Kalean da Hernaniko gazteei zuzendutako aldizkari berria: Bit&Behin. Ostiral iluntzean aurkeztu zuten Garin tabernan. Bi hilabetero argitaratuko da eta herriko tabernetan izango da eskuragarri, dohainik. Herriko 6 gazte arduratuko dira aldizkaria osatzeaz eta 5 gai finko landuko dituzte. Dena dela, argi utzi zuten gazte guztiei irekia den aldizkaria dela eta bakoitzak bere ekarpena egiteko aukera izango duela. «Edozein herriko gaztek idazteko aukera izango du, horretarako txoko bat izango baita. Eta hori da garrantzitsua, gazteok badugulako zer esana», azaldu zuten. Horretarako, idatzi: bitanbehin@gmail.com.
Preso eta iheslariak, historia, mundua, feminismoa, lana...
Aldizkarian landuko diren 5 atal finkoak honakoak dira: preso eta iheslariak (harremanetan jarri dira preso, senide eta lagunekin, beraiei ahotsa emateko); Historia (Euskal Herrikoa eta beste herrialdeetakoa); Mundua; Feminismoa; Lana eta etxebizitza.
Orain dela 3 hilabete, lanean hasi
Aldizkaria, Hernaniko Ernaitik sortu da. Orain dela 3 bat hilabete jarri ziren martxan. «Ilusio haundiarekin gaude», diote. Astean behin elkartzen dira gaiak eta edukiak erabakitzeko. «Bakoitzak atal baten ardura dugu, baina azkenean elkarlanean aritzen gara». 200 aleko tiradarekin hasi dira.
Kamixetak, salgai
Bit&Behin aldizkaria dohainik izango da eta aurkezpenean adierazi zuten diru laguntzak ondo etorriko zaizkiela. Hori horrela, diru pixka bat ateratzeko asmoz, kamixetak jarri dituzte salgai, herriko tabernetan.