«Euskeraren zapalkuntza aspaldi hasi zen, eta oraindik ez da bukatu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 22a, 01:00

Zilegi eskolak antolatuta, David Anautek Euskararen kate hautsiak liburua aurkeztu zuen lehengo asteburuan Hernanin. Euskerak ehundaka urtetan jasan duen zapalkuntzaren hainbat adibide jaso ditu bertan. Bestalde, euskera zapalduta izan duten kateak hausteko euskaldunek egin dituzten ahaleginen berri ere ematen du. Hau guztia, hainbat euskaldunen testigantzen bidez. Liburua Euskal Memoriaren Fundazioak argitaratu du.

David Anaut Hernanin izan zen lehengo asteburuan, Zi­legi Eskolak antolatuta, Eus­ka­raren kate hautsiak liburua aurkezteko. Euskal Memori­aren Fundazioak urtero liburu monografiko bat ateratzen du, eta hauxe da argitaratutako azkena, David Anaut berak idatzia. Liburua eskuratzeko Euskal Memoriaren Fundaziora deitu eta harpidedun egin behar da, ez baita dendetan saltzen. Izenburuaren zentzu bi­koitza azalduz eman zion hasiera hitzaldiari Anautek, liburuan jasotzen diren bi alderdiak azaltzen baititu, aldi berean. Euskerak urteetan jasandako zapalkuntzari buruz hitz egiten da, batetik, eta ondorioz, euskeraren katea hautsi izanaz. Bestetik, ordea, euskaltzaleek zapalkuntza horri aurre egiteko egindako ahaleginaz hitz egiten du, hau da, euskera zapaltzen zuten kateak hausteko egindako ahaleginaz.

«Euskeraren zapalkuntza konstante historiko bat izan da»
Gure hizkuntzaren zapalkun­tzaz hitz egiten dugunean, as­kotan frankismoa etortzen zai­gu burura, horixe izan zelako euskeraren kontra egin zen garai nabarmenena. Baina Anautek esan zuen «euskeraren zapalkuntza kons­­­­tante historiko bat izan» dela; «iparraldean ez zen frankismorik izan, baina bai zapal­kun­tza». Hori garbi erakausten du­ten hainbat lege edota dekretu bildu ditu liburuan, idazleak. «Duela 2000 urte euskera bazen. Beste herri batzuk etor­tzen hasi zirenean, euskera toki batzuetan desagertzen hasi zen pixkanaka. Baina ez kasualitatez. Euskara Jendea dokumentalean, adibidez, ikus­ten da nola enperadore erromatarrek argi ikusten zuten inperioa zabaltzearekin batera latina ere zabaldu behar zela. Bestalde, Errioxan bada dekretu bat baimena ematen duena merinoekin euskeraz egiteko; seinale, lehenago ukatu egin zitzaiela. Huescako merkatuan ere, XIV. mendean debekatu egin zen euskeraz egitea». Dokumentu idatzi asko eta asko jasotzen dira liburuan, eta, beraz, ukaezina da zapalkuntza hori urteetan gertatu dela. Baina Anauten ustez, zi­klo hori ez da bukatu. «Eus­keraren zapalkuntza as­pal­di hasi zen, eta oraindik ez da bukatu. 2003an Egun­karia itxi izana, zapalkuntzaren kate ho­rretan sar­tzen da. Edota Ipa­rraldean ikastolekin gerta­tzen ari dena, edo Nafarroan D ereduko eskolen inguruan Guar­dia Zibilak txostenak egitea».

Bi modutako zapalkuntza: nabarmena eta ezkutukoa
«Hizkuntza baten zapalkun­tza da hizkuntza, hiztuna edo­ta komunitatea baztertzeko edo azpiratzeko egiten den ekintza: liburuak erretzea, hizkuntza jakin batean egiten duena jotzea, hizkuntza bat erabiltzea debekatzea...». Eta zapalkuntza hori egiteko bi modu daude, Anauten arabera: «batzuetan oso agerikoa da, frankismoan gertatu zen modukoa, baina beste ba­tzuetan diskretoagoa da». Bi zapalkuntza mota ho­rien adibideak jasotzen dira liburuan. «Frankismoan oso adibide argiak daude: Si eres español habla español zioten kartelak, eskoletako zigor fisikoak, fusilatuak, gertatutakoen testigantzak, euskaltzaleei ilea moz­tea, kartzelaratzeak... Fran­­kismoaren garaian debekatu zuten Olentzero Do­nostian, baina orain dela gutxi gauza bera egin zuten Iru­ñean. Bilbon sekulako isunak jartzen zizkioten euskeraz hitz egiten zuenari». Beste zapalkuntza modu diskretoaren adibideak ere asko dira: «1536ko Frantziako lege batek esaten zuen administrazioan frantsesez soilik egin zitekeela. Gipuzkoan, berriz, administrazioan lan egiteko idazten jakin behar zen, eta hori, noski, gazteleraz egiten zen. 1700 urtetik aurrera, ordea, are sofistikatuagoa bihurtu zen zapalkuntza hori. 1717ko Kataluniako estrategia batek zioen lortu behar zela jendeak bere hizkuntza utzi eta beste bat hartzea, baina nabaritu gabe. Iraultza Fran­tsesaren garaiko hizkuntzen inguruko txostenak ere oso gogorrak dira. Derrigorrezkoa bilakatu zen armadara joatea, baita euskaldunentzat ere, eta pentsatu zuten horrela frantsesez egiteko ohitura hartuko zutela, eta herrira joatean ere hala jarraituko zutela. Hori ez zen kasualitatea izan, ondo planifikatua zuten».

Zapalkuntza sistemak
Zapalkuntza horretarako sistema asko erabili dira, eta eskola izan da horietako bat, Anauten esanetan. «Eskolaren ondorioa oso latza izan da hizkuntzarentzat. Askotan pen­tsatu da eskola faktore neutroa zela, baina ez. Atzean izen-abizenak daude, erabakiak. Erromata­rren garaiko eskolak elitistak ziren. Baina XVII. mendetik aurrera zabaldu egin ziren, eta XIXgarrenetik aurrera, unibertsalizatu. Eus­kal Herrian, atzora arte eskola erderaz izan da beti: gazteleraz edo frantsesez. Oso eraginkorra izan da hizkuntza za­paltzeko. Eraz­tuna ikur bat izan da horretan. Eta lehenengo testigantzak duela 300 urtekoak dira; azkenekoak, frankismo garaikoak. Barne lotsa sortzea lortu zuen, lagunak zelatatu eta salatu behar izateagatik». Euskera zapaltzeko sistema psikologiko edo ideologikoek ere asko funtzionatu du­te. «Hiz­kuntza modernoa, kulturarako balio duena, progresoa ahalbidetzen duena, erdera da, eta euskera atzerapena da, in­kultoa, baserrikoa. Ez du ezertarako balio. Horrek burla eta gaitzespena sortu du. Eta okerrena, askotan euskaldun elebakarrari burla egin diona bes­te euskaldun bat izan dela. Hori izan da kolonizazioaren gailurra». Anautek dio badirela 500 urte zapalkuntza hori egiten dela, hedabideekin, literaturarekin, ingurune intelektualetatik... «Unamunorena adibide garbia da. Euskera ikasi ere egin zuen. Baina gero, ez dakigu oso ondo zer gertatu zi­tzaion euskerarekin, katedra bat lor­tzeko Azkuerekin izandako lehia galtzea-edo, eta euskera mespretxatzen hasi zen: etorkizunik ez zuela, ez zuela balio zientziarako...». Eta gaur egungo adibideak ere ez dira falta: «Mayor Orejak 2009an esan zuen pozik zegoela bere birraitonak etxean euskera erabiltzea de­bekatu zuelako, gaztelera ikasteko. Ikuspegi harri esker lortu omen zuen familia osoa kortan eta herrian itxita ez geldi­tzea. Hori egin izan ez balu berak herri hartan jarraituko lukeela zioen, eta ondorioz, abertzalea izango litzatekeela eta bere burua gorrotatuko lukeela».

Euskalgintzaren bi aroak
Liburuaren bigarren partea alaiagoa da, euskalgintzari bu­ruzkoa. Batetik, 1875etik, Ge­rra Karlistak bukatu zirenetik Ge­rra Zibila hasi arteko pizkunde garaia jaso da. Eta bestetik, gaur egungo euskalgin­tzaren oinarriak jarri zituen garaia, Gerra Zibilaren ondorengoa: 60ko hamarkadatik aurrerakoa. «Oso momentu interesgarria izan zen. Beharbada oso gauza solteak izan ziren, intuitiboagoak, planifikatu gabeak, eta gero hasi ziren koordina­tzen eta egiturak sortzen. Ikas­tolak, Rikardo Arregik bul­tzatuta euskaldunen alfabeta­tzea, unibertsitatea, hedabideak, kulturgintza, euskera batua sortzea, erakundetzea, irratigintza, kantagintza, literatura, ikastolen festak, bertsolaritza... Mugimendu oso haun­dia izan zen 60tik aurrera. 78an egin zen Bai Euskarari San Mameseko estadioan. Globo bat izan zen hura. Eta 20 urte geroago, Kontseiluak Euskal Herriko bost estadioak bete zituen». Euskalgintzaren bi aldi ho­riek faktore berak bultzatu zi­tuen: «zapalkuntzaren aurkako erreakzioak ekarri zuen hau guztia. Larritasunak mu­gitzen gaitu euskaltzaleok. Presio haun­dia izan du euskerak. Ga­rai bateko gure inguruko hizkuntzak desagertu egin dira, eta hemen egon da horrelako barne indar bat hizkuntzari eusteko. Zapalkuntza egon da alde batetik, baina, bestetik, herri bat, erabaki duena iraun eta bere hizkuntzari eustea».

Zapalkuntzaren froga: protagonisten testigantzak
Zapalkuntza hori izan dela ukatu dutenak ere badira. «Juan Carlos erregeak 2001ean esan zuen: `gurea ez da sekula inposatutako hizkuntza izan. Aitzitik, elkargunea izan da. Ez da inoiz inor behartu gaztelaniaz egitera. Hango eta hemengo herriek borondate askez bere egin zuten Cervantesen hizkuntza´. Kasu horretan ez zen euskerari buruz bakarrik ari, baizik eta Amerikako herriei buruz. Baina euskeraren kasuan ere minorizazio prozesu bat egon da. Euskerak iraun du, baina gutxitzen joan da, espazioa galdu du, eta zapalkuntza gabe hori ezin da esplikatu». Liburuan bertan jaso di­tuen lekukotasunak dira froga garbia, jasota dauden lege eta dekretuez gain. «www.aho­tsak.com atarian testigantza asko daude, baita hernaniarrenak ere. Adibidez, neska bat ikasketa tituloa jasotzera joan zen Madrilera, 1957an; Amaia. Amaiera. Bere izena kendu eta Maria Fin jarri zioten tituluan. Noraino iritsi ziren beren paranoia horretan!». Hernanin izan zen liburuan bere testigantza eman zuenetako bat ere, Kon­txi Bei­tia irakaslea, Elbira Zipitria­rekin ikasi eta Pasaiako ikastola martxan jarri zuena: «ikastolen sorreran eta beste hainbat kontutan zailtasunak izan genituen, baina isilean gorde ditugu. Ez dugu gogoratu nahi izan. Liburu honetan parte hartzeak ahaztuta neukana gogorarazten lagundu dit. Antza daukagu borroka horretan ibili garenok: euskerak bultzatu gaitu borrokara. Nik euskera etxean ikasi nuen, Pasaian, baina batxilerra egitera Donostiara joan nintzenean ahaztu egin nuen. Ordurako ez zegoen eraztunik, baina euskaldunen aurkako zer edo zer bazen. Magisterio bukatuta, Elbira Zipitriarengana jo nuen. Hark garbi esan zidan: `bi urte dituzu euskerara hurbil­tzeko. Zure geneetan, hortxe dago hizkuntza´. Eta hala izan zen».

Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu
Liburu honek zertarako balio dezakeen ere azaldu zuen David Anautek. Bere hitzetan, «asmoa ez da inor salatzea euskera zapaltzeagatik, edo juizio bat irikitzea, edo... Ez. Honek etorkizuna eraikitzeko balio behar du». Gertatu zenaren berri baldin badakigu, eta horri aurre egiteko moduak ezagutzen baditugu, asmatuko dugu aurrera egiten jarraitzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!