30 urte, hitzak josten

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 23a, 01:00

amurizak eman zuen ikastaro batean hasi zen Herna­ni­ko bertso eskolaren ibilbidea, eta 30 urte geroago, oraindik bizi-bizirik jarraitzen du. Lehendik ere hitzaren jolasa ondo ezaguna zen Hernanin, eta inoiz eten ez den hariak oraintxe bizi du puria. Sagar­doari lotutako ofizioa da bertsolariarena. Beti hala izan da eta oraindik ere bai. Gaur, txotx denboraldia irekiko du Her­naniko Bertso Eskolak, Maialen Lujanbio Euskal He­rriko Bertsolari Txa­pel­du­na­ren eskutik, eta bertan izango dira, 30 urteotan eskolan pasa diren jenerazioen ordezkariak.

Hernani, bertsoa, sagardoa... beti batera

Hernanin, inoiz etenik ez du izan bertsoaren hariak, eta gaur egun, Euskal Herri mailan erreferentzi moduan hartu litekeen harrobia dauka herriak. Baina bertso eskola ez da izan aurretik egin zenaren jarraipena besterik, Hernanik eta bertsoak aintzinatik baitute lotura; Hernanik, bertsoak eta sagardoak. Hernaniko bertsolaritza zer izan den eta zer den biltzeko proiektu interesgarri batean murgilduta dago gainera Bertso Eskola. Bertako bertsolari, gai jartzaile eta irakasleei egindako 40 elkarrizketekin DVD bat plazaratu berri du, eta baita ikaste­txeetan erabil­tzeko unitate didaktiko bat ere. Horrez gain, proiektu honetako produkturik interesgarriena izango den Liburua prestatzen ari dira eta seguruenera 2011 urtean argitaratuko da.

Maialen Lujanbio, Euskal Herriko txapelduna

Txotx irekiera bertso eskolak egingo badu ere, aipamen berezia egin nahi zaio ekitaldian Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarrari, Euskal Herriko bertsolari txapeldunari. Lujanbio txiki txikitatik nabarmendu izan da bertsotarako abilidadeagatik, eta ibilbide oparo horretan 2009an jo zuen goia, Euskal Herriko txapeldun gelditu baitzen, Andoni Egañaren 16 urteko nagusitasunean erreleboa hartuta. Eta beste hernaniar bati ere erreleboa hartu dio, beste Lujanbio bati, orain hurrengo Euskal Herriko Txapel preziatua 1936an jantzi zuenari: Joxe Manuel Lujanbio Txirritari. Eta guzti hortaz gain, historiara pasako den beste zerbait ere utzi du Maialen Lu­jan­biok, bera izan baita Euskal Herriko Txapela jantzi duen lehenengo emakumezkoa.

SAGARDOA

Azi artatik sortu ziraden
lur ontako sagastiak,
guraso zarrak ondiatuta
lenago zeuden sasiak.
Bi arbol-klase jarri zituzten,
dira geza ta gaziak,
aien zumoa edan zezaten
euskaldun seme guziak.

Euskalerria paradisotzat
bezela zegon munduan,
baserri danak sagardotegi
izaten ziran orduan.
Obe genduke gaur e bageunde
garai artako moduan,
aurrerapenak gure lurrera
ara zer ekarri duan.

Sagardotegi maitagarriak,
beti zaituztet goguan,
zuen barruan neguan antxe
egoten nintzan zeruan.
Zar eta gazte danak bildurik
upeltxoaren onduan,
bertsolariak ederki daki
zenbat gozatzen genduan.

Paulo Zubiarrain
‘Hernani Txikia’


BERTSO ESKOLARI:

Bertsoak ez zituen orduan
bizi hain garai sendoak,
ia galduak zituen hitza,
kantua eta erroak,
esan liteke ia idatzi
zirela azken lerroak,
ta kume ahul bailitzan, betiko
irentsiko zun geroak,
goxotasunez zaindu zun eta
zabaldu ditu hegoak

Joanjo Uria

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!