Prestatu euskal jantziak, Hernaniko Euskal Jaiak hemen dira!

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 11a, 02:00

Euskal Jaietan murgiltzeko aukera izango da asteburu honetan Hernanin. Hor­re­ta­ra­ko, euskal kulturarekin lotutako ekintza ugari antolatu dituzte, baita garai bateko jokoak berreskuratu ere. Baina benetan Euskal Jaiak bizitzeko, jantziak ere badu zerikusia eta antola­tzaileek dei egiten diete herritarrei, larunbatean euskal jantziak janzteko.
Euskal Jaiak Udalak antolatu ditu Hernaniko 12 talde eta elkarteren laguntzarekin.

Bertako abereak
ezagutzeko aukera

Urtero, ia haur eta heldu guztien arreta bereganatu izan duen abeltzaintza azoka izango da larunbat goizean, Tilo­setan. Bertako abereak ezagu­tzeko aukera izango da: betizuak, pottokak, sasiardiak, euskal oiloak, ahun­tzak...
Horrez gain, egun osoan zehar izango dira: taloak, antzinako jokoak, txakolin probaketa, kantu kalejira, herri kirolak, tailerrak, erromeria, saiheski jatea...

Gazte Asanbladako kideak eta Xiba taldekoak, lehian
Antzinako  jokoetan  proba desberdinak antolatu dituzte eta herriko  neska eta mutilez osatutako bi talde lehiatuko dira. Lehenengo saioan haurrak arituko dira.
Bigarren saioan, talde batean  Gazte Asanbladako kideak arituko dira eta bestean Xiba jokoetan trebatutako Hernaniko koadrila. Jokoak, honakoak: lokotx biltzea, marmitak eramatea, kontrabandista, sagar biltzea kixkiarekin, erropa garbitzea, suiladunen laisterra eta sokatira.
Joko batzuk garai bateko eguneroko zereginekin lotura zuzena dute. Hauen artean azpimarratzekoa da orain 100 urte baino gehiago Hernanin egiten zen suiladunen laisterra.  Aspaldian,  suilak (gaztelaniaz  herrada) ura garraia­tzeko erabiltzen ziren. Herna­niko kasuan, ohikoa zen Leokatik herriko etxeetara ura eramateko ontzi hauen erabilpena. Proba honetan suilak urez beteta buruan jarri eta finkatutako ibilbidean ahal den azkarren ibili behar da. 1909an Hernaniko  Euskal Jaietan egin zen lasterketa hau eta geroztik ohikoa bihurtu zen guda aurreko urte haietan eta San Juan jaietan. Joko honekin batera, lokotx bilketa eta zirrindola karrerak arrakasta haundiz ospatzen ziren eta Udalak nola egin behar ziren araututa zeuzkan.

Musika Bandaren
emanaldia

Musika Bandaren emanaldia izango da larunbata agurtzeko. Kontzertu hau Roberto Pachecok bandako zuzendari bezala egingo duen lehenengoa izango da. Euskal musikarekin osatu dute egitaraua.
Igandean, Sagarra eta Sagardoaren eguna izango da eta Trikitixa Txapelketa ere jokatuko da.

EGITARAUA:
Larunbata
10:00 Abeltzaintza azoka Tilosetan.
11:00 Taloak Iturriaga kalean.
11:30 Antzinako jokoak Tilosetan.
12:00 Txakolin-dastatzea Iturriaga kalean.
12:00 Kantu kalejira Kalez Kale Kantari taldearekin eta Kantuz
abesbatzarekin.
12:30 Erraldoi eta buruhandiak. 
12:30 Herri kirolak Tilosetako
frontoian.
17:30 Haurrentzat tailerrak
udaletxeko arkupeetan.
18:30 Erromeria ‘Jeiki Hadi’
taldearekin Plaza Berrian.
20:00 Saiheski-jatea Plaza Berrin.
20:00  Musika bandaren emanaldia  udaletxeko arkupeetan.

Igandea
09:00 Diana Txistulari
bandarekin.
11:00 Sagardo probaketa
Gudarien plazan.
11:30 Pilota partidak Tilosetan.
12:00 XV. Trikitixa txapelketa Gudarien plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!