Bosgarren edukiontzia eta supiztaileen gezurrak

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 19a, 02:00

Gipuzkoan milaka familiak lagatzen dituzte azken denboretan etxeko hondakin organikoak kaleetan horretarako ipinitako edukiontzietan; bostgarren edukiontzia zabaldu ahala, gero eta familia gehiagok egingo dute. Horretarako beren etxeetan hondakinak bereizten dituztenek (papera eta kartoia, organikoa, plastiko eta ontzi arinak, beirakiak... eta azkenik errefusa) erakusten dute ohitura aldaketa txiki batekin asko hurbiltzen garela ´Zero Zabor` helburura. Gauza bera esan dezakegu etxeetan konposta egiten duten milaka familiez.


Bostgarren edukiontziarekin konprometitu diren familiok eta autokonposta egiten dutenak, denak borondatez ari dira eta gure txaloa merezi dute. Azken finean, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo herritarrok egiten duguna berdin egiten dute haiek ere: hondakinen bilketa bereizia. Hondakinak gutxitu, berrerabili eta birtziklatzeko borrokan, guztiok elkarrekin ari gara lubaki berean.


Baina, gainera, bostgarren edukiontziarekin ari diren familiek meritu handiagoa daukate; zeren eta beren inguruan familien lautatik hiruk ´paso` egiten baitiote bilketa selektiboari, Gipuzkoako agintariek erabaki dutelako hori borondatezkoa izatea. Hor dago koxka, hain zuzen.


Gauzak argitzen hastekotan, bostgarren edukiontziaz eztabaidatzeko partez (izatez, seigarrena edo zazpigarrena izan liteke, pilen edo olioaren edo jazkien edukiontziak kontatuta), benetan gai nagusia denari heldu behar diogu: alegia, hondakinen bilketa bereizia... derrigorrezkoa ala borondatezkoa? Bestela modu batean esanda: kutsatzea libre ala kutsatzea debekatuta?


Gezurra dirudien arren, gaur Gipuzkoan bostgarren edukiontziaren propaganda egiten dutenek aspalditik dakite gauzak nola diren. PIGRUG famatuan, 2002-2016 planaren aurrerapenean, hura egin zutenek konparatu zituzten Europan hondakin organikoak biltzeko usatzen diren sistemak eta baita horien emaitza oso ezberdinak ere. Interneten, agiriaren euskarazko bertsioan 109. orritik aurrera irakur daiteke.


Gipuzkoako hondakinak planifikatzen ari zirenek 2002 baino lehen aitortzen zuten hondakin organikoaren borondatezko biketan sekula ez zuela parte hartuko familien %25 baino gehiagok. Eta alderantziz, agiriak azaltzen zuen Italian Atez Ateko bilketa derrigorrezkoak askoz emaitza hobeak ematen zituela, bai parte hartzeari eta bai hondakinen kalitateari dagokionez.


Hori dela eta, gure ustez azken denborotan sortu duten zalaparta (astakeria handiak esan dituzte, azkena Hernani-Usurbil-Oiartzunen bildutako organikoa txarragoa dela... bostgarren edukiontzietakoa baino!) ez dela hori besterik: herritarrak despistatzeko zalaparta. Zer dela eta? Batetik, ea denbora azkar pasatzen den hondakinentzako benetako soluzioak martxan jarri gabe. Eta bestetik, aurrekoa lortutakoan, beren helburua inposatzeko: herritarroi oharkabean eztarriko zulotik sartzea Gipuzkoan errauste planta eraikitzea beharrezkoa dela.


PIGRUG 2002-2016 idatzi zutenetik urrats handiak eman dira munduan ´Zero Zabor` helburuaren bila. Hego Europan, Italiako herrien ondoren Katalunia eta Baleareetako udalak jarri ziren martxan. Geroago, Usurbil, Hernani eta Oiartzunen martxan jarri den sistemak bere gain hartu ditu aurretik milioika italiarrek eta ehunka milaka katalanek ikasitakoak.


Informazio asko dago guzti horretaz. Enteratu ez diren bakarrak dira politiko axolakabe edo ezjakin batzuk, oraindik ere konparatu nahian ari direnak bilketa selektibo derrigorrezkoak edo borondatezkoak lortzen dituzten emaitzak. Gipuzkoan errauste planta sustatzen ari diren politikari, goi funtzionari eta enpresaburuek oso ondo dakite gauzak nola diren. Aspalditik dakite. Eta horrexegatik ezkutatzen dute informazioa.


Atez Ateko bilketak erdiz-erdi izorratzen du errausketa proiektua, larrubixirik eta agerian uzten duelako Zubietako planta eraikitzeko darabilzkiten argudioak gezurrezkoak direla: errauste plantek gure hondakin organiko guztien beharra daukate, ´biomasa` famatuarekin haiek justifikatzen dituztelako labea eraikitzeko subentzioak, lotsarik gabe ´berriztagarria` bataiatzen duten energiarentzako subentzioak, Kyotoko protokoloari laguntzen ari direla esanez egiten duten pozoiketa, eta abar.


Ditxosozko bostgarren edukiontziarekin haiek, supiztaileek, ondo dakite herritar burutsuenek birtziklatzen segiko dutela erantzunkizunagatik, baina aldi berean beraiek lortuko dutela hondakin organikoen %75 eskuratzea, hura kixkalita negozioa egiteko. Eta haien labeak hemen nahiko ´janari` ez baldin badauka, orduan urrutitik ekarriko dituzte zaborrak hemen erre eta gu pozoitzera: Alemanian ondo dakite, hara kanpotik urtean bi milioi tona zabor eramaten dute kixkali eta negozioa egiten segitzeko.


Guretzako birtziklatzea obligazioa da, zebrabidean autoa geratzea den bezala. Baina errauste planten supiztaileentzako birtziklatzea arazoa da, haiek deskubritu baitute zaborra (dena nahastuta, jakina) erregai subentzionatua izan ditekeela. Guk pagatua, alegia: zabortegi ibiltari bihurtu nahi gaituzten herritarrok pagatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!