Joxe Mari Goikoetxeak 10.000 m2 lur dauzka Altzueta baserrian, inbernaderoetarako erabiltzen dituenak. Abiadura Haundiko Trenak erdiz erdi harrapatuko dizkio inbernadero horietako batzuk (argazkiko inbernaderoaren erdian dijoa AHTaren zutabe bat). Bertan produzitzen jarraitzeko asmoa du Goikoetxeak, baina beste erremedio bat ere bilatu behar izan du. Diputazioak Arizmendin egingo duen Agroaldean esplotazioa jarriko du Goikoetxeak. Goikoetxeak dio, aspalditik datorrela Agroaldearen kontua, eta badutela gogoa lehenbailehen bukatzeko. Diputazioan Garraio Departamenduak ahalmen haundia daukala dio «lobby moduko bat», eta horrek ekarri omen du Agroaldea Astigarragan egingo zela esan, eta azkenean kamioientzako aparkamentua egitea, edo Garraio Hiria.
«Beharrezko konpentsazioa»
Gipuzkoan lur mugimendu ikaragarriak izan dira azken urteetan, eta Donostialdea eta Buruntzaldean batez ere hiru azpiegitura publiko dira lur mugimendu haundienak eragin dituztenak: Abiadura Haundiko Trena, Donostiako bigarren saihesbidea, eta Urumeako autobidea. Horrek galera haundia ekarri du nekazal lur erabilgarrietan, eta konpentsazioren bat behar zuten nekazariek, Goikoetxeak dioenez. «Beharrezkoa zen konpentsazio bat, eta hortik sortu zen Agroaldearen ideia; esplotazioak zituzten nekazariei aukera bat ematea».
Hernanin 4-5 afektatu
Hernanin, lauzpabost esplotaziori eragingo die azpiegitua horiek, Altzuetaz gain.
Agroaldea, 3 hektarea
nekazaritza intentsiborako
Agroaldean inbernaderoentzako lekua izango da. Azpiegitura jarri egingo zaie: ura, beroa, eta abar. Beroa, gero norberak ordaindu beharko du, baina hasierako inbertsiorik ez dute egin beharko. Gero ere, merkeagoa izatea espero dute, sistema berria jarriko dutelako, eta denen artean ordaindu beharko dutelako. Biomasa bidezko berogailua izango du Agroaldeak.
Zortzi bat nekazarik jarriko dituzte bertan inbernaderoak; horietatik batzuk nekazari hasi-berriak. Besteak, Goikoetxea bezala, azpiegiturekin afektatuak.
Labeleko tomatea,
sistema hidroponikoan
Altzuetako inbernaderoak oraintxe daude landare-berriz beteak. Neguko deskantsualdia ez dute oso luzea egiten, eta oraintxe ekarri eta aldatzen ari dira landare berria. Ia dena tomatea dute; Jack bariedadekoa; Eusko Label kalitate ziurtagiria daukana.
Uzta luzea lortzen dute Altzuetan. Orain, batean hasi dira landarea aldatzen, eta beranduxeago landatuko dute besteetan. Horrela, lehendabiziko uzta biltzen dutenean, bigarrena biltzeko moduan izango dute; gero hirugarrena... Ia urte guztian izaten dute tomatea, eta inguruan saltzen dute gehiena: Hernani, Donostia, Gipuzkoa. Sistema hidroponikoa erabiltzen dute. Landarea zakutan sartzen da (ez lurrean), harri-txintxar edo perlita moduko batez betetako zakuetan, eta hor emango zaizkio behar dituen ur, mineral eta abarrak
AGROALDEA
Astigarragan kamioi-parkina, Agroaldearen partez
Iskanbila sortu du Agroaldea deitu dioten proiektuak. Agroaldea hori Urnietan egingo dute azkenean; 3 hektarea izango ditu eta bertan esplotazioak jarri ahal izango dituzte, azpiegitura publikoak eraginda, euren lurretan kalteak izan dituzten nekazariek. Hori da azken erabakia, baina iskanbila sortu duena izan da, hasieran beste leku batean zela egitekoa Agroaldea hori; Astigarragan hain zuzen, eta denak onartua zirudienean, Diputazioak kamioientzat aparkaleku bat egiteko asmoa azaldu zuen lur horietan. Astigarragan egin behar zuten Agroaldea, Perurena inguruan, bidez bi aldeetatik. 7 hektarea lur, Buruntzaldean, obra publiko haundiek eraginda kalteren bat izan zuten nekazarientzat. AHTa, Donostiako bigarren saihesbidea, Urumeako bariantea... Obra haundi horiek, zuzenean 20 esplotaziori eragingo diete Buruntzaldean. Kaltetuak gehiago dira; nekazaritzatik bizi direnak 20 inguru. Hernanikoak 4-5 inguru. Horietatik zortzik dute asmoa Agroaldean sartzeko. Hernaniko batek. Proiektua onartua zeukaten, bai Diputazioak, eta bai nekazariek. Nekazarientzat diru laguntzak adjudikatuak zeuzkan bai Diputazioak eta bai Eusko Jaurlaritzak; guztira 822.000 euro diru-laguntzetan. 2009ko abenduan, Diputazioak jakinarazi zuen, Astigarragan ezetz, Urnietan egingo zela Agroaldea. 3 hektareakoa. 8 nekazarirentzako lurrik ez zen izango. Agindu zuten beste leku batzuk bilatuko direla, denentzat.
Nekazariak haserre
Behemendi nekazari elkarteak salatu duenez, «nekazaritza eta ingurugiroa beti bigarren planoan geratzen dira, Diputazioaren barruan ere, departamendu batek gehiago agintzen du besteak baino. Guk Agroaldea berria onartzen dugu, baina ezin dira nekazariak horrela ibili».