Bai Udalbiltzari Babes Taldea Hernanin: «Denak hipotesiak dira; ez dago froga bat bera ere, Udalbiltzaren kontra»

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 18a, 02:00

Uztailaren 15ean hasiko da Udalbiltzaren kontrako epaiketa, Audientzia Naziona­lean. Uztailaren 16an, 22an eta 23an jarraituko du, eta irailean beste sei saio daude aurreikusita. 2003an hasi zen auzia, eta 22 kide daude auzipetuta, ETAko kide izatea leporatuta; 10 eta 23 urte bitarteko zigorrak eskatzen dituzte akusazioek. Auziaren kontra, Elkarretaratzeak deitu dituzte bihar, eta ekainaren 23an.

Baltasar Garzonek aginduta, 2003an Udalbiltzaren kontrako auzia hasi zen. 22 pertsona auzipetu zituen, eta Udalbiltzaren behin betiko disoluzioa agindu. Aku­sa­zioek 10 urte eta 23 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte, eta abokatuek kargu guztiak bertan behera uzteko, «ez dagoelako akusatuen kontrako froga dokumentatu bat bera ere». Epaia uztaila eta irailean izango da. Saioak: uztailaren 15-16-22-23an, eta irailean sei egunetan. Auziaren kontra, eta Udal­biltzaren alde, Babes Taldeak sortu dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, eta baita Hernanin ere. Manuel Fraile eta Agustin Ezponda dira Babes Taldeko bi kide, eta Kronikari azaldu dizkiote taldearen helburuak zein diren. Bi auzipeturekin ere hitz egin du Kronikak, Kar­mele Urbis­ton­do Urni­eta­ko zinegotzi ohia­rekin, eta Juan Carlos Alduntzin Pasaiako Alkate ohiarekin.

«Froga dokumentaturik ez»
Urbistondo eta Alduntzin dira auzipetutako 22 kideetako bi. Diotenez, akusazioak ez dau­ka froga dokumentaturik be­raiek ETArekin lotzeko, eta dena «epaile baten hi­potesi bat» da. «Udal­bil­tzako kide gi­nela? Horixe! Guk ez dugu hori ukatzen, eta ez dugu ukatuko. 1.500 zinegotzik aukeratu gintuzten. Baina zer delitu dago hor? Zer delitu egin du­gu? Ekonomikoa? Dirua jasotzen zuela Udal­bil­tzak? Noski. Eta diru guztia publikoa zen; Udaletxe as­kok egin zuten aportazioa, Ple­noek hala erabakita. Era­ba­ki publikoak dira denak». Udalbiltzak jaso zuen diru pribatu bakarra 400.000 euro izan omen ziren, Zube­roari laguntzeko egindako kanpainarenak. «Diru haiek denak bloketatuta daude», diote auzipetuek. «Gainera­ko diru guztiak publikoak di­ra, Euskadiko diru-kontu pu­­bli­koen Auzitegiak ere ha­la­xe dio». «Baina bestela ere, gu ETArekin lotzeko zein froga da hori?».

«Erabaki politikoa»
Auzia erabat politikoa de­la diote Babes Taldeko kideek. «Beldurtu egin ziren, Udal­bil­tzaren bidez oso elkarlan bat hasi zelako Euskal He­rri­ko herri askoren artean; mu­gaz bi aldeko herrien artean... Oso interesgarria zen gure­tzat, eta oso inkomodoa estatuarentzat. Eta kitto! Horre­ga­tik desegin zuten». Mugaz bi aldeko herrien elkarlana gero eta normalagoa dela diote lau kideek, Europa eta mundu mailan, eta hori delitu izendatzeko arrazoi bat bera ere ez dagoela. «Gu udal zinego­tziak izandakoak gara. Udalbiltza egitea guk erabaki genuen, 1.500 zinegotzik publikoki. Alderdi askotako zinegotziak ginen tartean. Udalbiltzako hautetsiak ere hala erabaki ziren. Euren delitua gure delitua da orduan, ezta? Horregatik gara Babes Taldeko kide. Gure babesa zuten orduan, eta daukate orain», dio Frailek.

Auziaren kontrako bi ekintza
Hernaniko Babes Taldeak el­ka­rretaratzea deitu du, bihar, 12:30etan Gudarien plazan. Ekainaren 23an, San Joan suarean inguruan, elkarretaratzea eta dantza egingo dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!