Orain 20 urte... tabernako bertsoak indarra hartu zuen

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 18a, 01:00

Astero aritzen dira, eta kalean dabilenak ezagutzen ditu. Gaua eta taberna di­tuzte gustoko, ordu txi­kiak nahiago, eta laguna behar dute ondoan, eta tragoa, ahal bada. Tabernetako ber­tsolariek kasta berezia dute, eta bereiztasun hori urtero ikusten da Hernanin, Garin tabernan, euren egun haun­dia izaten baitute: jende aurrean elkar probatzeko eguna: Tabernetako Bertso­la­rien Txapelketa. Bihar jokatuko da Taber­netako Bertsolarien Txapel­ke­ta, 19:00etan, Garinen, eta gutxienez 11 bertsolari ariko dira, bihar azaldu litezkee­nak kontatu gabe. Elur Txori elkartean dute bazkaria, eta bazkal ondoan elkar pixka bat probatuta azalduko dira seguruenera, Garingo tabla­du­ra, lehendik ere plaza hori ondo ezagutzen duten ur­tean behingo protagonistak: Oier, Oxan, Alkorta, Ainge­ru eta Haritz, Otxoto, Iraitz, Xapo, Joseba, Gorkita eta Iñigo. Gai jartzen, Arnaitz Lasarte, eta epaile lanetan: Peruarena, Casado, Zapi eta Muñoa.


20 urte ‘belarriya jaten’
Gaurko errealitatea ere bazen orain dela 20 urte. Tabernetan famatua zen «elkarri belarriya jaten» ari ziren bertsolarien kantua. Zeinenak zuen indar haundiagoa, hori zen kontua. Eta txapelketa egin zuten, 1995ean, eta batenak baino gehiago, dene­nak hartu zuen indarra... gaur ere irauten duena.


1995ean Jarki taberna leporaino bete zen
Hogei urte ez dira berehala pasatzen, eta hogei urte ho­rietan plaza erabat bete izana da, tabernetako txa­pelketaren arrakastarik haun­diena. 1995­ean Iñaki Iurre­baso Iurrek irabazi zuen, Jarki tabernan. Hurrengo biak ere hantxe jokatu ziren eta Olanok eta Txu­riyak irabazi zituzten. Irun­txin, gaurko Tripontzin, Aritz Zerainek irabazi zuen, eta Garinen egin zen lehe­nen­goa Toloxak. Exteban urtero hor izaten zen, eta seigarrena hark jantzi zuen, 2000 urtean. 2001ekoa berezia izan zen, Txapeldunen Txapelketa jo­ka­tu baitzen. Hura, Ereño­tzura joan zen, Zerainen es­kutik. Geroztik hainbat txa­peldun berri izan dira. Oxa­nek merezimenduak eginak zituen urtez urte, eta irabazi zuen bat, 2002an, eta baita bigarrena ere, 2009­an. Txuriya da bi dituen bestea, 2003an jantzi bai­tzuen. Xapo ere ez zen ba urruti izaten... eta 2004koa harentzat izan zen. Leitzara, Astigarra­gara eta Irunera ere joan da txapela, Riaño, Casado eta Ugartek eramanda. Abillatsera berriz, Angelek eraman du, Larre-Gaineran Lasartek, Mar­tinde­gira Ba­rre­netxeak, Osiñagara Iurra­men­­dik, eta Fagollagara, azkena, Pagolak.

AURTEN BERTSOTAN
Azken orduko inkorporazioak kenduta, hauexek izango dira aurten 20garren txapelaren bila lehiatuko direnak: Oier, Oxan, Alkorta, Aingeru eta Haritz, Otxoto, Iraitz, Xapo, Joseba, Gorkita eta Iñigo.

19 txapeldunak

1995: Iñaki Iurrebaso ´Iurre´
1996: Juan Mari Olano
1997: Jon Garmendia ´Txuriya´
1998: Aritz Zerain
1999: Gorka Toloxa
2000: Exteban Martiarena
2001: Aritz Zerain
2002: Jon Altuna ´Oxan´
2003: Jon Garmendia ´Txuriya´
2004: Mikel Lujanbio ´Xapo´
2005: Diego Riaño
2006: Angel Arruti
2007: Arnaitz Lasarte
2008: Urko Casado
2009: Jon Altuna ´Oxan´
2010: Aitor Barrenetxea
2011: Iñigo Ugarte
2012: Oier Iurramendi
2013: Eli Pagola

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!