«Minutuko 3 bat plaza egin nahiko nituzke»

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 7a, 02:00

Desafio berezia izango da bihar, arratsaldeko 18:00etan hasita, Osiñagako festetan. Imanol “Paollaren” Lautxuri zaldia Astigarragako Emarri emakume taldearen kontra ariko da harriari tiraka, zeinek plaza gehiago egin.

Ez da lehenengo aldia Imanol Paollak zortziko emakume talde honi desafio egiten diona. Orain dela 2 urte Spirit zaldiarekin bota zien desafioa, Ergobian, eta galdu egin zuen orduan. Oraingoan, Lautxuri zal­diarekin ariko da. Honek 20 minutu izango ditu, 800 kiloko harriarekin ahalik eta plaza gehien egiteko. Emakume taldeak, berriz, 30 minutu izango ditu, eta harriak 550 kilo pisatuko ditu. Barre artean, Paollak dio «jokoan dagoena ohorea» dela. «Garrantzitsuena da giroa sortzea, eta jendea joatea».

Azkenekoan galdu, eta orain berriro ere desafioa zuk bota?
Taldean parte hartzen duten emakumeak ez dira berdinak eta, hortxe sortu, aitzakia! Zal­dia ere ez da berdina izango!

«Beti ematen dugu bentaja, pertsona animaliarekin ez baitago konparatzerik. 8 gizon baino gehiago izan daiteke zaldia».

Spirit erretiratuta daukazu?
Bizkaian ibilitakoa da Spirit, federazioak antolatutako desa­fio edo probetan eta. Hasi zen esaten ezetz, nik tiratzeko! Erakus­taldietarako erabiltzen dugu oraindik, baina des­kantsua eman diogu. Bederatzi urte dauz­ka, eta etxeko gurdiari tiraka ibiltzen da gehienez ere. Orain, gazteak egin behar du lan.

Lautxuri ere Bizkaian entrenatutakoa da?
Oraindik ez. Lautxurik bost urte dauzka. Ondo erakutsi behar zaio lehenengo, eta horretarako, hemengo harri ttikia onena. Hurrengo urtean eramango dugu Bizkaiara.

Nola entrenatzen da zaldia horrelako proba eta desfioetarako?
Normalean, orain, udara al­dera astean bitan entrenatzen dugu. Neguan igual gutxixe­ago, baina hortxe. Gomazko erruedari tiraka ibili behar izaten du, 300 bat kilokoa. Ibiltzea da garrantzitsuena, askotan entrenatzea, eta ez zenbat kilo daramazkin. Segun zein lurretan ibili ere begi­ratzen da. Errueda gomazkoa da, eta lehorrean gehiago hel­tzen du.
Nola ikusten duzu Lautxuri?
Inguruko probetan aise mol­datzen da, hemengoa harri ttikia izaten baita. Ikasteko eta entrenatzeko horixe onena; harri ttikia. Bizkaian, adibidez, probak zailagoak izaten dira: plaza luzeagoak, kilo gehiago, federazioak an­tolatu eta kon­trolatzen ditu probak...

Nesken taldeak ordu erdi izango du 550 kiloko harriarekin ahalik eta plaza gehien egiteko. Lautxurik, 20 minutu, eta 800 kilo.

Bihar zer gertatuko dela uste duzu? Zaldia ala emakumeak izango dira gehiago?
Bihar, nahiko lan! Dena da kontuan hartzekoa: indarra, erresistentzia, eguraldia, pla­za­ko lurra... Hala ere, beti ematen dugu bentaja, pertsona animaliarekin ez baitago kon­paratzerik. Zortzi gizon baino gehiago izan daiteke zaldia. Nahiz eta zaldiak 550 kilo pisatu, eta 8 pertsonak denen artean gehiago pisatu, gehiago da zaldia.

Aiert, zure ustez zer gertatuko da bihar? Ibiltzen al zara zu zaldiarekin?
Aiert: Entrenatzen eta, aritzen naiz etxean. Gustatzen zait. Zaldiak irabaziko duela esan beharko dut!
Paolla: Horixe! Etxekoaren al­de, beti!

Osiñagako plaza txiki samarra ez ote den...
Ni moldatuko naiz. Baina ea zer gertatzen den neskekin. Nik uste dut haiek ere mol­datuko direla, igual poli­kixeago joanda, edo.

Eguraldiak, edo lur motak ere izango du eraginik, ezta?
Osiñagan hormigoizkoa da lurra, eta hormigoiaren kontra jotzean harriak pasta moduko bat egiten du. Horrek gehiago frenatzen du. Beraz, lurra lehor, hobe denentzat! Baita ikustera gerturatzen dire­nentzako ere!

Izango al da ezer jokoan?
Jokoan, jokoan... (barrez). Oho­rea dago jokoan! Baina ga­rrantzitsuena da jendea ger­tu­ratzea, biltzea, eta ikus­kizunarekin gozatzea. Giroa jartzea.

Irabazi ala ez, helbururik jarri diozu zure buruari?
Minutuko 3 bat plaza egin nahiko nituzke; 20 minututan  60! Ikusiko da!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!