Pakito Lujanbio eta Inma Noble hernaniarrak atzo gaueko 22:00ak inguruan geratu ziren aske. Auzitegi Nazionalak aurreratu egin zuen ostiraleko Plenoa eta atzo erabaki zuen Parot Doktrina aplikatutako 13 euskal preso aske uztea, horien artean, bi hernaniarrak. Senide eta lagunak zain zituztela atera ziren espetxetik.
Lujanbio Herrera de la Manchako espetxetik atera zen, 29 urte espetxean egin ondoren. 1984an espetxeratu zuten, 2008an zen aske geratzekoa, eta 2014ra arte luzatu zioten zigorra, doktrina aplikatuta.
Noble, berriz, Algecirasetik atera zen, 26 urteren ostean. 1987an sartu zuten espetxean, 2008an zuen ateratzeko data, eta 2017ra arte luzatu zioten espetxealdia.
Kronikako erredakzioa ixterakoan (23:00etan), Hernanira bidean ziren biak.
Kontzentrazioa gaur, Zinkoeneatik.
Preso eta iheslarien senideek deituta, kontzentrazioa izango da gaur 20:00etan, Zinkoenean. Gaixo larriak eta kondena betea duten presoak etxeratzeko eskatuko dute.
Sevillarako, idatziak eta autobusa
Sevillako presoak gose greban daude euren oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko. Hori horrela, egoera salatuz, idatziak bidaltzeko mahaia jarriko dute bihar Kixkaleko izkinan, 12:00etatik 14:00etara. Animatzeko dei egin dute.
Bestetik, Euskal Herriko herri desberdinetatik autobusa antolatu da Sevillako espetxean dauden presoei babesa emateko eta zerrenda Garin tabernan dago. Izen-abizenak eta telefonoa jarri behar dira.