«Teknologia gela bat egin dugu. Hain zuzen gure gela zaharra hobetu eta XXI. mendera egokitu dugu». Horixe da Imanol Gonzalez, Josu Azkue eta Aritz Hernanik Teknoskopioa proiektu-lehiaketan aurkeztu duten lana eta lan horregatik proiektu onenaren saria jaso dute. «Gela bi zatitan banatu dugu: alde bat teoriarako da eta bestea tailerrerako. Ikasle bakoitzak ordenagailu portatila du, wifi bidez ibiltzeko moduan, eta irakasleak arbel mugikorra, digitala. Bi gelak banatzen dituen paretan kristala dago, irakasleak alde batetik bestea kontrolatu ahal izateko. Horrez gain, tailerrean, praktikarako beharrezko tresnak jarri ditugu», azaldu dute Urumea ikastolako DBH4ko hiru ikasleek.
Lan oso onak, finalean
Teknoskopioa lehiaketa Elhuyar Fundazioak antolatu du eta guztira, Euskal Herri osoko 64 taldek hartu dute parte. Urumeako DBH4ko ikasle guztiek hartu zuten parte, hiruko taldetan, Karlos Sukunza teknologia irakasleak bultzatuta, eta horietatik Gonzalez, Azkue eta Hernanik osatutako taldea sailkatu zen finalera, Euskal Herriko beste 10 talderekin. Finala joan den ostegunean izan zen Donostiako Talent Housen, eta finalista bakoitzak bere proiektuaren aurkezpena egin ostean, epaimahaiak sariak banatu zituen. Epaimahaiak azaldu zuenez, lan oso onak aurkeztu zituzten eta oso zaila izan zen aukeratzea. Hori horrela, Batxiler eta DBHko sariak ez zituzten bi mailatan bereiztu.
Hiru hernaniarrek ordenagailu portatil bana eta Teknalia Korporazio Teknologikora bisitaldia irabazi dituzte.