ESKOZIAKO musikak beteko du gaur Biteri, Alasdair Fraser eta Natalie Haasen eskutik. Mundu mailan izen haundikoak dira bi artista horiek, eta jira bat egiten ari dira Galizian eta Euskal Herrian. Gaur Hernanin joko dute, oso gutxitan izaten den aukera horietako bat, beraz, sarrera hartzea lortu dutenentzat. Izan ere, lehenengo egunean saldu ziren sarrera guztiak, eta Biteriko 171 eserlekuak urri xamar geratu dira, beste behin.
Biolina eta txeloa,
melodia eta erritmoa
Alasdair Fraserren biolin hotsa Eskoziako ikur bihurtu da, aspalditik, eta Natalie Haas lagun hartuta, herri musika bizi-bizi bat egin dute. Musika zelta bere gordinean; txeloaren erritmoan biolinaren melodia.
In the Moment lana ekarriko dute gaur, biek egin duten laugarrena, zuzeneko emanaldietarako sortua.
Musika eskolako 15 ikasle ere tabladura igoko dira bi izen haundi horiekin jotzera, eta extra gehiago ere izango dira: Juan Arriola, Arkaitz Miner... Fraserrek euskal musikariekin egindako lan batzuk ere joko ditu Biterin.
Kontzertua, interneten
Udal Musika Eskolak interneten botako du kontzertua, Facebooken: www.facebook.com/profile.php?id=100001697046857&v=wall. Kontzertura joateko modurik ez duenak espektakulu haundi hau zuzenean segitzeko modua egin dute horrela, antolatzaileek.
2 sarrera, Joxe Elizondori
Bi sarrera zozketatu dituzte arduradunek, eta irabazlea honakoa izan da: Joxe Elizondo Arruti, Niko.