Udara erdia pasa da, eta Hernaniko Mendi Mendiyaneko igerileku irekietan lan egiten duten guztiek gauza bera diote: «hemen eguraldiaren menpe gaude, eta uztaila kaxkar xamarra izan da». Hala ere, izan dira egunak pistinak lepo bete direnak. «San Inazio eguna izaten da beti eromen hutsa! Aurtengoan eguraldi oso ona egin du, eta lepo bete da!».
Abuztu osoa gelditzen da oraindik, igerilekuak irailaren 7an itxiko baitira. Hilabete, pistinaz, kirol-pistez eta tabernaz gozatzeko, zerbitzu asko eskaintzen baitira pistinetan.
Hernaniar eta kanpotarrentzako lekua
Eguraldi pattal xamarra egin duela-eta, ez da jende askorik ibili. Baina egun batzuetan bete egin dira igerilekuak; azkenekoz, San Inazio egunean.
Gehienbat hernaniarrak gerturatzen dira, baina kanpoko jendea ere etortzen dela aipatzen dute langileek: «Irun, Pasaia, Errenteria... toki askotatik etortzen da jendea». Azken hauek, bereziki, asteburuetan. Astean zehar gehiago dira hernaniarrak, baita eguraldi motela dagoenean ere: «ordubeterako ere etortzen dira, bazkide direnak».
«Astean zehar gehiago dira hernaniarrak, baina asteburuetan kanpoko jende asko etortzen da: Irun, Pasaia, Errenteria...».
Igerilekuak, kirol-pistak, aparkalekua eta taberna
Aurtengo nobedadea taberna izan da. Berritu egin da, eta ordutegi zabala du; igerilekuak itxi ondoren ere, bertan afaltzeko aukera dago. Astean zehar, gaueko 23:00etan ixten da, eta asteburuetan 00:00etan. «Jendearekin, eta tabernan dagoen giroarekin oso gustora» dagoela aipatzen du jabeak. «Taberna oso ondo gelditu da, eta lekua ederra da. Eguzkia sartzen denean zoragarri egoten da terrazan».
Terrazan lehentasuna dute tabernako bezeroek, baina kanpotik ere ekar daiteke jana.
Bestalde, kirol-pistak ere badaude. Bazkide direnek harreran eskatu ditzakete jolaserako baloi eta palak: «saskibaloia, ping pong, boleibol... denetarako aukera dago».
Eta nola ez, gustu eta adin guztietarako igerilekuak eta txirristrak. «Txirristrek biltzen dute jende gehien; batzuetan kolak ere egiten dira. Baina orokorrean, pistina guztiak nahiko paretsu ibiltzen dira», dio sokorristetako batek.
Azken zerbitzu bat ere badago: kotxe eta bizikletentzako aparkalekua, doan.
Irailak 7 arte zabalik egongo dira pistinak 11:00etatik 20:30etara, eta taberna 23:00ak arte astegunetan, eta 00:00ak arte asteburuetan.
Sokorristak, pozik
Astean zehar 5 sokorrista egoten dira, eta jaiegunetan 7. «Oraingoz oso lasai» ibili direla aipatzen dute: «inoiz baino ezusteko gutxiago egon da». Hala ere, gomendioak ez dituzte ahazten: «krema eman, eguerdian ez egon eguzkitan, pistinan sartu aurretik dutxatu...». Eta guztiarekin, ondo pasa!
BONOAK (3 hilabete)
Hernani eta Astigarragako kiroldegietako bazkideak:
18 urtetik behera: 31,20€.
18 urtetik gora: 47,20€.
Familiarra: 71,40€.
Bazkide ez direnak:
18 urtetik behera: 57,60€.
18 urtetik gora: 93,35€.
Familiarra: 141,80€.
*Bonoak kiroldegian eskatu.
EGUNEKO SARRERA
6 hilabete arte: doan.
3 urtetik behera: 2,40€.
18 urtetik behera: 5€.
18 urtetik gora: 7,30€.
*Taldeentzat prezio bereziak.