Urko Apaolaza
HOTZ egiten du, goizeko 07:30ak dira. Hernanin Zero Zabor taldeko kideak korro bat eginda daude Atsegindegin, txanoak buruan eta kamerak eskuan. Usurbilera doaz helburu bakarrarekin: bertatik-bertara ikustea atez ateko zabor bilketa sistema nola egiten den. Usurbilen martxoan hasi ziren basura atez ate biltzen, Udaleko partidu guztien babes edo abstentzioarekin; Hamaikabat taldea dago, bakarrik, horren kontra. Hortaz aparte, bada atez atekoaren kontrako plataforma bat, bere garaian 800 firma bildu zituena. Hala ere, herritar askoren artean satisfakzioa nagusi da momentuz, emaitzak ere halakoak izan baitira: %82 birziklatzen da, Euskal Herriko tasarik altuena.
Non dago zaborra?
Lehenengo sorpresa furgonetetatik ateratzean jaso dute zerozaborkideek: abiatu dira plazara, hasi dira basura organikoaren kubo marroi famatuen bila eta ez dute haien arrastorik ere aurkitu. ´Baina nola?` galdetzen du batek harrituta. Joxe Mari Irazusta usurbildarra atez ateko sistema martxan jartzeko lanean aritu da eta berak esplikatu du misterioa: ´Herritarrekin adostu dugu non eta nola jarri zintzilikarioak, horregatik ez dira hainbeste ikusten`. Hau da, zintzilikarioek ez dutela derrigorrez portalaren ondoan egon behar, toki diskreto eta erosoagoak ere aurkitu daitezke. Usurbilgo kaxkoan, adibidez, kale buelta batean daude horietako asko, beste asko elizaren horma batean... Gainera, sektore ezberdinekin adostu dituzte baldintzak: dendariekin, soziedadeekin, eta abar.
Milan hiria da, Usurbil ere bai
Basura jasotzeko brigadak 08:30ak inguruan pasatzen dira herrigunetik. Jendeak badaki brigada etxe azpitik pasatzen den ordu konkretua eta askok orduan jaisten du kuboa. Langileak kontenedore gurpildun batzuekin dabiltza batetik bestera: ´Kamioiarekin ezin dugu leku guztietara iritsi, eta hola soinu gutxiago ateratzen dugu` dio langileetako batek. Larunbata denez, basura organikoa biltzea tokatzen da. Kalitate oso onekoa dela dio, arazo gehien plastikoak ematen duela: ´Jendea oraindik pixka bat liatu egiten da`. Hala ere, Usurbilen jasotzen den plastikoa beste herrietakoa baino dezente garbiagoa da, materialaren %11 besterik ez da desegokia.
Atez ateko sistema bakarrik herri txikietan dela posible esan izan dute, baina Usurbilgo edifizioei bistazo bat ematea nahikoa da ohartzeko hirian gaudela: lauzpabost pisuko blokeak, kale estuak, urbanizazioak... Milan txiki bat da Usurbil. Kontenedorerik ez da inon ageri, beira botatzekoa (berdea) mantendu dute bakarrik, eta zaborrontzi txiki gutxi batzuk ere bai. Usurbilen goizeko 09:00etatik aurrera ez da apenas basurarik ikusten kalean, ez lur gainean, ezta lur azpian ere.
Portal batetik emakume bat ateratzen da bataz jantzita; ondoko zintzilikarioan dauden lau kubo hutsak hartu eta barrura doa berriz ere: ´Besteena ere jasotzen al duzu?` galdetu diote, ´Bai, etxe honetan gehienak ezagunak gara eta hola komodo egiten zaigu`. Ikusitako hori galdutako balore bat dela dio zerozaborkide batek, bere ustez lehen auzolana egiten zen eta orain indibidualismoa nagusitu da: ´Atez atekoa elkarlaguntzara itzultzeko modu bat da`, dio.
´Basura turismoa`
Bisitaren amaieran ´larrialdi gunera` joan dira. Hesitutako toki horretan 24 orduz utzi daiteke basura. Hala ere, hesia tarjeta bidez irekitzeko kontrol-sistema jarri nahi dute, zeren-eta herritar batzuek basura separatu gabe eramaten dute hara oraindik: ´Momentu honetan ihesbide bat da –dio Irazustak– horrekin ez da basura turismoa egin beharrik`. Jendeak basura beste herrietara eramaten ote duen zurrumurruaz ari da. Izan ere, Usurbilen zabor kopurua asko murriztu da eta ´desagerketa` hori susmagarritzat jo du zenbaitek. Atez ateko arduradunek hainbat arrazoi eman dituzte: autokonpostajea (400 familia), krisiak kontsumoa gutxitzea, eskonbroak...
Hernanira bueltan, baikortasuna da nagusi. Usurbilen gauza asko dago hobetzeko, baina herri garbi eta osasuntsua dela diote bisitan joandakoek, ohitura aldaketa txiki bat besterik ez duela eskatzen: ´Gure eta gure ondorengoen osasunak ez al du hori merezi?`
USURBILGO DATUAK
Atez ateko bilketa. Kontenedoreak kendu eta basura egunero uzten da zintzilikario berezi batzuetan: astelehen, ostegun eta larunbatetan organikoa; astearte eta ostiraletan plastikoa; asteazkenetan papera; eta igandean erreusa (restoa).
Kuboak. Familia bakoitzak bi kubo marroi ditu basura organikorako. Gainerakoak plastikozko edo paperezko poltsetan ateratzen dira. Kuboa, zintzilik dela, ezin da ireki. Zintzilikarioak klabe bat du identifikatzeko.
09:00etarako zaborrik ez. Basura ateratzeko ordutegia 06:30etatik 08:30ak ingurura da, herritarrek horrela eskatu zutelako. Zabor biltzaileek poltsa oso gutxi uzten dituzte jaso gabe basura gaizki bilduta dagoelako.
%82 birziklatu. Usurbilen %28 birziklatzetik %82 birziklatzera pasa dira sistema honekin. Basura ´anonimotasunetik atera` eta kontenedoreak kentzea izan dira klabeak, arduradunen esanetan. Gainera, birziklatzen ez den kopurua gehiago jaisteko neurriak hartu nahi dituzte. Birziklatze maila horrekin erraustegiak ez luke zentzurik izango ekonomikoki ere.
SOINUA. Basuraren kamioia ez da portalez-portal ibiltzen, langileak aritzen dira kontenedore gurpildun batzuetan zaborra biltzen. Modu horretan, motorraren soinuak ez du molestiarik eragiten.
ZINTZILIKARIOA. Herritarrek leku eta klabe bana dute zintzilikarioan. Gantxo bat dauka kuboa jartzeko eta beste bat poltsentzako.
ESTETIKA. Zintzilikarioak lauak dira eta horman edo posteetan pegatuta daude. Horietako asko ez daude portal ondoan, leku diskretuagoetan baizik.
BILKETA. Langileak banan-bana hustu edo jasotzen ditu kuboak eta poltsak, mugimendu azkarrak eginez eta barrukoari bistazo bat emanez.
PIXOIALAK. Pañalak edo pixoialak egunero jaitsi daitezke poltsa batean sartuta. Kamioiaren azpiko departamentu batean joaten dira.
GARBITASUNA. Goiz erdirako poltsarik eta kuborik ez da ia geratzen zintzilik. Hala ere, jende batek separatu gabeko hainbat poltsa uzten du egunero lurrean botata. Jasotzen denaren portzentaje oso txikia izaten da hori.
ERREUSA. Goiko irudiko kubo txikian, soziedade batean aste osoan sortzen den erreusa (birziklatu ezin dena) kabitzen da.
LARRIALDI GUNEA. Urgentzia bat duenak edo basura ordutegi zehatz batean atera ezin duenak erabil dezake larrialdi gunea. Basura gaika separatuta eraman behar da.