Ardoa eta arrainaren bidea, Estibalizetik Parizara

Kronika - Erredakzioa 2014ko abe. 6a, 01:00

Estibalizeko Andre Mari santutegi zoragarritik hasiko dugu, abenduko irteera.  Gasteizko mendietako magal basotsuetatik abiatuko gara; Okinako herrixkara igoko gara eta Uda ibaiko haitzartea ze­harkatuko dugu; bidea, Tre­bi­ñoko lurretan bukatuko dugu.
Trebiñoko Konderria Gas­te­iz­ko mendien eta Kantabria men­dizerraren artean dago kokatua. Bertako klimari esk­er, pai­saia zeharo desberdinak iku­­siko ditugu ibilbidean ze­har. Magal eguzkitsuetan baso me­diterraneoak aurkituko di­tu­­gu: paraje altu eta ospelenetan ordea, baso atlan­tikoak. Be­­re zabaleragatik edota eder­ta­sunagatik bi baso aipatu be­har dira: Uda ibaiaren arroileko basoa eta Sasetako erkame­ztia.
Erkametza oso ugaria da Burgoseko basoetan. Zuhaitz honen hostoak mende askotan eskaini izan zaizkie abereei. Hosto bereziak dira, lurrera erori aurretik, zuhaitzean guztiz lehortzen direnak. Honi esker, zuhaitzak aurre egiten dio negu gorriari. Egurra ere berezia da: ur gutxi gordetzen du, eta arteekin batera, egur ikatza egiteko erabiltzen da. 

Fauna garrantzitsua
Faunak protagonismo haundia du Gasteizko mendiak, Gaz­te­lako goi-lautadak eta Nafa­rroa­ko mendiak bat egiten du­ten bidean. Bertako baso eta amildegietan bizi dira orka­tzak, basurdeak, azkonarrak eta azeriak. Hegazti harrapariak jaun eta jabe dira inguru hauetako zeruan. Uda ibaian zenbait arrantza-esparru dau­de eta bertan aingira, amuarraina, barboa eta ibai-karramarroa harrapatzen dira.
Saseta eta Okina artean Uda ibaiak arroila estua eratzen du. Eremu natural interesgarria da eta bertako geologia ondarea aberatsa da. Bere ibilbideko zen­­bait gunetan, Uda errekak ur-jauzi txikiak sortarazten di­tu. Euren indarra ustiatzeko ur-errotak jarri zituzten erriberan zehar. Saseta herriko irteeran, eremu ezkutu eta eder ba­tean kokatuta dagoen errota ede­rra ezagutzeko aukera izango da.
Saseta eskualdeko herrixka zaharrenetakoa da. Ebroko bailarak eta Kantauriko kostaldea lotzen zituen, eta errege-bidea bertatik sartzen zen konderrira. Bideari Santanderreko bidea esaten diote. San Esteban pa­rrokiak  zenbait elementu erromaniko ditu oraindik, XIII mendekoak; gainerakoak XV-XVI mendekoak dira. 

Nolakoa da ibilbidea?
Estibaliz santutegiko aparkalekutik errepidera jaitsiko gara. Ezkerrera egin eta aurrerago, parean dagoen pista hartuko dugu; presa txiki batera igoko gara eta ondoren lepotxo batera. Ezkerrean dagoen bidezidorra hartu eta erkamezti batean sartuko gara. Zati hau oso polita da: pertsona bakarra sartzen baita bidean, eta derrigorrez ilaran joan behar da.
Bidean behera bidegurutze bat aurkituko dugu. Eskuinera hartuko dugu, pista bukatu arte. Zubi txiki batetik errekaren beste aldera pasa, eta bidezidorrean segi behar da, errekak bidea hartu duen tokira arte. Errekak ur gutxi badarama, harrien gainetik egingo dugu bidea. Bestela, eskuineko saihesbidea hartuko dugu. Zati hori pasata, erreka ezkerrean dugula, baso barruan gora egingo dugu. Momentu batean errekea atzean utziko dugu; pixka bat igo , ezkerrera egin  eta hesi baten albotik bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerrera egin eta pagadi baten barrutik pasako gara. Basoa benetan zoragarria da.
Basotik atera, eta ezkerralditik soroa zeharkatuko dugu.  Beste baso baten ertzetik segiko dugu, pago handi batera arte. Eskuinera eta behera eginda, pista batera eramango gaitu eta handik, harrizko pista batera aterako gara. Ezkerrean txabola bat ikusiko dugu; eskuinean ikusten den bidea hartuko dugu, txabola inguratu, Uda erreka zubi batetik igaro, eta  baso bat zeharkatuta soro batera iritsiko gara. Soroaren beste aldean dagoen bidezidorrak Okina herrira eramango gaitu. 

Pariza herrira, galbiderik ez
Hemendik aurrera bideak ez du galerarik. . Uda haizpitartera doan pista jarraitu behar da bukaerara arte. Zubitxo bat igarota, behera egingo du bideak. Erdian, iturritxo bat dago. Ataka metaliko batekin topo egiten dugunean, badakigu gutxi falta dela Saseta herrira iristeko. Errota aldera jaitsi behar da. Zubia zeharkatuko dugu, eskuinera egin, eta bidezidor batetik lepo batera igoko gara. Pariza herria begibistan izango dugu. Lepotik ezkerrera egin, eta soroen ertzetik doan bidetiari segita, Pariza herrixkara iritsiko gara.

Datu interesgarriak:

- Distantzia: 21 Km.
- Denbora: 6-7 ordu.
- Desnibela: gorantz eta beherantz 400 m.
- Zailtasuna: zailtasun berezirik gabea. 
- Beharrezko materiala: mendiko material arrunta. 
- Mendiriz Mendik abenduaren 28an egingo du irteera hau.
- Oharra: Etapa honetan Burgoseko lurretan sartuko gara. Seigarren etapa da, Estibalizen hasi eta Trebiño konderriko Pariza herrixkan bukatzen dena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!