Hitzarmen berria onartu zuen atzo Plenoak Floridarako, lehen AMR Refractarios enpresa zegoen lur-eremurako. Hitzarmenak urbanizazio planaren oinarrizko datuak zehazten ditu, eta horren arabera, Floridan 332 etxebizitza berri eraikiko lirateke. 200 etxebizitza libreak izango dira; 66 tasatuak, eta 66 babes ofizialekoak. Babes ofizialeko etxebizitza guztiak eta tasatu guztiak hernaniarrentzat izango dira; guztira 132.
Hitzarmena Hernaniko Udalak eta Etorlur enpresa publikoak sinatu dute, eta horren arabera, Hernaniko Udalak eskuratuko ditu: 600 m2ko lokala, babes ofizialeko 15 etxebizitza, eta Landare-Toki eremua, errugbi zelaia eta inguruak, 33.700 m2ko eremua, alegia.
Atzoko Plenoak aho batez onartu zuen hitzarmena.
2005etik datorren operazioa
2005garren urtean hasi zuten operazio urbanistiko hau, eta hitzarmena gaur onartu du Plenoak, Arau Subsidiarioen berrikusketaren LH-12.10 areari buruzkoa. Batez ere bi ziren egin beharreko mugimenduak: 1) AMR Refractarios enpresa Ibaiondo poligonora eramatea. 2) AMR zegoen eremuan hirigintza plan berria egitea.
AMR enpresa Ibaiondora mugitu zen, Hernaniko Udalak jarritako lur-eremura. Ordainez, Etorlur enpresak emanda, Hernaniko Udalak eskuratuko ditu: 15 etxebizitza babes ofizialekoak, erregimen generalekoak; 600 m2ko lokala, beheko solairuan; Landare Toki lur eremua, Diputazioarena zena orain arte, eta hemendik aurrera Hernaniko Udalarena izango da (1980tik erabiltzeko utzia zion Diputazioak Udalari).
Aldaketa batzuk
Hasierako planetik, aldaketa batzuekin onartu da hitzarmen berria. Etxebizitza kopurua berdina izango da, baina eremu zabalagoan egingo da eta etxebizitzen altura jaitsi. Etxetik etxerako espazioak irabazi eta argitu egingo dira, aparkaleku eremuak aldatu, eta Florida kalea zabaldu.
Osakidetzako langileen mozioa onartu zen
Hernaniko Anbulatorioko langileen mozioa onartu zuen Plenoak atzo, Gobernu Taldea, EAJ, Hamaikabat eta EBren aldeko botuekin. PSE-EEk mozioa aztertzeko denbora gehiago behar zuela eskatu zuen (azken orduan sartutako mozioa zen), eta PPk aurka bozkatu zuen. Osakidetzak erabaki du Hernanin gaueko larrialdietako zerbitzua kentzea, eta horren aurrean, Hernaniko Anbulatorioko langileek Hernaniko Udalari babesa eskatu diote, Anbulatorioan larrialdietako orduak gutxitu ez daitezen.