CinemAmbiente Environmental Film Festival

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 19a, 02:00

Italiara gipuzkoar koadrila zabalak egindako bisitan dena ez da izan Atez-Ateko bilketa, konpostatze plantetara bisita eta udal ezberdinekin bilera. Turinen pasatako bi egunetan, besteak beste, aukera izan genuen CinemAmbiente – Environmental Film Festival ingurugiroari buruzko zine festibalaren sari banaketa ikusteko.

Europa mailako festibalik inportanteena omen da hau ingurugiroaren tematika lantzen dutenetatik. Aurten­goa 13. edizioa da eta 24 herrialde ezberdinetan ekoi­tzitako 80 film aurkeztu dira, gehienak dokumentalak, esan digu Gaetano Ca­pi­zzi festibaleko zuzendariak. Hiru sari banatu dira festibalean: Nazioarteko Doku­men­tal Onenaren Saria, Ita­liako Dokumental Onenaren Saria eta Nazioarteko La­bur­me­traia Onenaren Saria. Hiru saridunen kontaketa egingo dugu motzean; agian egunen batean Hernanin edo Donostian horietakoren bat ikusteko aukera izango dugu.


Nazioarteko Dokumental Onena: ‘Life for Sale’ (Bizia salgai). Grezia, 2010. Zuzendaria: Yorgos Avgero­poulos. «Zer pasako litzake munduko ur erreserba guztiak konpainia pribatuen esku geratuko balira? Seguruenik, petrolioarekin gertatzen den bezala, boteredun gutxi ba­tzuek merkatu guztia kontrolatuko lukete, ura nahi duten prezioan jarriz eta etekin mordoa ateraz». Hori da Yorgos Avgeropoulosek pan­tailan jartzen duen gaia, Txileko Atacama desertuan gertatzen dena erakutsiz. Pribatizazioa dela medio, ura bezalako beharrezko elikagai bat luxuzko merkan­tzia izatera pasa da Atacama desertuan. Konpainia haundiek mehatzetan kobrea ateratzeko nahi duten ura erabiltzen duten bitartean, bertako indioek ez daukate erosteko dirurik.

Dokumental italiar Onena: ‘Le white’ (Zuriak). Italia, 2010.
Zuzendaria: Simona Risi. Milango periferiako auzo batean kokatzen du pelikula. 1986an eraikitako bloke zurietan 150 familia bizi dira, bariante baten eta tiro zelai baten tartean. Le white (zuriak) izenaren arrazoia da etxe guztiak amiantoarekin forratuta daudela. Euskal Herrian ere oraintxe dago aktualitatean amiantoa (uralitan eta bestelako isolamenduetan asko erabili izan dena), haren hautsak kantzerra eragiten duelako. Pelikulako protagonistek bizilagun talde bat osatzen dute, auzoko biztanleei amiantoren arriskuez informatzeko helburuarekin. Borroka bat hasten dute agentzia lokalen kontra etxeetako material hori aldatzeko asmoz eta 24 urtetako borrokaren ondoren badirudi bataila irabaziko dutela.


Nazioarteko Laburmetrai Onena: ‘How Green Was Our Valley’ (Gure bailara bai zela berdea). Iran, 2009
Zuzendaria: Fereshteh Jogha­taei. Irango herrixka batean presa hidroelektriko bat eraikitzen ari dira. Urtegia bete­tzen hasi eta errekako urak gora egiten duenean, bailara berde bateko 63 herri ur azpian geldituko dira eta bertako herritarrak alde egitera behartuta daude. Ur azpian geldituko den herri batean santutegi sakratu bat dago eta herritarrak mirari baten zain daude, dilubio uniber­tsaletik salbatuko dituen mirari bat. Industria garapena eta nekazaritza lurretan eragiten den txikizioaren adibide garbia da pelikula.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!