Senide gertukoak dira, nahiz eta itxuran ez izan tankerarik. Biak ere ur zaleak, lehenengoa baino gehiago, bigarrena; eta biak ere artista paregabeak etsaiari ziria sartzen. Ez nolanahiko zirikotea gainera. Sube berdiak estu ikusten badu bere burua, usai ustela ixuriko du bere eskametatik, eta hura ahoan daramakien pixtiak askatuko du bai, mantsoagatik. Beste zenbait kasutan, gizakiekin tokatzen bada, hil plantak egiten ere badaki, tripaz gora jarri eta miztoa kanpora duela, esanez bezala: «ez hartu alferrikako lanik, seko nago-eta!».
Ur subiarena ez da plan txarragoa. Honek gogor plantak egiten ditu. Ur subiak itxura ikaragarria du sube gorriyarena, eta horixe aprobetxatuko du etsaia ixil-ixilik urrutiratu arazteko. Gorrizta da ur subia, eta gainean mantxa beltzak dauzka, s forman; burua hiruki itxurakoa, eta gaizto papera egiten ondo leziatua. Bere burua arriskuan ikustean, jarriko du gorputza bil-bil eginda, eta altxako du burua: «probatu nahi nere botika?».
‘Ur subia’, ur azpiko arrantzalea
Hernanin erreka eta errio bazterrean bizi direnek ezagutzen dute, nahiz eta ez den beste sube asko bezain ikusia. Ur azpian pasatzen du denbora, arrantzan. Amorrai zale porrokatua, baina exkallu edo zapo eta ingelei ez die muzinik egingo. Isatsa katiatzen du lehendabizi, eta hura seguru daukanean bil-bil egin. Gero, kolpe segurua ikustean, tximista baino azkarrago joko du erasoa; kale eginez gero, berriz bildu; bale eginez gero, bazka oparoa. Ur azpian arnasari eusteko gaitasun haundia dauka, baina Ereñotzu aldean dioten bezala, «Ur subia uretan ibiltzek beti. Ur azpin ibiltzek, eta igeri ere earki itteik, baño denbora asko atera gabe egon ezkero, hoi ere itto ittek e?».
Esku-arrantzan ibili izan denak, ez da harritzekoa, amorraiari heltzera joan eta ur subiari heltzea. Eta sube gorriyarekin duen tankeragatik, askok pentsatu izan dute sube gorriyari heldu izan diotela. Euskara batuko izenak aitortzen dio sube gorriyarekin daukan antza: euskara batuan suge biperakara deitzen zaio, sube gorriyaren izen zientifikoari (Vipera seoanei) aipamena eginez.
Sube gorriyarekin duen tankeragatik, esku-arrantzan dabiltzan askok pentsatu izan dute sube gorriyari heldu diotela, ur subia eskutan hartzen dutenean.
‘Sube berdia’, izen asko dituen espezie bakarra
Sube berdia da Hernaniko suberik ezagunena, baina nola kolore, itxura eta tamaina askotako izan litekeen, izen pila bat ematen dizkiote hernaniarrek. Sube berdia da gehien erabiltzen dena, baina sube urdina esaten dionik ere bada. Sube beltza eta sube nabarra ere deitzen diote leku batzuetan, batez ere bera baino beltzagoa den Zamenis longissimus espeziea (ikusi, Kronika 2014-04-27) ez dagoen lekuetan. Ureko subia ere deitzen diote batzuk, hau ere ur zalea delako.
Kuriositate bat gehiago: bada beste sube bat Hernanin, askok eta askok sube lepatxuriya edo burutxuriya deitzen diotena. Eta zer ikusi du horrek sube berdiarekin? Ba asko. Kuriositate hori salatzen diguna da sube berdiaren euskara batuko izena: suge gorbataduna. Sube berdiaren kumeek lepo txuri-txuria izaten dute, eta hazitzen dijoazen neurrian galdu egiten dute txuri kolore hori. Horregatik, sube lepatxuriya ezagutzen duten denek diote, ur ertzean ibiltzen direla, eta txiki eta meheak izaten direla… sube berdiaren kumeak izaki!
Gure zelaietako subea da sube berdia. Kalterik gabea, mesede ederra egingo dio zomorro, sagu, satain, satitxu edo arratoiekin karrerarik atera ezinda dabilenari. Gizakiaren makilak, belarra mozteko makinak eta trafikoak asko galtzen ditu urtero, baina hala ere, esan liteke, txar guztiak kenduta nahiko ondo bizirauten duela narrasti geldo bezain argi honek.
FITXAK
1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya