Langile guztiei deia, maiatzak 1ean Hernaniko manifestaziora batzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 24a, 02:00

Maiatzaren Lehena izango da gaur zortzi, eta azken urteotan bezala, mobilizazioak deitu ditu LAB sindikatuak, Euskal Herriko eskualde desberdinetan. Buruntzaldearako,  Hernanin jarri dute zita, eguerdiko 12:00etan Plazatik abiatuko den manifestazioan: «langile guztiei dei egiten diegu, manifestaziora hurbil daitezen».
Atzo egin zuten Buruntzal­deako batzarra, eta nabarmendu zuten, «militantzia aktiba­tzeko eta motibatzeko modua» dela maiatzaren 1eko mobilizazioa. Baina beste arrazoi bat ere azaldu dute, beraien aldarria eskualdeetara eramateko: «milaka langile LABek esaten duena entzutera etortzea baino, eraginkorragoa da langileak eta langileon aldarrikapenak plazara ateratzea».

«Badugu zertaz harro egon»
Atzoko agerraldian azpimarratu zuten, Maiatzaren Lehena ez dela ospakizun egun bat: «ez daukagu ezer ospatzeko, baina badugu zertaz harro egon».

«Milaka langile LABek esaten duena entzutera etortzea baino, eraginkorragoa da plazara ateratzea».

Zenbait arrazoi azaldu zituzten: «harro gaude langileak garelako, Euskal Herria aurrera ateratzen dugunak, baina Gobernuek gu mespretxatzea erabaki dute».
«Harro gaude, bigarrenik, borrokatzen dugun langileak garelako», azaldu dute: «hauteskundeak gerturatzen diren heinean, hamaika lanpostu suntsitu dituzten agintari politikoen ahotik entzuten dugu, enpleguaren sorrera eta defentsa. Baina orain arte, langileok bakar-bakarrik aritu gara lanpostuak defendatzen».

Maiatzaren Lehena «berezia», 40 urte bete berritan
Eta azkenik, harrotasuna azaldu dute LABekoak direlako: «Maiatzaren Lehen hau, berezia izango da guretzat, 40 urte bete berri ditugulako. Harro gaude milaka langilek ikusi dutelako LAB, zapalkuntzaren kontra borrokatzeko tresna egokia». Zentzu horretan, na­bar­mendu dute LAB dela «hauteskunde sindikalen epe trinkoa igarota, Euskal Herri osoan gora egin duen sindikatu bakarra».
Orain, eraginkorragoak izateko helburuarekin, «era­be­rri­tzeko asmoa» erakutsi dute, «haunditzen eta indar­tzen jarraitzeko». Horregatik, eredu berriaren inguruko eztabaida hasi du sindikatuak, hurrengo Kongre­su­an itxiko dutena. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!