«Egun guztia ariko nintzateke sagarrari buruz hizketan, eta hala ere, beti harrituta uzten nau». Asko ezagutzen du Goikoetxeak sagarra. Ezagun du hitz egiteko moduan. 700 bat sagar arbola dituela dio, eta terreno gehiago balu, berehala hasiko omen litzateke sagarra sartzen.
«Lorea erakutsi du, baina eguraldiak bota egin dio»
Goikoetxearen esanetan, sagarrak bere urtea ez duenean, lore ahulagoa ekartzen du, eta aurten hori pasa da: «Lehengo urtekoa aspaldi ez nuen ezagutu. Orain 40 urte izan zen tankerakoa, gogoan dut, Pasaian kargatu eta Asturiasera nola eraman zen sagarra. Aurten, berriz, ez da izan sagarrik. Lorea erakutsi zuen, eta eguraldiak bota egin zion. Nik ikusi dudan arbolik loretsuena iaz ikusi nuen; eta gero, ez zuen sarekada bat sagar eman».
30 bat sagar klase, denak tolare sagarrak
Elorrabiko sagastietan 30 bat sagar klase omen dira, eta denak tolare sagarrak, sagardo sagarrak. Dena dela, tartean ba omen dira jateko oso sagar ederrak. «Bat bada, adibidez, Azpeiti sagarra, erreta jateko oso ona. Eta gordinik ere bai. Azaroan azkenean oraindik ederki egoten da arbolan».
Bertako sagarra
Goikoetxeak garbi dauka, hemengoak lan gehiago duen arren, emaitza hobea duela. «Guk bost urtean egin dugu ia %80 bertako sagarrarekin. Etxekoa asko, eta gero ingurutik ekarria, Meagas, Getaria, eta abar».
«Garai batean auzo lanean laitzen zen sagastia»
Sagastia ondo edukitzeko, lan asko egin behar omen da. Garai batean laiarekin pasatzen omen zen sagastia, auzo lanean. Orduko konturik ez da orain, baina Elorrabin lan asko egiten da oraindik sagastian. «Oraintxe gutxi, 148 arbola pasa nituen makinarekin, ipurdiaren bueltan 3 metroko diametroan, eta bota nien karea, eta 15:15 ongarria». «Horrek mesede haundia egiten dio arbolari, baina denbora behar da, eta lana da, lan haundia».
Sagardotarako nahasketa egokia
Sagar klase horiek denak nola nahastu behar diren galdetu diogu Goikoetxeari, sagardo ona lortzeko. Nahasketaren sekretoa sagar mikatzean dagoela dio Goikoetxeak: «%15 behar du gazia, %20 gozoa, eta %65 mikatza. Hori horrela da, eta guk etxean, mikatzak baditugu 13 klase. Andre sagarra bastante, buruan ilea bezala ematen du, txiki-txikia da, Añarregitik ekarria».
Garai batean Añarregi baserria oso sagar-leku ona omen zen. «Añarregin, aldi batean, 160 karga bildu omen zituzten behin. Karga bakoitzak 300 kilo ditu, atera kontuak!».
Aurtengo sagardoa
Aurten sagardo politak omen datoz Elorrabin. Dena dela, Goikoetxeak dioenez, kostako da aurtengo San Joanetan, iazkotan edan zen sagardoa bezain ona edaten.