Xabier Olano Jauregi, Gipuzkoako Foru Aldundirako EH Bilduren hautagaia Hernanin izango da gaur. Azken legegintzaldian aurrera eraman diren proiektuak lehenengo pertsonan jaso eta datorren lau urteei begira Hernaniko EH Bilduk marraztu dituen helburuak ezagutuko ditu.
Azken legegintzaldian aurrera eraman diren proiektuak ezagutuko ditu Olanok, gaur.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, EH Bilduko alkate eta zinegotziekin batera, Garapen Agentzian eta Plaza Feministan izango da, besteak beste. Gudarien plazatik abiatuko dira.
Solasaldia, Biterin
Ondoren, 19:00etan, herriari zuzendutako solasaldia eskainiko du Olanok, Luis Intxauspe Arozamena egungo Hernaniko alkate eta EH Bilduko hautagaiarekin batera. Hernani eta Gipuzkoan, azken urteotan aurrera eraman diren proiektuak eta datorren legegintzaldira begira koalizioak dituen erronkez hitz egingo dute. Biterin izango da eta EH Bilduk hernaniar guztiak gonbidatzen ditu bertan parte hartzera, Elkarrekin Hernani eta Gipuzkoa hobetzen (h)ari gara, lelopean.
Bihar BECera joateko, autobusa
EH Bilduk ekitaldi nazionala egingo du bihar BECen (17:30), eta bertara joateko, autobusak jarri dituzte Hernanitik. Aurrez apuntatu behar da, Garin, Rioja edo Aker tabernetan.
EH Bilduk, Irungo Ficoban Euskal Bidea proposamena luzatu zuen eta bihar bide beretik jarraituko dute: Bidea badago: euskal bidea. Euskal Estatua helburu du proposamenak: «EH Bilduk eta EH Baik eskaintza egin diote euskal gizarteari erabakitzeko eskubidea oinarri izango duen prozesu eratzailea abian jartzeko, Euskal Estatua sortzea helburu izanda. Euskal Estatua da Espainiako eta Frantziako estatuen inposaketa eta menpekotasuna amaitzeko aukera bakarra. Euskal Bidea, demokratizazio bidea da. Eztabaida eta erabakiak herritarren esku jartzea da oinarria. Ez da bakarrik abertzaleen mesederako bidea, ez da EH Bilduren eta EH Bairen egitasmo partikular bat; guztion onerako da».