Auzo elkartea lanean, Kaxkoa garbia eta zaratarik gabe izan dadin

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 31a, 02:00

Kaxko elkarteak urteko batzarra egin du eta balantze ekonomikoari dagokionez, 2014 urteko kontuak positiboak izan direla azaldu dute. Horrez gain, pasa den urtean zehar egindako ekimenen berri eman dute, besteak beste, txotx denboraldiari begirakoak.  «Txotx denboraldian eskatzen dugu, neurriak hartzeko soinua murriztu eta kalean pixa egin ez dadin; kaleak garbiago egoteko. Eta udaltzainen kontrol gehiago nahi dugu araudia betearazi dezaten», azaldu dute. Jaki­narazi dute, Kaxko elkarteak gutun bat bidali ziela Kaxkoko tabernariei neurriak hartu ditzaten sortzen duten hondakinak biltzeko. «Eta horrez gain, eskatu zaie tabernetako ateak eta leihoak kontrolatzeko, irekita egon ez daitezen. Bi sonometro ere jarri dira Kaxkoko bi lekutan, 15 egunez, zarataren intentsitatea neurtzeko. Gabo­netan eta martxoan (txotx denboraldian) jarri dira. Apirilean aztertuko dira emaitzak».
2014ko denboraldian, salaketa bat baino gehiago jarri zirela ere azaldu dute, «kalean pixa egiteagatik eta tabernetan musika altu jartzeagatik, eta batzuei zigor espedienteak ireki zaizkie. Horrez gain, herriko altzarietan kalteak eragin ziren eta salaketa bat ere izan zen sexu jazarpenagatik», gaineratu dute.

Beharra duten familiei laguntza
Hernaniko 200 bat familia egoera ekonomiko prekarioan bizi direla nabarmendu dute, horietako batzuk Kaxkokoak izanik, eta 102 Colacao poto eman dituztela. «Bizilagunei proposatzen diegu familia hauei laguntzeko Kaxko elkartearen bidez. Izan gaitezen solidarioak eta eskuzabalak», egin dute dei.
Urte Berrian botatzen diren suzirien inguruan, kanpaina egin du Kaxkok eta pozik daude kopurua gutxitu delako.
Horrez gain, azaldu dute, elkartearen eskariz lortu direla estolda zaratatsuak eta atez ateko karroa insonorizatzea. Plaza Berri moldatzeko beraien proposamenak ere onartu dituztela gaineratu dute: oztopo arkitektonikoak eta piboteak kendu, iturria alde batera mugitu eta argi farola gehiago jarri.
«Plaza Berriko erlojua martxan jartzea zintzilik dago oraindik, Kutxa eta bizilagunen formalizazioen zain; Udalak konpromisoa hartu du erlojua konpondu eta mantenua aurrera eramateko», diote.

Beste hainbat proposamen
Kaxko elkarteko kideek hainbat batzorde eta bileretan hartzen dute parte eta azaldu dute auzo elkarteen bileretan (Hernani Partehartze Batzordea) hainbat proposamen aurkeztu dituztela: pintadak dauden Kaxkoko guneetan, garbiketa eta pintaketa lanak egitea auzolanean, besteak beste.
Eta 2015eko aurrekontu partehartzaileetan, Plaza Berriko lurra eta argiteria moldatzea onartu da, eta baita Kaxkoan zehar zakarrontzi eta WC gehiago jartzea ere, Kaxkok azaldu duenez. Elkarteak lanean jarraitzen du Kaxko garbia eta zaratarik gabekoa bultzatzeko.

Zuzendaritza Batzordea, berrituta
Zuzendaritza Batzordea ere berritu zen. Honakoek osatzen dute: Alberto Blanco presidentea; Juncal Dorronsoro presidente ordea; Jexux Arregi idazkaria; Miguel Lujanbio diruzaina; eta bokalak: Iñaki, Segundo, Francisco, Pili, Isabel, Carol, I. Etxabe eta M. A. Lasa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!