EIBAR futbol taldea igoera play offean ari da bete-betean, eta gaur, hurrengo fasera sailkatzeko partidua du, Alcoyano talde indartsuaren kontra, arratsaldeko 19:30etan. ETB1en ikusteko aukera izango da gaurko partidua, eta tartean, Hernaniko jokalari gazte bat ikusteko aukera izan dezakete Hernaniko futbolzaleek. Gorka Kijera, 24 urteko hernaniarra, denboraldi bikaina egiten ari da Eibarren. Horren adierazle, aurten minutu gehien jokatu dituena izatea (3.094 min). Goi mailako futbola ezaguna du Kijerak, Errealean eta Atleticen aritua baita, bigarren taldeetan.
«Eibarren, famili giroan»
Gustora ari da Kijera Eibarren, Kronikari azaldu dionez: «Eibarren oso gustora ari naiz. Eibarren famili giroa daukatela entzuna nuen, eta egia da». Hernaniarrak Eibarren minutu asko jokatu ditu, eta datorren urtean ere bertan ariko da seguru asko, urtebeteko kontratua geratzen baitzaio.
Lesio bat dela medio, gaur ez zuela jokatuko uste zen, baina hernaniarrak jokatzeko aukera ez du baztertu, Kronikari egindako adierazpenetan. Dena dela, gaur irabazteko asmo osoa dute, eta beraz, aurrerago ere, jarraitzeko aukera izango dute, zaletuek.
Joanekoan 0-0 berdindu zuten Eibarrek eta Alcoyanok. Gaur, Ipuruan, hurrengo fasera pasatzeko esperantza dute eibartarrek; hernaniarren bultzada ere izango dute.