atez ateko hondakin bilketa martxan jartzeko, herritarrek ezagutu eta bere egin dezaten nahi du Udalak. Horregatik bilera errondak egiten ari da auzoka eta sektoreka, besteak beste. Bileretan atez atekoaren aukera zergatik egin duen eta alderdi praktikoak azaltzen ari da ahal duen neurrian. Orain arte ia dozena bat bilerako erronda egin du eta datorren astean bigarren errondari ekingo dio.
Orain artekoen balorazioa
Ostegunean, orain arte auzoka eta sektoreka egindako bileren balorazioa egin zuen Udalak; bertan azaldutako galdera, kezka, proposamen eta abar azaldu zituen eta hemendik aurrera emango dituen urratsak aipatu zituen.
Ia 600 lagunek hartu dute parte orain arteko bileretan, adin, sektore eta gune ezberdinetakoak. Besteak beste, bilera horietako emaitza batzuk jaso dituzte, esate baterako, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkateak adierazi zuenez, bilera gehienetan proposatu zen zabor bilketa egingo duten kamioiak gauez ibiltzea. Goizean, Alkateak Usurbilera atez ateko hondakin bilketa bertatik bertara ezagutzeko egindako bisitan adierazi zuenez, «jendeak bilketa gauez egitea proposatu du, eta horrek trafiko arazoak saihesteko ere balioko du Hernanin».
Bestetik, bileretan jasotako galderak eta kezkak ere gogoan hartuko dituztela adierazi zuen lan taldeak: jendea gehien kezkatzen dituen gaiak besteak beste, honakoak dira: komertzioen egutegia eta ordutegia, txotx denboraldia bezalako garai berezietako ordutegia, landaguneetan bilguneak non jarri, zaborrarengatik ordaindu beharreko tasak, zer egin bestelako hondakinekin, esate baterako, galtzerdi zaharrak edo olioa, eta abar.
Osteguneko bileran adierazitakoaren arabera, herritarrak, oro har, ados daude hondakinak biltzeko proposatutako egutegiarekin.
Hiru zonatan banatuko dute herria, bilketaren arabera
Hondakinen bilketa antolatzeko, hiru zonatan banatuko dute herria: herrigunea, landagunea eta industrigunea.
Herrigunean atez ateko sistema ezarriko da bete-betean; hondakin bakoitza egun jakinetan eta ordu jakinetan atera beharko da; emergentzi gunea ere izango da, hondakin berezientzat.
Landagunean, orain arte Behemendik kudeatu duen sistema erabiliko da; bizilagunek gaika atera beharko dute zaborra baina bilketa ez da ateetara egingo, gune seinalatuetara eraman beharko dute; ahal den neurrian autokonpostajea bultzatuko da.
Industriguneetan orain arteko sistemarekin jarrituko dute oraingoz; hala ere, zehaztu zuten industriguneetan 2005az geroztik egiten ari direla gaikako bilketa.
Prestatzen ari dira
Pixkanaka zehazten ari dira zonalde bakoitzean eman beharreko pausoak. Herrigunean esate baterako, zintzilikarioak non jarri zehazten ari dira, auzoetan eta Kaxkoan; hondakinak jasotzeko ibilbideak zehazten ari dira; larrialdiguneak egokitzen ere ari dira.
Nekazalgunean Behemendirekin hitz egiten ari dira sistema egokitzeko; tartean geratuko diren auzoetan, Epelen esate baterako, zer egin pentsatzen ari dira; saiatuko dira autokonpostajea sustatzen (tasetan egindako deskontuekin eta sustatzea begiratzen ari dira).
Merkatarien eskakizunak
Merkatariek, ostalariak barne, sortutako hondakin kopuru eta motaren arabera ordaindu beharko dute, eta ez orain arte bezala, komertzio motaren arabera.
Udalak adierazi zuen kontuan dituela merkatarien eskaerak eta proposamenak eta aztertuko dituela, esate baterako, ordutegia egokitzearena.
Garbigunea eta informaziogunea
Jende askok galdetu du ez ohikoa den zaborrarekin zer egin behar den, esate baterako garbigailu zaharrak, altzariak eta egurra. Horientzako Garbigune izeneko gune bat izango da.
Horrez gain, datorren astean informaziogune bat irekiko dute Kardaberaz kalean.
HERRITARREN GALDERAK
Ez da hobe froga egitea zona batean? Esperientziak erakutsi du, arrakasta izateko, denean batera jarri behar dela, bestela jendeak ez du betetzen.
2) Noiz jarriko da?
Lehenbailehen, baina gauzak ondo eginda; informatu eta azpiegitura prestatzean. Udaberrian.
3) Isunak jarriko dira?
Gaur egungo ordenantzak ere isunak jartzea aurreikusten du baina ez dira jartzen. Asmoa da jendea hezitzea. Hasieran nahastea normala da; jarraituz gero, informatzaileek parte hartuko dute; eta txarrera jarriz gero, bakarrik jarriko lirateke isunak. Usurbilen lehenengo isuna 8 hilabete pasa eta gero jarri dute.
4) Zaborra ez bada ondo botatzen, zer egingo da?
Zabor biltzaileek ez dute jasoko eta oharra utziko dute.
5) Bakoitzaren ontzia zein den jakingo da? Pribatua izango da?
Ontziek kodigo bat izango dute; ez dute izenik jarriko.
6) Eskoletan ezer egingo da?
Banaka banaka joango dira eskoletara; baita elkarte gastronomikoetara, erakunde publikoetara eta abar.
7) Zonalde batzuetan -landaguneetan- bilguneak baldin badaude, ez dago arriskurik edonork hondakinak han botatzekoa?
Landaguneetako bilguneetako sarbidea kontrolatu egingo da.