Hernaniko eta Tolosako Arraun Elkarteetako neskek osatu dute trainerua; Hernaniko Arraun Elkartearen 50 urteetako ibilbidean, neskek osatutako aurrenekoa.
Atzo aurkeztu zuten, babesle nagusiaren etxean, Iparragirre sagardotegian. ‘Maialen’ izena jarri diote traineruari, Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarraren omenez, eta bertso batzuk eskaini zizkien berak, eskerrak emanez.
Hernaniko eta Tolosako arraunlariak
21 arraunlarik osatu dute trainerua; gehienak hernaniarrak, eta gainontzekoak tolosarrak: Eider Barba, Maider Zumeta, Eva Jimenez, Mireia Vicente, Maider Perez, Saioa Txapartegi, Enara Villena, Uxune Urkia, Ainhitze Kalonje, Ane Sanchez, Estitxu Zabala, Irantzu Tolosa, Ixone Irigoien, Amaia Larrarte, Miren Urrutia, Ekiñe Velasco, Amane Zuaznabar, Uxue Alberdi, Andrea Zumeta eta patroiak: Añarbe Kalonje eta Malen Oiarzabal.
Ilusioz betetako proiektua
Proiektuari ilusio haundiarekin heldu diote. Arantxa Eguzkitza, Iparragirre sagardotegiko jabeak azaldu zuen: «identifikatuta sentitu gara; gurea ere emakume etxea da».
Batis Larburu, Arraun Elkarteko presidenteak, berriz, zioen: «ziur laster Kontxako estropadan egongo garela berriro, baina oraingoan, emakumeekin!».
Udaletxeko kirol zinegotziak, Beñat Amenabarrek, bere aldetik, proiektuaren garrantziaz hitz egin zuen, eta azpimarratu zuen: «arraun elkartearentzako eraikiko den pabilioi berriak eta Elorrabiko zubi berriak oinarri sendoa emango diote».
Arraunlariak prest daude, «harro eta gogotsu».