Aurreko asteko uholdeen balorazioaren berri eman dio Udalak Kronikari eta lanean jarraitu behar dela azaldu du: «Nabarmena bada ere azken aldian egindako obrek, Karabelgo zubi berriak adibidez, lagundu dutela uholdeek kalte haundiagoak sortu ez ditzaten, lanean jarraitu behar dugu. Karabelen falta diren faseak osatzen joan behar dugu eta kirol instalazioak babesteko neurriei ekin behar diegu». Horretarako elkarlana ezinbestekoa dela diote eta astelehenean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera egin zuten Donostia, Astigarraga eta Hernaniko Udalek, kalteak baloratu eta neurriak zehazteko. Datozen egunetarako, Eusko Jaurlaritzarekin bilera eskatu dute uholdeen aurkako neurrietan sakontzeko.
Kalteak neurtzen eta garbitzen
Udalak azaldu du, azken uholdeek ohiko kirol instalazioetan eta erriberako baratzetan eragin dituztela kalteak. Etxebizitzetara, berriz, ez da iritsi eta industria guneetan ere ez da atera. Asteburuan zehar, garbiketa lanak aktibatu eta indartu dira, eta orain, garbiketan aritzeaz gain, kalteak neurtzen ari dira kirol instalazioetan eta kaltetutako beste guneetan.
«Udalak izugarri eskertzen du herritarrek izandako jarrera, ohar eta abisuen aurrean hartutako jarrera egokia izan da momentu guztian», azpimarratu du.