Zapi gorriak prest Martindegin, lau egunez auzoa festaz janzteko

Kronika - Erredakzioa 2015ko uzt. 4a, 02:00

Txuriz eta gorriz jantziko da Martindegi auzoa datorren astean, San Fermin jaiak ospa­tzeko. Asteartean lehertuko da festa, San Fermin egunean bertan, eta ostiralean segiko du, ekitaldiz betetako lau egunez gozatzeko.
Dagoeneko prest dauzkate zapi gorriak auzotarrek, eta haurrak izango dira aurreneko protagonistak, San Ferminetan. Haiei eskainitako eguna izango da asteartekoa. Dianarekin hasi­ko dute eguna, eta auzoko hil­dakoen alde meza egin ondoren, haur jolasak eta buruhaundiak izango dira.
Arratsaldean, berriz, ma­rraz­kiak egiten edo tiroan ari­ko dira, Patxin eta Potxin pailazoen emanaldira arte. Kalejiran bukatuko dute jaien aurreneko eguna.

Tortilla eta sagardo dastaketa, ostiralean
Datorren ostiralean segiko dute jaiek Martindegin, asteburua aprobetxatzeko. Festen jarraipena iragartzeko, kalejira egingo dute arratsaldean, auzoan zehar, eta segidan, jolaserako parada izango dute txikienek, buruhaundiekin, puzgarriekin eta zezen mekanikoarekin.
Helduek, berriz, jan-edana izango dute aukeran: tortilla dastaketa egingo dute aurrena, eta saria ere jasoko du onenak, Sansonategi jatetxearen eskutik. Ondoren, sagardoak hartuko du txanda, eta sagardotegi asko izango dira bertan, bere edari onenarekin: Zelaia, Oia­lu­me Zar, Oiarbide, Sarasola, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Elutxeta eta Indione. Pintxoak ere jarriko dituzte.
Afalostean, erromerian itxiko dute eguna, Zesuma taldearen doinuei segita.

Auzo bazkarirako txartelak, Oialumen salgai
Kalejiran hasiko dute larunbata ere, goizean goizetik, baina lo kuluxka egitera joango dira berehala, eguneko ekintzei heldu aurretik. Hiru ordu izango dituzte deskantsatzeko, 11:00etan hasiko baitute mobida baserrietan zehar, trikitixaz lagunduta. Gero, oroigarri xume bat eskainiko diete galdu dituzten gertukoei, goiko aristian, eta eskertza egingo diote Tturko familiari, ematen dieten harreraren ordainetan.
Auzo bazkaria egingo dute ondoren, eta dagoeneko salgai daude txartelak, bertan bazkaltzeko. Oialume tabernan erosi daitezke.

Zezentxo eta zalditxoak, larunbat arratsaldean
Larunbat arratsaldean ere, ez dira aspertuko haurrak. Aurre­na, gaztelu puzgarria izango dute, saltoka eta korrika ibil­tzeko. Eta ondoren, korrika segiko dute, baina zezentxoen aurrean! Eta bueltaxka eman nahi duenak, zalditxoak ere izango ditu.

Urtero bezala, bi zita berezi izango dituzte larunbat gauean: abere dema, Imanol ‘Paolla’ eta Imanol Etxeberriaren zaldien artean; eta platano dantza lehiaketa.

Eta haurrek bakarrik ez, helduek ere mugituko dute gorputza, arratsaldean. Dan­tzal­dia eskainiko du Laiotz taldeak, 19:30etan, eta bigarren saio bat ere bai, gauerditik aurrera. Hori baino lehenago, abere dema berezia egingo dute gauez, urtero bezala. Oraingoan, Imanol Paolla hernaniarraren eta Ortzaikako Imanol Etxeberriaren zaldiak izango dira aurrez aurre.

Platano dantza lehiaketak, ezin huts egin
Eta ohikoa denez, platano dan­tza lehiaketak ere ez du huts egingo aurten, goizaldean. Edozein estiloko kantuen erritmora, platanoari ezin eutsi ariko dira dantzan bikoteak, nork gehiago iraungo.

Andoni Egaña eta Amets Arzallus, bertsotan
Lasaiago hartuko dute igandea, 11:00etako bermutarekin, eta herri kirolak izango dituzte ondoren: aizkoran, Ugaitz Mugerza II, Jon Larrañaga Larra eta Juan Esnal Arrilla II bikotearen kontra; eta harria jasotzen, Aimar Irigoien.
Bertsoak ere ederrak izango dira igandean, bi saio eskainiko baitituzte Andoni Egañak eta Amets Arzallusek, goizean eta arratsaldean.
Bi txapelketa ere jokatuko dira: Trikitilari Gaztetxoena batetik, eta tokakoa bestetik. Eta Bide Batez taldearekin dantzan aritu ondoren, kalejiran bukatuko dituzte jaiak.

EGITARAUA

UZTAILAK 7, ASTEARTEA
10:00, Diana.
10:30, Auzoko hildakoen alde meza.
Ondoren, Hamaiketakoa, Oialume tabernaren eskutik.
11:30, Haur jolasak eta buruhaundiak.
17:00, Denak marraztera.
17:00, XLVI. Tiro Karabina lehiaketa.
18:00, Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia.
Ondoren, Kalejira.

UZTAILAK 10, OSTIRALA
18:00, Kalejira auzoan zehar, festei jarraipena emateko.
18:30, Buruhaundiak, puzgarriak eta zezen mekanikoa.
19:00, Tortilla dastaketa, Sansonategi jatetxeak babestua eta saritua.
20:00, Sagardo dastaketa eta pin­txoak, sagardotegi hauekin: Zelaia, Oialume Zar, Oiarbide, Sarasola, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Elutxeta eta ‘Indione’.

UZTAILAK 11, LARUNBATA
07:00, Egunari hasiera emateko, auzoan zehar kalejira.
08:00, Lo kuluxka.
11:00, Auzoko baserrietan zehar ‘mobida’ trikitixaz alaiturik.
13:00, Goiko aristian oroigarri xume bat ‘gure artean ez daudenentzat’. Tturko familiari eskertza, ematen dieten harreragatik.
14:30, Auzo bazkaria (txartelak aurrez salgai, Oialume tabernan).
16:00, Gaztelu puzgarria.
18:00, Zezentxoak eta zalditxoak.
19:30, Arratsaldeko dantzaldi saioa Laiotz taldearekin.
23:00, XIV. Abere dema: Hernaniko Imanol ‘Paolla’ eta Ortzaikako Imanol Etxeberriaren zaldien artean.
00:00, Dantzaldia Laiotz taldearekin.
Goizaldean, Platano dantza lehiaketa xelebrea.

UZTAILAK 12, IGANDEA
11:00, Bermuta.
12:00, Euskal Festa: Aizkolariak: Ugaitz Mu­ger­za II, Jon Larrañaga ‘Larra’ eta Juan Esnal ‘Arrilla I’ bikotearen kontra. Harrijasotzailea: Aimar Irigoien.
13:00, Bertsolarien saio berezia: Andoni Egaña eta Amets Arzallus.
18:00, XIX. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa.
18:00-19:00, Toka Txapelketa Nagu­sia (Gurutzeta sukaldeak).
Jarraian, Bertsolarien bigarren saioa: Andoni Egaña eta Amets Arzallus.
20:00, Dantzaldia Bide Batez taldearekin.
Ondoren, Kalejira auzotik barrena festei amaiera emateko.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!