Berriro zabalduko dute Iturmendiko jentilzuloa, Hernaniko kobazulorik luzeena, datorren igandean, ekainaren 14an. Ate irekien saioa antolatu du Felix Ugarte espeleologia elkarteak, goizean zehar, herritarrek kobazuloa ezagutzeko aukera izan dezaten. 11:00etan jarri dute elkartzeko zita, Antziola auzoan, Iturmendira igotzeko aldaparen hasieran, parkineko goiko aldean, eta bertatik oinez joango dira kobazulora.
Duela bi urte ere egin zituzten ate irekiak: «jende askok berandu jakin zuen, eta ikusteko gogoz geratu ziren. Horregatik, aukera eman nahi diegu berriro. Kultur programa edo jardueretarako dirulaguntza txiki bat jaso dugu Hernaniko Udaletik, eta horri esker atera dugu proposamena aurrera», azaldu dute elkartetik.
Kobazuloa ikusteko aukera, eta jan-edana kanpoan
Iturmendiko jentilzuloa barrutik ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, baina estua denez, talde txikitan sartuko dira. Kanpoan itxaron behar dutenentzat, ordea, prestatu dute zerbait: sagardoa eta txanpinoiak jarriko dituzte kobazuloko atarian.
Izan ere, Txanpinoiaren kobazuloa izenez ere bada ezaguna, garai batean txanpinoiak hazteko erabiltzen baitzuten. Orduko kondarrak daude oraindik.
Lokatz dexente dagoenez, botak edo katiuskak eramatea gomendatu dute, eta adin guztietako jendeari luzatu diote gonbitea.