«Etxean antzezteak beti gehitzen du urduritasun punttu bat»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 16a, 01:00


Hiru obra ikusteko aukera izango da astearte, asteazken eta ostegunean: Hiru, Terapias eta Kokakola eta barea. Lehe­nengo bietan arituko dira lanean Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreak.
Hernaniarrak direla aipatu dugu askotan, eta «arraro» egiten zaiela diote. Bergara­rra da Laskurain, eta lekeitiarra Gojenola. Baina Hernanin an­tzezteari buruz ari direnenan, «etxean» antzezteaz hitz egiten dute. «Egia esan, bizi­tza erdia baino gehiago daramagu Hernanin!».
Aktore lanetan, berriz, bi­zitza osoa daramate. Pertso­naia askoren azalean sartu di­ra, eta badira oraindik izenez nahasten direnak ere: «Ba­tzu­etan, Felix! edo taxista! entzutean burua jiratzen dut, ba­daezpada!», dio Laskurai­nek.

Hernaniar egin zaituztegu!

M.L.: Neri oraindik arraro egiten zait batzuetan!
M.G.: Baina egia da bizitza erdia baino gehiago darama­gula hemen! Pentsa, 18 bat urterekin Donostiara etorri ikastera, eta azken 24 urte inguru, Hernanin!

Zuen artean bizkaitarrez egiten duzue, eta nola moldatzen zarete euskera batuan antzezteko?
M.L.: Inprobisatzeko kosta egiten da batzuetan, baina testuak buruz ikasteko ez dago arazorik.
M.G.: Testu gehienak batuan izaten dira eta ohituta gaude. Zailtasunik ez dugu. Egokitu egiten gara toki guztietara.

Noiz hasi zineten aktore lanetan? Gehienek Goenkalen gogoratuko zaituztete...
M.G.: Oraindik Amaia eta Felix bezala gogoratzen gaituzte, eta normala! Nik 6 urte egin nituen han, eta Mikelek 4 eta erdi. Gainera, hasierako ur­teak izan ziren, potenteenak.
M.L.: Telesailak egiteko mo­duan aldaketa egon zen, egu­nerokoak ziren...

Eta jarraitu egiten du! Arraroa da?

M.G.: Nik normal jotzen dut. Eguneratuta dago, gizartean dauden gaiak agertzen dira...
M.L.: Oraingo Goenkalek ez dauka zerikusirik lehengoarekin! Oso desberdina da.
M.G.: Gainera, merkea da eta funtzionatzen du. Zailagoa da berria sortzea.
M.L.: Hobea den bat eduki arte ez duzu zaharra kentzen!
M.G.: Eta badakizu zenbat jenderi ematen dion lan?

Goenkale aktore askoren tranpolin izan da. Zuentzako ere bai?
M.L.: Edozein lanek eramaten zaitu beste batera. Telebistak lagundu egiten du.
M.G.: Baina antzerkirako ez da hainbesteko tranpolina. Lehe­na­gotik ere ezagutzen genuen elkar hainbat aktore eta konpainiek.
M.L.: Bai. Ez bada gala baterako edo horrelako zerbait...
M.G.: Gazteentzako igual bai dela tranpolina.

Madrilera salto egiteko?
M.L: Horretarako ate-joka ibili behar da. Guk ez dugu ho­rrelakorik egin! Zer pereza!
M.G.: Momentuz zortea izan dugu, eta ez dugu horrelakorik behar izan. Gainera, gero umeak etortzen dira...
Orduan, Goenkale baino lehenago eta geroago, egon dira beste lan batzuk, ezta? Zein gogora­tzen duzue bereziki?
M.L.: Goenkale baino lehenago Hor dago koxka saioan aritu nintzen, eta Baietz barrez lehertu saioko taxista izan nintzen. Baina horrelako klik berezi bat egin nuen buruan Ixa bakarrizketarekin. Orduan hasi nintzen gauza asko ulertzen; interpretazio lana ulertzen. Hor nabaritu nuen. Gustora aritu nintzen pertsonaia dominatzen. Bestalde, kaleko an­tzerkiak ere asko markatu nau. Trapu Zaharrak konpainiarekin, 12 urtetan 12 espektakulu egin ditut.
M.G.: Horrela galdetuta... Eta ohea egin gabe ikuskizunarekin gogoratzen naiz. Eta Charlote­kin. Ondo pasatzen genuen. Baina nik egunerokoan jartzen dut garrantzia, eta orain, Hirun oso gustora nago.

Zer duzue nahiago, telebista ala antzerkia? Kalekoa ala aretokoa?
M.G.: Obraren araberakoa da.
M.L.: Niretzat aretoko antzerkia kalekoa baino erosoagoa da, eta orokorrean gustorago egoten naiz. Baina azken batean, lan-taldearen, pertsonaiaren... araberakoa da.

Nola sartzen da bat aktore? Nola hartzen dute hori etxean?
M.G.: Antzerti eskolan ezagutu genuen elkar, eta klaseko kideen artean sortu genuen Hika antzerki taldea. Hortik hasi ginen. Nik txiki-txikitatik izan nuen buruan horrelako zerbait egin nahi nuela, baina uste nuen sekula errealitate bihurtuko ez zen horietako zerbait izango zela. COU bu­katutakoan esan nien etxekoei ez nuela ezer ikasi nahi, eta uda josten pasatu nuen, an­tzerkian nola sartu pentsa­tzen. Eta hara. Antzerti eskolan sar­tzeko probak egingo zituztela irakurri nuen egunkarian eta hantxe aurkeztu nintzen. Ai­tak hasieran esan zidan: baina, titiritero ibili behar duzula? Nola ba! Kalean imajinatzen ninduen, ahuntzarekin eta...
M.L: Ni magisterio egiteko ai­tzakian joan nintzen Donos­tiara, baina etxekoak kontsolatzeko besterik ez zen! Hala ere, berehala lasaitu ziren, bizimodua ateratzen nuela ikusita.
 
Lan erraza da? Bizitzeko nahikoa?
M.L.: Ohitu egiten zara etorkizuna ez ezagutzera. Eta orain arte beti suertatu zaigu zerbait.
M.G.: Beti eduki dugu zerbait baina beti pentsatzen dugu gerokoan. Ez gara geldi, zain egoten: klaseak eman, argi-teknikari lanak...
 
Zenbat lan egin behar izaten dira batera?
M.L: Ni momentuan 5 espektakulutan nabil, aretoetan nahiz kalean, eta Miren bitan.

Osasuntsu daude euskal antzerkia eta telesailak?
M.L.: Telebista asko jaitsi da. ETB desastre bat egina dago, ez dago dirurik.
M.G.: Baina antzerkia bai; aktore eta lan gehiago dago orain, eta kalitate onekoa. Estatu mailan oso baloratua.

Hernanin, ‘etxean’ antzeztea berezia da?
M.L: Beti gehitzen du urduritasun punttu bat. Jende ezaguna ikusten duzu publikoan eta alde edo kontra joka dezake.
M.G.: Errespetua ematen du.
M.L.: Baina nik laugarren pa­reta dut obra honetan, eta ez dut publikoa ia ikusten!

Etxean segidarik izango duzue?

M.L.: Semeak ez dira sekula gu ikustera etortzen! Beti da egun txarra!
M.G.: Baina nik uste dut barru-barruan interesatzen zaiela. Gero beti galdetzen digute.
M.L.: Gu Kontrako eztarrian ateratzea nahi dute! 

Miren Gojenola: «Gorputzari eutsi beharra egin zait zailena eta politena»
Abokatu serio eta arduratsu baten pa­pe­ra betetzen du M­i­ren Goje­nolak Hiru an­tzezlanean. Dena antolatua duen per­tsona horietakoa da, dena ondo neurtzen duena, ezustekoei tokirik uz­ten ez diena. Di­bor­tziatu egin berri da, eta bere buruan ez da inolaz ere sartzen haurdun gelditzea.
Baina gauza bat dela eta bestea dela, be­ra ere haurdun gel­dituko da. Transformazio bat izango du bere pertsonaiak obran zehar.
«Denetik daukan per­tsonaia da. Inter­pre­tatzeko garaian esa­je­ratua naiz ni, asko erabiltzen dut gor­putza, asko mugitzen naiz. Baina he­men eutsi egin behar izan diot. Kontrol hori edukitzea gustatu zi­tzaidan, nahiz eta zaila ere egin zitzaidan. Gero, transformazio bat duen per­tsonaia denez, liberatu egiten da. Mo­mentuan egiten ari naizen lanean pen­tsatzen dut normalean. Oso gustura nago orain, Hirun».

Mikel Laskurain: «Oso eroso nabil antzezlan honetan, tontakeriatan»

Psikiatra ero baten azalean sartzen da Mikel Laskurain Te­ra­pias an­tzezlanean. Te­rapia psikoanalista baten bidez, lagundu baino, nahastu egingo ditu bezeroak.
Beze­ro­­en lagunek, gai­­nera, beste terapia  bat ja­rraitzen dute, beste terapeuta ero batena, eta, on­dorioz, nahasmen haundiagoa sortuko da lagun edo erdi bikoteen artean.
Beren identitaea ezagutu eta argitzeko bidea oztopoz beterik aurkituko dute, eta psikoanalisiak muga-mugan jarriko di­tu. Muturreko egoera dra­matikoetara iritsiko dira, ia erotzerainokoetara, baina umorea behin ere galdu gabe.
«Ni oso eroso nabil obra honetan, gustora, tontakeriak egiten! Gai­ne­ra, ez daukat hainbeste lan ere. Bi protagonista daude, eta nire papera ez da potoloetakoa. Des­kantsatu eta guzti egiten dut, es­zena batetik bes­terako tar­tean! Etxera deitu ere bai, batzuetan!».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!