DBH 3ko frantseseko ikasleak, Eurocité Basque proiektuan

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 27a, 02:00

HERNANI BHIko ikasleak, hain zuzen, DBH 3ko frantsesekoak, Hendaian izan dira bi egun pasatzen. Eurocité Basque proiektuaren barruan izan dira bertan. Azpeitia eta Donibane Lohitzuneko ikasleekin batera hartu dute parte. Esperien­tziaren berri eman diote Kronikari: «Lehenengo eguna autobusa hartuz hasi genuen. Eta Hendaiako aterpetxean elkartu ginen gainerakoekin. Hendaian bertan kokatzen den parke batera joan ginen eta elkar ezagutzeko jolas batzuk egin genituen, frantsesa, gaztelania edota euskera erabiliz. Bertan ohartu ginen uste baino frantses maila altuagoa genuela. Ondoren, parkean bertan, bertako animaliek nahiz landareek izan ditzaketen zailtasunez jabetzeko txosten bat bete genuen». 
Bazkaldu ondoren, Hen­daia­ko zentrora gerturatu ziren kosta alboko bidetik. «Arra­tsal­dea pasatu ondoren, aterpetxera itzuli ginen. Zortziak inguruan afaldu ostean, lasai antzera ibili ginen. Hamaike­tarako bakoitza bere logelara bidali gintuzten, nahiz eta askok parrandarako asmoa geneukan!», azaldu dute.
Hurrengo goizean, zortzi eta erdietarako jaiki ziren, gosaldu ondoren Jaizkibelera joan behar baitzuten. «Jaiz­kibeletik Hondarribi aztertu genuen hainbat arlo kontuan izanda: belar guneak, etxebizitza multzoak, ibaia, errekatxoak, itsasoa, aeroportua, industria gunea... Behatze lana egin ostean, bazkaltzera joan ginen Guadalupeko ermitara», kontatu dute. Arra­tsaldean bueltatu ziren Her­nanira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!