko aukera izango da: arma­rriak, dorre­txeak, garaiko gizar­tearen bitxikeriak... Egunak eta ordu­ak zehaztu gabe daude, eska­riaren arabera izango da. Doan da. Erreserbak eta infor­mazio gehiago: 943 33 70 28 edo www.hernaniturismoa.com. 
Horrez gain, beste hainbat txoko ere badira interesgarriak Hernanin: Santa Barbara gotorlekua eta mendia, Nere Borda parke botanikoa... Eta ibilbideak ugari: Aiako Harrira, Sagardotegiak, Oindiri bira...

Esperientziak eta ibilbideak, Ereñotzu, Arano eta Goizuetan
Esperientzia desberdinak ere badaude aukeran, gainerako herrietan: Ereñotzun, eztiaren esperientzia (943 55 10 00); eta Goizuetan, etxeen bisita gidatua (649 548 608). Ibilbideak ere ez dira falta: Ereñotzun hamaika bat badira zehaztuta; Aranon, lau bat; eta Goizuetan, sei. 
Turismoari buruzko informazio guztia lortzeko: www.urumeaarnastu.com. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!