«Maiatzaren 28an zita garrantzitsua dugu Hernanin, Elkartasun Eguna ospatuko dugu Euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarria zabaltzeko asmoz, eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu! Guztion lana da!», deia zabaldu zuen Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ostiralean, prentsaurrean. Espainiar eta frantses estatuko Gobernuek darabilten espetxe politika dela eta, presoek eta euren senide eta lagunek bizi duten egoera «jasanezina» dela azpimarratu zuten. «Sakabanaketak dolua zabaldu du euskal etxe askotan. Sakabanaketak 21 euskal preso erail ditu 22 urteotan eta horri gehitu behar zaizkio errepideetan bizia galdu duten 16 senide eta lagunen erailketak. Hildako pertsonez gain, senide eta lagunen trafiko istripu pila kontabilizatu dira». Sakabanaketak eraginda, familia bakoitzak hilero duen kostua, bataz beste, 1.637,75 eurokoa dela gaineratu zuten. Eta kolektiboarena, 1.225.037,58 eurokoa. «Senideek jasan behar dituzten gastu ekonomikoak izugarrizko odolustea suposatzen dute eta ehunka euskal familien oinarrizko ekonomian eragiten du».
«Presoen eskubideak, oinarrizko eskubideak dira»
Presoen egoerari buruz azaldu zuten, zigorrak gero eta gehiago gogortu dizkietela, zigorra betetzearen muga 40 urtetan ezarriz, eta bizi baldintzak minimoen azpitik kokatzen direla. «Gobernuek, euren praktikara egokitzen diren legeak asmatu dituzte, baina presoen eskubideak ezin dira interes politikoen arabera baldintzatuak egon; oinarrizko eskubideak dira eta errespetatuak izan behar dira beti». «Eguneroko agresioek eta oinarrizko gabeziek presoa deuseztatzea dute helburu», azaldu zuten. Eta argi utzi zuten, eskubide urraketak salatzen jarraituko dutela.