Langile Ikastola ikastetxe publikoko hezkuntza komunitatea osatzen duten estamentu guztiek (familiak, irakasleak, langileak...) Batzar Orokorra egin zuten maiatzaren 20an. Ikastolako organo gorenak, Hezkuntza Plataformen Topaguneak proposatutakoarekin bat eginez, aho batez erabaki zuen LOMCEk agindutako Lehen Hezkuntzako 3garren mailako azterketak ez egitea, aurtengo ikasturtean hala egokituz gero.
Era berean, elkartasuna eta babesa adierazi nahi die ikastolak LOMCEren aurrean desobedientziaren bidea hartu eta egunotan azterketa horiek ez egitea erabaki duten gainerako ikastetxe eta familiei.
Tutoretza planarekin jarraitu
Batzar Orokorrean, bestalde, LOMCEren inguruko beste hainbat erabaki ere hartu zituzten, ikasturte honi dagokionez. Hala, Langile Ikastolak bere proiektu pedagogikoan duen tutoretza planarekin jarraituko duela azaldu du, “Gizarte eta Herritarren baloreak” irakasgaia landu beharrean. Eta “Ingurunearen Ezagutza” arloarekin ere jarraituko du, Natur eta Gizarte Zientziak modu integratuan lantzen. Ondorioz, bi kasuetan nota bera jarriko du ikasleen espedienteetan.
Mobilizazioak, Hezkuntza Plataformak deituta
Aste honetan, hainbat mobilizazio egin dira herrian, Hezkuntza Plataformak deituta. Hain zuzen, instrumentu tailerra eta manikazerolada egin ziren ostegun eta ostiralean, «azterketen aurrean gure ezetza entzun dezaten». Hainbat herritarrek egin zuten bat deialdiekin.