Plenoak gogor salatu du abortoaren legearen erreforma

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 30a, 01:00

Espainiako Ministroen Kontseiluak proposatu berri du abortoaren legearen erreforma, kritika sorta jaso dituena. Atzo Hernaniko Plenoak gogor salatu zuen erreforma hori, eta 8 eskaera onartu zituen. Plenoak aho batez onartu zuen aurrez Bozeramaileen Batzordeak onartua zeukan mozioa.
Bildu, EAJ eta PSE-EEren izenean aurkeztu zen mo­zioak funtsean dio, erreforma horrek emakumeen autonomiaren kontra egiten due­la, «edo bestela esanda, oinarrizko giza eskubide gisa onartutako eskubide sexual eta erreproduktiboen aur­ka...». Gaur egungo kasuistika ere aipa­tzen du mozioak. «Gaur egun haurdunaldia bilatu gabe (nahi izan gabe) haurdun geratzea da arrazoi nagusia haurdunaldia etetzeko. Pro­posamen honekin ema­kume horiek guztiak be­hartu egin nahi dira ama izatera. Malfor­ma­zioak edo gai­tzak identifikatutako kasuetan ere haurdunaldiarekin jarraitzera be­har­tzen ditu emakumeak».

«Jaio ez denaren eskubideak defendatzearen aitzakian...»
Plenoak adierazi zuen, prebentzioa landu beharko litzatekeela gehiago, baina ez dela egiten. Jakinarazi zuten, era honetako lege «murriztaileek» ez dutela abortu ko­purua gutxituko, eta «klandestinitatera joatera» behartuko dituela emakumeak. Funtsean, PPren gobernuak emakumeen eskubideak zapaldu nahi dituela adierazi zuten, «jaio ez denaren eskubideak de­fendatzeko aitzakian».
Eskaera eta aldarrikapen hauek egin zituzten, baita ere: Espainiako Gobernuari eskatu zioten atzera egin dezala berehala; aldarrikatu zuten, haurdunaldia etetzeko baldintza nagusia izan dadila emakumearen borondatea; Eusko Jaurlaritza eta Nafa­rroa­ko Gobernuei eskatu zi­tzaien emakumeen askatasuna berma dezatela, lege-babesa, osasun-babesa eta babes soziala emanez; aldarrikatu zuten osasun publikoak bere baitan hartu behar dituela kasu horiek; errekonozitu zuten mugimendu feministak eta emakumeen mugi­men­duak egindako lana; eta herritarrei dei egin zieten, kontraerreforma honen aur­ka egiten diren mobilizazioetan parte hartzeko.  

Jokin Nazabal, Udal Euskaltegiko zuzendaria
Plenoan beste gai batzuk ere landu ziren. Besteak beste, hiru urtean behin aldatzen da Udal Euskaltegiko zuzendaria, eta Plenoak aho batez erabaki zuen datozen hiru urteetan Jokin Nazabal izatea.
Erregu eta galderen tartean, besteak beste, Aramburu enpresako langileek adierazi zioten Plenoari zortzi hilabate daramazkitela kobratu ga­be, eta babesa eta laguntza behar dituztela.
Herritar batek adierazi zu­en, herritarren dirua nora joaten den argiago esan beharko lukeela Udalak, eta 30 urte daramazkiela ezker abertzaleak gobernatzen «sekretismoan». Alkateak adie­razi zion, eskaera zehatza egin eta erantzungo zitzaiola.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!