( Elias Miner Villanueva ) Azken urteetan errepresaliatuen senideen aurkako erasoak areagotzen joan dira, frantziar zein espainiar estatuek hartu duten bidea independentziaren aldeko mugimendua suntsitzea dela argi utzi dute.
Horrela ulertzen da azken urte hauetan errepresioa areagotzeko erabakia. Gure senideek bizi osorako kondena bete dezaten legeak asmatu dituzte, kondena bete dutenak espetxean 30 urte betetzera behartzen dituzte eta beste batzuei 40 urtetako kondenak ezartzen dizkiete. Ez al da ba hau bizi osorako espetxe zigorra?
Errepresioaren areagotzean beste pauso bat preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduaren ilegalizazio eta espetxeratzea izan da, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren desagertaratzea bilatuz.
Eta azken aldian adierazpen askatasuna ere kaletik desagerrarazi nahi dute, Euskal Herriko errealitatea ezkutatuz.
Existitzen ez den lege bat asmatu dute euren mendeku gosea asetu eta ustezko aldaketa baten irudia eman ahal izateko. Jipoitu gaituzte, mehatxatu gaituzte, iraindu gaituzte eta isunak jarri dizkigute; baina euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarriak kalean jarraitu du, eta jarraituko du. Euren obsesioak duintasunezko hesi batekin egin du topo.
Guk, aldiz, maitasuna, elkartasuna eta gure senide eta lagun presoen eskubideen defentsaren aldeko hautua egin dugu. Horiek horrela, ez dugu gu iraintzea onartuko. Izan ere, azken aldian hainbat politikariek egindako adierazpenek iraintzen gaituzte. Euskal herri osoan milaka garen eta batik bat espetxe barruan hildako 21 euskal preso politikoen senideei.
Guzti honegatik herritarroi dei egiten dizuegu herrian martxan den elkartasun kanpainarekin bat egitera. Errepresaliatuen errealitatea kalean izango da, modu batera edo bestera, baina herriko balkoietan ´Euskal preso eta iheslariak´ banderola jar dezazuen nahi dugu, elkartasuna desagertarazi nahi duten honetan inoiz baino nabarmenago ikus dadin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!