Etxerat elkarteak gogor salatu zuen atzo Herriraren kontrako polizia operazioa, eta beraien haserrea adierazi zuten. «Hona ekarri gaituen gertaera bereziki larria da. «Jada gogorrak diren espetxeetako bizi baldintzak gogorragotzen ari dira. Eta guzti honen aurrean euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak defendatzen ari diren pertsonak atxilotu dituzte. Publikoki lanean ari direnak, eta herritarron babesa dutenak atxilotu dituzte». Horren aurrean zenbait alderdik azaldu duen jarrera salatu zuten. «Haserre gaude, oso haserre. Nola ez gara egongo, Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik eraso hau justifikatzen saiatu direnen jarrera lotsagarria ikusita?».
Etxeratek babesa azaldu zien atxilotu guztiei, eta azaldu zuen, bake prozesuan aurrera jarraitzeko konpromiso osoa duela. Atzean presoen senide eta lagunak zituztela, dei egin zieten herritar guztiei, bihar 17:30etan Bilbon egingo den manifestaziora joateko (autobuserako txartelak Garinen daude).
14 atxilotu aske
Atzo pasa ziren 18 atxilotuak juezaren aurrean, eta horietatik 14 aske utzi zituen (tartean Amaia Esnal Ereñotzuko bizilaguna), eta 4ri fiantza ezarri zien. Karguak mantendu egin zizkien atxilotu guztiei. Horrez gain, Herrirako egoitzak bi urterako ixtea erabaki zuen epaileak.
Mobilizazioak gaur eta bihar: langile eta ikasleek gaur
Polizia operazioaren kontra hainbat mobilizazio izango dira gaur eta bihar.
Denok gara Herrira lemapean kontzentrazioa deitu dute sindikatuek, 12:00etatik 12:30etara, Gudarien plazan. Hara joan ezin diren langileek lantoki aurrean egingo dute kontzentrazioa (deitzaileak: Ela, Lab, Esk, Stee-Eilas, Enhe, Hiru, Cnt eta Cgt.
Hernani BHIko ikasleek ere kontzentrazioak egingo dituzte ordu berean, Agustin Iturriagan eta EPOn.
Pleno berezia Udaletxean, puntu bakarrarekin
Hernaniko Udaletxean Pleno berezia egingo dute, puntu bakarrarekin: Herriraren kontrako operazioaren kontrako mozioa. Arratsaldeko 19:00etan, Pleno Aretoan.
Senideek deituta, 3 zutabez osatutako enkartelada
Hernaniko preso eta iheslarien senideek hiru zutabeko enkartelada deitu dute gaur, 20:00etan abiatuta. Hiru puntutatik abiatuko dira, Plaza Berrira:
1) Etxeberriko bolatokitik hasita, Florida kalea, Gartzia Goldaraz, Agustindarren plaza, Kale Nagusia, Balantxa, Kale Nagusia.
2) Zikuñagatik hasita, Karabel, Balantxa, Kale Nagusia.
3) Portutik hasita, Oindi kalea, Larramendi, Elkano, Kale Nagusia.
24 orduz Plaza Berrin
Horrez gain, gaur 12:30etatik aurrera, 24 orduko Irekialdia egingo dute Plaza Berrin. Oraindik zehazteko daude ekitaldi batzuk, eta gehiago proposatzeko ere dei egin dute eta baita atxikimendua ematera gerturatzeko ere. Ziurrak direnak, honakoak:
Gaur:
12:00 Kontzentrazioa udaletxe parean.
12:30 Plazako kontzentrazioa Plaza Berrira.
14:30 EPO-Institutua, bi zutabe, Plaza Berrira.
Arratsaldean, ume jolasak Plaza Berrin.
19:00 Pleno berezia.
20:00 Enkartelada hiru zutabetan.
21:00 Akanpada gunea prestatu.
22:00 Afari herrikoia (norberak berea eraman behar du).
23:00 Kontzertua+mikro irekia.
00:00 ‘Tximeletak’ dokumentala.
Bihar:
08:00 Kazerolada.
12:00 Argazki masiboa.
Ondoren, Kalez kale kantari.
Xabier Solano, iluntzean
Xabier Solano musikari ereñotzuarrak atxikimendua eman dio ekimenari eta parte hartzekoa da, DJ Zigorrekin. Ordua ez dute zehaztu, baina ziurrenik iluntzean izango da.
Bilbora joateko, txartelak
Bihar Bilboko manifestaziora joateko txartelak Garinen daude salgai, 12 euroan.