Omendu eta gonbidatuak kontzertuko oinarri eta San Joanen pizgarri

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 13a, 02:00

Herriko festa garrantzitsuenak iristear dira eta oraingoan ere emanaldi berezia antolatu dute iragarpen kontzertu gisa. Hain zuzen, gaur izango da Preludioa, gaueko 22:30­etatik aurrera. Eguraldia dela eta, Atsegindegin izango da. Urtero berrikuntzak izaten ditu Iragarpen Kontzer­tuak eta aurtengo berezitasunak, batez ere, hiru izango direla azaldu du Ruth Martin Iragarpen Kontzertuko zuzendari artistikoak: «Lehengo Gazteak otxotearen emanaldia izango dugu, taldea desagertu zela 50 urte baitira. Horrez gain, Manuel Yabeni omenaldia egingo zaio, abesti bat eskainiz. Eta Bitartean folk taldeak ere parte hartuko du, gonbidatu gisa».
Denera, 13 abesti eskainiko dituzte eta ohi bezala, herriko talde ugarik hartuko dute parte kontzertu berezi honetan: musikari, abeslari eta dantzariak izango dira. Festara abestiarekin ekingo zaio emanaldiari eta bukatzeko, San Joan Zortzikoa joko dute. Idoia Noble eta Jon Odriozola ariko dira aurkezle lanetan.
Atzo, berriz, Preludio Txikia izan zen.

Lehengo Gazteak otxotea, bueltan
Lehengo Gazteak otxotea 1963an jarri zuten martxan herriko zortzi gaztek eta 1965ean desagertu zen. 50garren urteurrena, talde hau gogora ekartzeko aproposa ikusi dutela azaldu du Martinek.
Cantorum Eskolako en­tsaioen ostean, zortzi lagun elkartzen ziren txikito batzuk hartu eta aldi berean, kanta­tzeko. Hori horrela, otxote bat sortzeko ideia bururatu zi­tzaien, bat izan ezik, gainerakoak plazan bizi zirela gogora­tzen dute taldekideek eta en­tsaiatzeko erraztasuna ematen ziela horrek. Ondoren, Radio Ortega zenak patrozinatutako Otxoteen Lehiaketara aurkeztu ziren, Hego Euskal Herri mailakoa zena. Beran­duago, Gabon kanten lehiaketara aurkeztu ziren, Tolosan. Getariako festetan ere kantatu zuten, Herna­niko San Joane­tan, Aitor zineman, Martuteneko espetxean presoen jaialdian... Canto­rum Eskola­rekin bat, berriz, Miarri­tzeko Olaeta Balletare­kin aritu ziren eta baita Zarzuela Egun on Borda Berrirekin, Tolosan.
Hasiera hasieratik, Javier Zubimendik zuzendu izan zuen otxotea. Gainerako kideak honakoak ziren: 1go tenorrak, Tomas Garmendia, Luis Telleria eta Jesus Arregi. Bigarren tenorrak, Josetxo Zubimendi eta Joxe Ramon Beroitz. Baritonoak, Antonio Zapirain eta Juanito Olaizola. Eta baxuak: Miguel Angel Martinez eta Javier Jimenez. Josetxo Zubimendi eta Antonio Zapirain hilik daude, baina gainerako guztiak elkartuko dira gaurkoan. Eta beraiek bakarrik ez, denera 17 lagun elkartuko dira oholtza gainean, Festara eta Beti eskama kentzen abestiak kantatzeko.

Manuel Yabeni omenaldia
Maiatzaren 21ean, orain dela 23 egun, akordeoijole ospetsu bezain maitatua galdu zuen Herna­nik. 99 urte zituela hil zen Manuel Yaben, jaiotzez Berastegikoa, baina gaztetatik Hernanin bizi izan zena.
Aita Berastegikoa zuen eta ama argentinarra. Eskolan Berastegin ibili zen, 12 urte bete eta apaiz egiteko ikasketak egitera joan zen arte. Musika munduarekin lotura haundia izan zuen beti eta Donostiako kontserbatorioan ikasi zuen organoa jotzen. Organista izan zen San Joan Bataiatzailea parrokian eta Astigarragako Andre Maria elizan. 20 urte bete zituenean akordeoia ikasten hasi zen eta laster hartu zuen ospea, baita etxe azpian, Hernanin, akademia zabaldu ere. Txapelketa ugari irabazi zituen, horien artean, Espai­niako Lehenengo Akordeoi Txapelketa. Bartzelonan izan zen, 1952an. Horre­ga­tik, Herna­niko Adopzio Seme izendatu zuten. Hainbat disko ere argitaratu zituen Columbiarekin.
Kaxkoko alkate ere izendatu zuten urtebeterako, 2008an.
Yaben 1915ean jaio zen eta 100 urte beteko zituen azaroaren 12an. Aurten, urtemuga borobila betetzen zuela aprobetxatuz, omenaldia egin nahi izan diote Preludioan. «Herna­ni mailan, garai hartan zegoen interpreterik garrantzitsuena zen. Generazio berriek ez dute ezagutzen eta bera nor izan zen ezagutarazteko modu bat da hau. Hernaniri halako ospea eman zion eta eskertuz, omenalditxo bat egingo zaio», adierazi du Martinek. Musika Eskolako akordeoi taldeak pieza bat eskainiko dio (Triptico vasco), Maribel Insaustik gidatuta, txistulari eta perkusio joleekin.

Bitarteanek, bi abesti
Bitartean folk taldea osatzen dute La­ra Mitxelena, Sebastian Usta­rroz, Ixiar Jauregi eta Haritz Ezeiza hernaniarrek. Iaz argitaratu zuten beraien lehenengo diskoa: Bidean. Beraiek azaldu bezala, euskal musika eta argentinarra nahastu ohi dituzte, baina ez dute estilo itxirik, gustatzen zaizkien abestiak jotzen dituzte.
Aurtengo talde gonbidatua izango da Bitartean. Martinek azpimarratu du, taldekideek lehendik ere parte hartu izan dutela Preludioan, «herriko ekimen ugaritan bezala, baina ez Bitartean talde bezala. Eta herriko talde bat izanda, aukera ederra iruditzen zaigu herritarrek ezagutu dezaten. Herri­ko talde berriak ezagutzera emateko bidea da, herriko produktuak kaleratzeko modua», dio. Bi abesti eskainiko dituzte, herriko beste musikari ba­tzuen laguntzarekin: Bilduta­ko­ak eta Mendian gora. «Mol­da­­ketak egin dituzte Iragarpen Kontzerturako eta eskertzekoa da egin duten lana», gaineratu du Martinek.
 

KONTZERTUKO EGITARAUA

FESTARA
Raimundo Sarriegi.
Lehengo gazteak otxotea.
Zuzendaria: Javier Zubimendi.

BETI ESKAMA KENTZEN
Aita Madina.
Lehengo gazteak otxotea.
Zuzendaria: Javier Zubimendi.

THE PANTOM OF THE OPERA     
Andrew Lloy Webber.
Akordeoi taldea , sopranoa eta tenorea.
Zuzendaria: Maribel Insausti.

BENEDICTUS
Karl Jenkins.
Musika banda eta abesbatzak.
Zuzendaria: Igor Arroyo.

RAIN DANCE
Karl Jenkins.
Abesbatzak, akordeoi taldea eta perkusioa.
Zuzendaria: Maribel Insausti.

BELAUN TXINGO
Herrikoia
Ttarla dantza taldea  eta
txistulariak.
Zuzendaria: Patxi Apezetxea

ZUBEROAKO DANTZAK: XULETINOA
Herrikoia
Ttarla dantza taldea, txirula eta ttun-ttuna jolea

TRIPTICO VASCO (MANUEL YABENI)
T. Aragues
Akordeoi taldea, txistulariak eta perkusioa.
Zuzendaria: Maribel Insausti.

BILDUTAKOAK
Herrikoiak
Moldaketa: Bitartean
Abesbatzarako moldaketa: Sebastian Ustarroz Bitartean folk taldea eta abesbatzak
Zuzendaria: Garbiñe Orbegozo.

MENDIAN GORA
Musika: Imanol Larzabal /Hitzak: Xabier Amuriza
Moldaketa. Bitartean
Txistu moldaketa: Haritz Ezeiza
Bitartean folk taldea eta
txistulariak
Zuzendaria: Patxi Apezetxea.

CARAVAN
Duke Ellington, Juan Tizol / Moldaketak:Nahoiro Iwai.
Musika banda eta dantza latinoetako taldea.
Zuzendaria: Roberto Pacheco

MAMBO JANBO
D. Perez Prado/ Moldaketak:Nahoiro Iwai.
Musika banda eta dantza latinoetako taldea.
Zuzendaria: Roberto Pacheco

MENDIRIK MENDI
J. A. Erauskin.
Musika banda, txistulariak, akordeoi taldea eta abesbatzak.
Zuzendaria: Patxi Apezetxea

SAN JOAN ZORTZIKOA
Herrikoia/ Moldaketa: Joxan Goikoetxea.
Hitzak: M. Lekuona.
Txalaparta, musika banda, txistulariak, akordeoi taldea, abesbatzak eta dantzariak.
Zuzendaria: Roberto Pacheco.

PARTE-HARTZAILEAK
Hernaniko Musika Banda
Hernani eta inguruko txistulariak
“Hernani” Musika Eskola Publikoko akordeoi taldea
“Hernani” Musika Eskola Publikoko abesbatza
Kantuz abesbatza
Ozenki abesbatza
San Joan Parrokiko
abesbatzako partaideak
Lehengo Gazteak otxotea
Ttarla dantza taldea
Dantza  Latinoetako taldea
Bitartean folk taldea
Abeslari bakarlariak
Txirula eta ttun-ttuna jolea
Txalapartariak

ZUZENDARIAK
Garbiñe Orbegozo
Igor Arroyo
Maribel Insausti
Patxi Apezetxea
Roberto Pacheco

AURKEZLEAK
Idoia Noble
Jon Odriozola

ZUZENDARI ARTISTIKOA
Ruth Martin

ANTOLATZAILEA
Hernaniko Udala

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!