«Oso pozik nago daukadan taldearekin, eta jokalariak ere gustora daude. Aurretik taldean aritu zen jendea berreskuratu dugu, utzi egin zuena, eta talde polita osatu dugu», dio Miguel Angel Redondok, Hernani waterpolo taldeko entrenatzaileak.
Ilusio haundiz hasi dute denboraldia, ahalik eta emaitzarik onena lortzeko gogoz: «Ligako txapeldun izan nahi dugu, nahiz eta ezin garen lehenengo mailara igo, azpiko kategorietan talderik ez dugulako». Ligako hirugarren partidua dute gaur, Easoren kontra: Anoetan, 19:30etan.
«Ezinezkoa da haurrak erakartzea, iluntzeko zortzietan entrenatuta»
Talde bakarra ateratzea lortu du Hernanik, aurten: mutil seniorrena. Neskena osatzerik ez dute izan, eta gazteagoetan ere ezinezkoa zaie talderik ateratzea: «iluntzeko zortzietan ematen digute entrenatzeko aukera, eta azkenerako, jokalariak nazkatu egiten dira. Gainera, nola joango zara eskolara, haurrak animatzera? Ordutegi horrekin, ez da inor apuntatzen». Espazioa ere botatzen du faltan, Redondok: «entrenamenduaren hasieran, kale bat edo bi bakarrik dauzkagu, eta gero hiru edo lau. Eta horrela, ezin dugu ondo entrenatu».
«Dirudiena baino gogorragoa da waterpoloa, eta ondo igeri egitea ez da nahikoa. Baina jendea animatu nahi dugu probatzera, kirol polita delako»
Bat irabazi, bestea galdu
Zailtasunak zailtasun, ondo hasi du Hernanik denboraldi berria. Galdu egin zuten aurrenekoa, Iruñean, Larrainaren kontra, baina itxura ona eman zuen taldeak. Oso partidu berdinduan, 12-11 nagusitu ziren nafarrak. Eta bigarrenean konfirmatu zen hernaniarren maila ona: 9-8 nagusitu ziren, Bidasoa XXI B taldearen kontra.
Euskal Herriko Ligaren bigarren mailan dago Hernani, B multzoan: «multzo batean, Bizkaia eta Arabako taldeak daude; eta bestean, Gipuzkoa eta Nafarroakoak lehiatuko gara». Aurreneko fasea izango da hori.
Helburu nagusia, onenen multzoan sartzea
Fase hori bukatuta, multzo bakoitzeko onenak, elkarren artean ariko dira, eta azken sailkatuak beste multzo batean: «helburu nagusia da, onenen multzo horretan sartzea. Eta hortik aurrera, txapeldun izan nahi dugu, igotzeko aukerarik ez izan arren».
Hala ere, Redondok onartzen du, Hernanik ez daukala garai bateko indarra: «Gipuzkoako erreferente izan da Hernani, urte askotan. Orain mailak behera egin du, eta beste batzuenak gora. Gipuzkoan asko hazi da taldeen maila, fitxaketak ere egin dituzte zenbait taldek. Gu, aldiz, berriro ekiten ari gara».
«Jendea animatzen da, baina zaila da erritmoa jarraitzea»
Bi jokalari zerotik hasi dira aurten Hernanin: «bat saskibaloitik zetorren, eta bestea txikitan aritu zen waterpoloan». Guztira, 16 jokalariko taldea egin dute, eta gehiago dira probatzera animatu direnak: «asko etorri dira, baina dirudiena baino gogorragoa da, eta zaila da entrenamendu eta partiduen erritmoa jarraitzea. Kontaktu asko dago, eta igeri ondo egitea ez da nahikoa. Taldean jokatzen ere jakin behar da. Oso igerilari ona izan zaitezke, eta oso jokalari txarra».
Baina jendea animatu nahi dute, proba egitera, kirol polita delako: «entrenamendu batera azaldu besterik ez daukate: astearte, asteazken edo ostegunetan, 20:00etatik aurrera, kiroldegian».
Hernani waterpolo taldea 2014-2015
Jokalariak:
Jabier Adres
Iñigo Azcona
Ion Casas
Hur Diez
Ibon Estibaliz
Urtzi Nazabal
Jon Imanol Fernandez
Gabriel Gartzia
Alain Gartzia
Harri Iturrioz
Jon Ander Izuzkiza
Xabier Lizeaga
Julen Murillo
Xabier Ollo
Jorge Redondo
Kepa Sañudo
Entrenatzailea: Miguel Angel Redondo