«Martindegin jende asko animatzen da dantzan, oso polita egoten da plaza»

Kronika - Erredakzioa 2015ko uzt. 4a, 02:00

Urteak dira Martindegin jotzen duzuela.
Bai, urte pila bat, 25 bat edo izango dira. Eta oso gustora buel­tatzen gara urtero, beti iza­ten delako martxa, herri giroa...

Etxean ari zarete, gainera...
Hala da, bai. Martindegin jaiotakoa da Laiotz taldea, auzokoak ziren taldeko partaideak. Gaur egun, Xabi Barrenetxeak bakarrik jarraitzen du horietatik; bera da taldeko burua.

Nolakoak dira Laiotzen dantzaldiak?
Alaiak, umoretsuak eta denen­tzako modukoak. Adin guztietako jendeari ematen diogu aukera, elkartu eta ondo pasa­tzeko. Gainera, estilo aldetik ere denetik jotzen dugu, izan arin-arinak, balsak, rocka...

Jende asko animatzen al da dantza egitera?
Bai, asko dira animatzen direnak. Eta adin guztietakoak, gainera! Bi dantzaldi eskain­tzen ditugu, eta salto txiki bat izaten da bien artean. Arra­tsaldean, oso txikiak ere gerturatzen dira, 4 urtetik hasita. Gauean, berriz, gazteak eta helduak aritzen dira dantzan. Martindegin, gainera, giro herrikoiak helduak gehiago animatzen ditu dantza egitera. Beste leku batzuetan ez dira hainbeste ausartzen, aparte geratzen dira. Eta beharbada, gazteak falta dira hemen. Etortzera animatu nahi nituzke, oso giro ona egoten baita.

Bi dantza saio izango dira, arratsaldean eta gauean. Zer joko duzue bakoitzean?
Ba arratsaldean haurrak baldin badaude, beraientzako mo­dukoak: Pirritx eta Porrotx, arin-arinak... Eta gauean, de­ne­tik, gazte eta helduei zuzenduta. Jen­deak nahi duena joko dugu. Kantatzeko gogoa daukatela? Rock abestiak eta abar. Dan­tza­tu nahi dutela? Ba arin-arinak eta horrelakoak joko ditugu gehiago.

Plazak agintzen du, beraz.
Bai, noski. Bloke bat prestatuta izaten dugu, kantu konkretu batzuekin, baina plazaren arabera egokitzen jakin behar da. Jendeak nondik tira nahi duen, hortik tira behar dugu guk ere. Inprobisatu egin behar da plazaren arabera.

Orokorrean, nolakoak dira Martindegiko San Ferminak?
Oso jai euskaldunak dira, tradizioak mantendu dituztenak. Demak egiten jarraitzen dute, dantzaldiak egiten dira berbenak beharrean... Hiru hitzetan, esango nuke jai herrikoiak, euskaldunak eta familiarrak direla. Baina noski, nahi duen edonori irekiak. Besoak zabalik hartzen dute edonor.

Zerbait berezia destakatuko zenuke?
Benetan Martindegin berezia dena, gaueko platano dantza izaten da. Nik ez dut beste inon ikusi. Jai giroan ez dagoena ere, jai giroan sartzera animatzen du, eta zerbait oso berezia da jendea erakartzeko. Pixka bat bultzatuta, oso gustora aritzen dira denak.

Zuek ere izango duzue ondo pasatzeko tartea.
Bai, egun polita izaten da guretzat. Dena prestatu eta dantzaldiak emateaz gain, gainontzeko ekitaldiekin ere oso ondo pasatzen dugu. Beste tokietan ikusi ezin dena, bertan topatu dezakezu. Oso jai politak dira, bere txikitasunean haundiak.
Eta dantzaldietan ere, asko disfrutatzen dugu. Oso polita egoten da plaza, hain beteta egon ez arren, bai oso mugitua. Oso gustora jotzen dugu bertan, oso eskertua delako plaza ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!