Herenegun, abenduaren 24arekin batera, Olentzero iritsi zen Hernanira opariz gainezka, urtero bezala etxez etxe banatzeko prest. Eta hori egun osoan zehar nabaritu zen, goizetik hasi eta afalordura arte Olentzerorekin kale bueltak, errondak eta kantuak izan baitziren nagusi.
Goizean, Hernaniko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak ibili ziren kaleak girotzen. Horrez gain, azken orduko opariak egiteko aukera ere jarri zuten Gazte Asanbladakoek, Truke Azoka antolatu baitzuten.
Arratsaldeko lehenengo orduan, berriz, etxez etxe, baserriz baserri eta sagardotegiz sagardotegi ibili ziren hainbat herritar Hernanin, Bertso Eskolako kideen eskutik, eta Ereñotzun.
Arratsaldean, baita ere, ez ziren falta izan Gabon kantak. Kantuz Abesbatzako kideak kalez kale ibili ziren Kaxkoan barrena, eta Parrokiko Abesbatzak emanaldia eskaini zuen. Afaldu aurreko azken ordua, berriz, Musika Bandak girotu zuen.
Gabonetan ere Euskal Preso Politikoak eta iheslariak gogoan izan dituzte senide, lagun eta herritarrek. Euren eskubideen aldeko aldarrikapenak kalera atera zituzten arratsaldean Olentzerorekin eta egun osoan zehar elkartasun mariskadarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!