Shakespeare euskeraz, hernaniarren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 2a, 02:00

Astroak lerrokatzen diren bezala, zenbakiak borobildu dira Joxan Goikoetxea hernaniarraren inguruan; Aztarna argitaletxea sortu zuela 20 urte pasa dira, Musika Eskolan irakasle 30 urte egin ditu, eta Victoria Eugenian eman duen azken kontzertua 1.000garrena izan du. Bertan estrenatu duen azken obra hori, sortu berri duen eremu bateko aurreneko pieza izan da. Euskal kulturan aztarna utziko duen obra.
Shakespeare poeta ingelesaren 154 soneto euskeratu ditu Juan Garziak, musika jarri die Joxan Goikoetxeak, eta oholtza gainera eraman dute hainbat dantzarik, aktorek eta musikarik; tartean, 6 artista hernaniarrek. Biterin ikusi ahal izango da ostiralean, eta salgai dago 154 sonetoak bil­tzen dituen liburua, errezitaldiak eta kantuak biltzen dituzten bi diskorekin batean.

Esparru berri batean murgildu zara lan honekin...
Aztarna bihurtu da argitaletxe eta gure produktuak kudeatzeko enpresa. Azken lan hau lehenengoa ere bada; AZL, literatur saila sortu dut. Fuerte ari gara musika eta literatura ikuskizunak ematen. Xabier Leterekin hasi nintzen saio poetiko musikatuak egiten; Gutun Zuriak egin dut Harkaitz Cano eta Pettirekin; Ihes, Amets Atzallusekin... Orain arte, saio horiek zuzenekoak izan dira, eta orain, argitaratzen animatu gara. Jendeak ez du poesia irakurtzen, astuna egiten zaio. Poesia beti izan da literaturaren anai edo arreba pobreena. Baina musikari esker zenbait poeta ezagutu ditugu. Obra honetan, Paco Ibañezek parte hartzea oso inportantea izan da; berak eman ditu ezagutzera Quebedo, Gabriel Zelaia hernaniarra... Eta guztia paperean edukitzea ere, zein polita den! Harro nago egindakoarekin!

«Hernani herri musikazalea da, musikariak eman dituna; profesionalak, semi-profesional edo amateurrak asko dira»

Zergatik Shakespeare?
Juan Garzia idazle eta itzul­tzai­lea laguna daukat. Ba­ne­kien ia bizitza osoa zeramakiela Shakespearekin. Bagenekien badela mundu anglosaxoiean genero hori, Shakespeare mu­sikatzen dela. Fan batzuk izan gara, eta pentsatu genuen, zergatik ez, euskeraz? Eta musikarekin? Amesten hasi ginen. Eta tartean sartu zen Mikel Laboa Katedra; hiru urte dira katedra hau sortu zutela Foru Aldundiak eta Unibertsitateak, kultur proiektuak martxan jarri eta bultzatzeko. Euskera, kultura eta hizkuntza baten garapenerako zutabea jartzen du. Eta mundu mailako idazleak hizkuntza batera ekartzea, Shakespeare euskerara nola itzuli den ikustea, kultura hori neurtzeko baliabidea da.

Nolakoa izan da sonetoak musikatzeko pozesua?
Batekin hasi nintzen. Oso ariketa teorikoa da soneto bat musikatzea. Ez da kantu bat egitea. Sonetoak neurria du, ez dauka estribillorik, esaldiak endekasilaboak dira, ez dira bertso normalak, luzeak dira. Bertsoak musikatu izanak lagundu dit, baina beste ariketa bat da. Aurrenekoa polita atera zen, eta zergatik ez nituen gehiago egingo?
Bertsotan, zortziko txikirako 10 doinu egon daitezke, eta denek balio dute. Sonetoetan ez; batentzako balio duen musikak ez du balio beste baterako. Neurrira egin dugu musika, eta gainera, doinu bakoitza kantari batean pentsatuta. Azken urtetan dozenaka kantari izan ditut etxean, egindako proiektuak medio, eta ezagutzen nituen bakoitzaren kan­taera, estiloa...

Nola aukeratu duzu 154 ­sonetotatik zeini musika jarri?
Shakespearek gehiago egin zuen antzerkia. Baina sonetoek ere badute trama argumental bat, eta horrek, gainera, lagundu egiten digu zuzeneko emanaldian. 15 urte inguru egin zituen soneto hauek idazten. Bere bizipenak kontatzen dira. Soneto bakoitza istorio bat da eta gertaera bati lotuta dago, pertsonaiak daude. Maitasuna, jeloskortasuna, esaltazioa ager­tzen dira. Alde iluna ere badago, dama iluna azaltzen da. Eta amodio platoniko bat, jaun gazte bat. 
154 soneto ezin nituen musikatu, eta hautaketa egin dut, trama hori mantenduz. Laburpen moduko bat, jendeak sumatu dezan entzun eta ikusiko duen istorio hori. Ho­rre­tarako, asko balio dute, baita ere, dantzak eta errezitatzaileak (Ximun Fuchs aktorea).

Hori zuzenekoan, baina ­liburuan, soneto guztiak bildu dituzu, eta bi disko.
Sonetoak errezitatzeko dira, baina pertsona bakarra guztia errezitatzen jartzea, gehiegitxo iruditu zitzaigun. Beraz, ia so­netoko errezitatzaile bat bildu dugu disko batean. Espe­rien­tzia gozamena izan da. Sai­zar­bi­toria, Atxaga, Maddi Oihe­nart, Eider Rodriguez... Euskal He­rrian ez da horrelako esperien­tziarik egin: argitalpen batean ahots horiek guztiak biltzea.
Aztarna sortzean, ikusi ge­nu­en falta zela ahotsaren ar­txi­bo bat. Gero esperientzia pi­la bat izan dira: aho­tsak.com... Hitzarmenak eginak dauzkat horrelako bilduma bat egiteko, eta badaukat kezka, guztia CDtan biltzeak ez baitu zentzurik... Baina argitalpen honetarako ahots horiek bildu ditugu; sentsazio kuriosoa da entzunaldi hori egitea, 154 sonetoak, bi ordu eta erdi inguruan. 
Beste CDan musikatutako sonetoak daude.

Musikarien artean, berriz, hernaniar dezente. Maila badago herrian?
Hernani herri musikazalea da, musikariak eman dituena. Ni belaunaldien arteko zubia sentitzen naiz, adinagatik eta izaeragatik tokatu zait. Pasio haundia diet aurreko musikariei: Txirrita, Ansorena, Olai­zo­la­ta­rrak... Azken honek egindako Haurtxo Txikia munduko melodia unibertsalenetakoa da! 66ko grabazio bat ere badaukat, Ez Dok Amairu Aitor Zineman izan zenekoa! Ho­rretan lan egitea gustatzen zait, eta belaunaldi berriei erakutsi egin behar zaie. Eta gerora, etorkizuna egongo da herri musikan, musika modernoan, kantuan; herrian profesionalak, semi-profesionalak edo amateurrak asko dira. Gustatu egiten zait belaunaldi berriei ateak irekitzea. Nik ere, gaztetatik, laguntza asko jaso dut eta ateak ireki dizkidate; aukera onak izan ditut, 17 urterekin hasi nintzen Musika Eskolan irakasle! 
Shakespearen jende gaztea bildu dugu: Amaia Azkue edota Iosune Marin. Eta ez hain gazteak, errekonozimendua merezi dutenak: Roberto Yaben, Juanjo Otxandorena, Ion Mari Beasain eta Alan Griffin. Aztarnaren 20 urtetan, Musika Eskolako 30etan, eta emandako 1.000 kontzertutan, ospe eta maila haundiko musikariak ezagutu ditut, eta horietako asko bildu ditut oran, baina hernaniarrei toki berezia egin nahi izan diet. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!