«Musika Eskola erreferentzia bihurtu da herriarentzako, musikariak behar direnean hona jotzen du edonork»

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 23a, 02:00

Iñaki Eguren Hernaniko Musika Eskolako irakaslea, pozik agertu da aukeratu izanagatik San Joanei hasiera eta amaiera emateko. 25garren urteurrenarengatik diska liburua prestatzen ari da Joxan Goikoetxea Musika Eskolako zuzendariarekin batera.

Erabaki al duzue nork botako duen suziria edota nork hitz egingo duen?
Bai. Hasieratik dauden irakasleak izango dira txupinazoan parte hartuko dutenak. Joxan Goikoetxea, Juan Mari Beltran eta Arantxa Alberdi dira 1980etik, Musika Eskolaren sorreratik, lanean daudenak. Zehazki ez dakit nola egingo duten, baina uste dut Arantxa egongo dela banderekin, Joxanek hitz egingo duela eta Juan Marik botako duela suziria. Juan Mariri uste dut suziriarenak beldur pixka bat ematen diola baina...

Garrantzitsua izango da Musika Eskolarentzat horrelako gauza baterako aukeratzea.
Bai, jakina. Berezia da, batetik 25 urte betetzea berezia delako, eta bestetik San Joanetan Musika Eskolak duen presentziarengatik. Musika Es­ko­lak 25 urte betetzen ditu eta San Joanetako dianak jotzen 24 betetzen ditugu aurten. Gainera, beste hainbat ekitalditan ere parte hartzen dute gure musikariek. Harrotasun puntu bat ere ematen du hbertara igotzeko aukeratu izateak.

Zer nolako presentzia du Musika Eskolak San Joanetan?
San Joanetako programan, Musika Eskola bezala egiten ditugu dianak, 26ko buruhaundiak, txupinazoaren on­doren ateratzen diren musika talde­txoak eta 27ko Axeri Dan­tza. Horretaz gain, Akelarrean, San Joan Konpartsan, eta beste hainbat ekitalditan Musika Eskolako musikariak atera­tzen dira baita ere. 24 gauean, 22 edo 23 urte izango dira dultzaineroen topaketa moduko bat antolatzen dugula, eta Larrain Dantza egiten dugu. Herna­niko Musika Eskolakoak hasi ginen baina gaur egun inguruko musika eskoletakoak hurbiltzen dira baita ere. Gutxi gorabehera, Eskola­ko musikariek egunean 2 edo 3 saio egiten dituzte.

Dianak goizeko 07:00ak aldera izaten dira. Denbora ematen al du parranda egiteko?
Bai, baina batzuetan bezperan hasi behar izaten dugu parranda eta zuzenean diana jotzera joan. Bestela, ez da izaten beste modurik biak lotzeko.

25garren urteurrenagatik diska liburua prestatzen ari zarete Joxan Goikoetxea eta zu. Noizko pentsatzen duzue kaleratzea?
Horrekin arazo batzuk izaten ari gara. Irailean, bukaera aldera, festa bat egin nahi genuen 25garren urteurrena ospatzeko. Kurtso hasiera da, eta gainera Musika Eskolak, orduantxe beteko ditu 25 urte. Baina fetxa horietan Euskal Jaiak ospatzekoak dira eta datarekin pixka bat kolokan geratu gara. Saiatuko gara festa urrira mugitzen eta orduan aurkeztu eta kaleratuko dugu diska-liburua.

Gaur egun zer nolako osasuna du Musika Eskolak?
Nondik begiratzen zaionaren araberakoa izaten da hori. Oinarriari begiratuta, hau da, ikaslegoari begiratuta, osasuna oso ona du Musika Eskolak, eta luzerako izango dela dirudi. Matrikulazio aldetik, a tope gabiltza. Ez gara gehiago sartzen Eskolan. Baina hortik dator gure osasunaren alde txarra. Espazioaren aldetik, eraikin honetan ez gara jende gehiago sartzen. Badirudi, Kultur Gunearen istorio honekin Udaletxean gauzak mugitzen ari direla, baina horretarako urte batzuk joango dira eraikitzen dutenerako. Ikaslerik ez dugu falta eta lanik ere ez, oraingoz. Orain, San Joanetako istorio honekin konfirmatzen ari gara lehendik ere bagenekiena, herrian kontsiderazioa baduela Musika Eskolak eta horrek beti animoa ematen du aurrera jarraitzeko.

Musika Eskolak ekarpen haundia egiten dio herriari, ezta?
Nik uste baietz, baina herriak Musika Eskolari baita ere. Guk antolatzen ditugunen artean, Albokari Topaketak 18 urte bete ditu, Txalaparta Festak 24garren urtea egin du, Txistularien Topaketan 6 egin ditugu,...eta horrelako jaialdiekin bakarrik. Piano jaialdia ere egiten dugu, baina Andoaine­ko Basterora eraman behar izan genuen 900 lagunek parte hartu zutelako eta Hernanin non sartu ez genuelako, baina guk antolatzen dugu. Baita ere, igandero kalez kale ateratzen ditugu talde­txo horiek herriko kaleak alaitzeko. Herriko auzoetako festetarako ere musikariak bidaltzen ditugu edota herrian antolatzen diren bestelako jaialdietarako, adibidez, Dan­tzari Festarako. Pixka bat erreferentzia bihurtu da herriaren­tzako Musika Eskola, musikariak behar direnean hona jo­tzen du edonork.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!