Beterriko Garapen Planaren barruan, Hernanikidetu aurkeztu zuten aurreko asteazkenean. Proiektuaren funtzionamenduaren berri ere eman zuten. Bertan, Hernaniko hainbat enpresa, eragile sozial eta erakunde publiko elkartu ziren. Proiektuaren helburua da, agenda osatzea gizarte-erantzukidetasuna edo ardura elkarrekin lantzeko; hain zuzen, Hernaniko gizarte kohesioan eta garapenean eragiteko. Jarduera ekonomikoaren erdian, hau da, herriko enpresen jardueraren oinarrian, pertsonak eta beraien beharrak jarri nahi dituzte. «Enpresa, pertsona eta komunitatearen arteko harreman eredu berria bultzatu nahi dugu», diote.
Aipatutako ekarpenak, honakoak: eragile eta enpresekin sareak eta sinergia posibleak sortu, enpresetako lan giroa hobetu, motibazio pertsonala hazi, gizarte-erantzukidetasun politika hobetzea...
Orain, lan ildo batzuk zehaztuko dituzte eta jardunaldi gehiago ere izango dira: lan bilera indibidualak, lan bilera kolektiboak, sektoreka eta batera...
Izena emateko aukera dago: admi.beterri@hernani.eus.