Aiert Larrarte gaur pasako da epailearen aurretik

Kronika - Erredakzioa 2015ko urt. 14a, 01:00

Guardia Zibilak 16 euskal herritar atxilotu zituen astelehenean, Mate operazioaren barruan; tartean, Aiert Larrarte hernaniarra. 

Epailearen aurretik pasatzen hasiak
Atxilotuetako 12, abokatuak dira, eta horietako sei atzo ziren Audientzia Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurretik pasatzekoak. Kronikak erredakzioa itxi zuenean, Onintza Ostolaza eta Arantxa Aparizio aske ziren; eta fiskalak gauza bera eskatua zuen Haizea Ziluagarentzat. Nagore San Martin, Eukene Jauregi eta Amaia Izko ere atzo pasa­tzekoak ziren. Gainontzeko sei abokatuak gaur, goizeko 10:00­etatik aurrera pasako dira, tartean, Aiert Larrarte hernaniarra. Abokatuak ez diren beste hiru euskal herritarrak berriz, ostegunean pasako dira epailearen aurretik.
Gipuzkoatik senide eta lagunak atera dira gaur, autobus eta kotxeetan, babesa emateko asmoz. Garinen zerrenda jarri zuten atzo, eta goizaldeko 05:00ak aldera atera dira Madrilera.

Asanblada eta manifestazioa, atxiloketek iraun bitartean
Atxiloketek iraun bitartean, asanblada eta manifestazioa ari dira izaten, 20:00etan, Plazan. Presoen egoeraren berri eman zuten atzo, eta Sorturen kontra egindako mehatxuak salatu zituzten. Era berean, Auzitegi Nazio­nalak atzo hartutako erabakia salatu zuten, eta datozen egunetan egingo diren mobilizazioetarako deia egin zuten. Gaur 20:00etan elkartuko dira, Plazan. Eta larunbatean, Donostian, Anti­guotik 17:00­etan aterako den Manifestazio Nazionalera joateko deia egin zuten. 

Plenoak, adierazpena
Ez ohiko Plenoa bildu zen atzo Udalean, atxiloketen kontrako adierazpena onartzeko. EH Bilduk aurkeztu zuen adierazpena, eta onartu egin zen aho batez. Oposizioko kiderik ez zen azaldu Plenora. Kronikak ostiraleko edizioan landuko du adierazpena. Bertan besteak beste, atxiloketak salatzen dira eta herritarrei eskatzen zaie egiten ari diren mobilizazioetan parte hartzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!